Gure Diputatuak

JOSEBA AGIRRETXEA URRESTI

rss Ezagutzera eman

Joseba Agirretxeak bere ideiak argi eta garbi azaltzen dituenetakoa da. Agerian dauka komunikazio munduan ibilbide luze eta zabala egin duela. Hizkerak ere agerian uzten dio ondarrutar jatorria, hantxe jaio baitzen 1966 urtean. Dena dela, Gipuzkoatik aurkezten da hauteskundeetan. Duela 25 urte Donostiara joan zen bizitzera eta hantxe bizi da harrezkero, bere “etxean”.

Bi alabaren aita da. Josebak Ondarroako Zubizahar ikastolan ikasi zuen eta bertan egin zen kirolzale “batez ere garai hartako futbolera zaletu nintzen” gogoratzen du. Oinarrizko ikasketak bukatutakoan batxilergoa eta UBI egin zituen eta Deustuko Unibertsitatera joan zen Euskal Filologia ikastera.

1985ean hasi zen lanean komunikabideen esparruan “orduan ez zegoen ez telefono eramangarririk ezta ordenagailurik ere; telefaxa eta Olivettia erabiltzen genituen” esan du barreka. Askok gogoratu egingo dute  ETBren ‘Kalejira’, ‘Egonean giro’ eta ‘Zuri beltz’ saioetan. Baina berak oroitzapen bereziak gordetzen ditu ‘Irudien doinuak’ irratsaioan lokutore eta zuzendari lanak egin zituen denboretatik. Garai hartan pelikulen soinu bandekin gozatzen zuen, bere pasiorik handienetako bat.

1998 urtean argietatik urrundu bazen ere ez zen komunikazio esparrutik erabat aldendu.Orduan lanean hasi zen hainbat erakunde eta enpresetako aholkulari gisa. Lehenengo eta behin EHU-UPVn eta, bi urte geroago, Localia Televistako zuzendari ondokoa eta produkzio zuzendaria izan zen.

2004 urtean Gipuzkoako Batzar Nagusietako aholkularien taldean hasi zen eta handik egin zuen Eusko jaurlaritzaren komunikazio eta kanpo harremanen arlorako jauzia, Juan José Ibarretxe lehendakari zenean. Baina EAJ-PNVrekiko harremana askoz lehenagokoa du. Gudari baten iloba da eta etxean politika giroa oso bizia izan dela esan digu. 17 urterekin EAJ-PNVren alderdikide egin zen eta, apur bat geroago, 21 urte zituela, Ondarroako zinegotzi izan zen 1987 eta 1991 urte bitartean.

2008an Lehendakaritza utzi zuen eta Kongresurako EAJ-PNVren zerrendan sartu zen. Gipuzkoako diputatu aukeratua izan zen eta Osasun eta Gizarte Politika, Ingurumen, Nekazaritza eta Arrantza eta Berdintasun bozeramaile izan zen. 2012 urtean Eusko Legebiltzar taldean sartu zen berriz Tapia Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikoko Sailburu izendatu zutenean. Ordutik aurrera Agirretxea bera izan da Nekazaritza, Arrantza, Ingurumen, Osasun, Kultura, Gizarte Politika eta Berdintasun arloetarako Euzko Abertzaleak taldearen bozeramailea. Oraingo honetan abenduaren 20ko hauteskundeetarako zerrendaburua izango da Gipuzkoan.

Zinema eta musika maite ditu eta bere pasiorik handienetakoa da pelikulen soinu bandak entzutea. “Ehunka ditut eta abestiaren lehen notak entzutean badakit zein pelikuletakoa den” esan du. Joseba oso kirolzalea da. Mendira igotzea gustatzen zaio eta “lanak uzten didanean” arropa aproposa jantzi eta mendira igotzen da oinez edo txirringaz.

Sukaldaritza zalea ere bada, eta oso trebea da esparru horretan ere; beti dago amantala jartzeko prest. Legatza ondarrutar erara primeran irteten zaio, baina bere sukaldaritza gozatzen dutenei ez zaie gauza bakarra aukeratzea erraz egiten. “Arrainak oso ondo irteten zaizkio, oso oso ondo” esan dute, “eta sukalki eta saltsa guztiak ere bai”. Bidaiek ere zati handia hartzen dute bere bizitzan. Bere helmugarik gogokoena “New York, beti New York”.

Alderdi Eguna 2017
Jarrai iezaguzu Telegramen