Gure Talde Parlamentarioa
Aitor Esteban Bravo
EAJ-PNVren Bizkaiko hautagaitzaren buru izango da Aitor Esteban Bravo (Bilbo, 1962). 2013tik aurrera Kongresuan Euskal Taldeak duen bozeramailea izanik, Euskadiren erreferentzia da Madrilen. Azken legegintzaldietan, lan hori Kanpo Gaietako Batzordeko bozeramaile-lanarekin batera bete du.
Aniztasuna eta txikitasuna maite duen pertsona, gaztetatik egon da politikarekin lotuta. 16 urterekin alderdi jeltzalean afiliatu zen eta lau urte geroago EGIko Kontseilu Nazionaleko idazkari izendatu zuten. Esparru pribatuan ekin zion bere lan-ibilbideari, eta, geroago, Bizkaiko Foru Aldundian sartu zen, bertako bozeramaile eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente izan zelarik. 2004tik Kongresuko diputatua da. Aitor Esteban, gainera, Zuzenbidean doktorea da Deustuko Unibertsitatean, eta Zuzenbide Konstituzionala eta Euskadiko Sistema Instituzionala irakasgaietako irakasle izan da zentro horretan bertan. Amerikako indiar kulturan aditua eta indigenen legerian ikastuna ere bada.