Prentsa Aretoa

2015/12/02

Aitor Esteban: “Abenduaren 20ko hauteskundeetan euskal herritarrok jokoan izango dugu hurrengo hamarkadetako autogobernuari eustea edo indartzea ”

Nueva Economía Forum guneak antolatu duen hitzaldian eta Bizkaiko eta Euskadiko politika, ekonomia eta kultura esparruetako eragileen aurrean, abenduaren 20ko bozketetarako hautagai jeltzaleak esan du oraingo hauteskundeak "berebizikoak" izango direla.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, abenduaren 20ko hauteskundeetarako EAJ-PNVren Bizkaiko zerrendaburuak eta berraukeratua izateko hautagaiak, gaurkoan adierazi duenez "hauteskundeetan euskal herritarrok jokoan izango dugu gure autogobernuari eustea edo indartzea eta, beraz, jokoan izango dugu hurrengo hamarkadetako ongizatea" eta gaineratu duenez "hori guztia dago Madrilen lortuko dugun ordezkaritzaren mende. Diputatu talde indartsua behar dugu  beren ekimen eta bozketetan, aukeratuko dituzten herritar guztien interesa lehenetsiko dutenak".

Estebanek adierazpen hauek egin ditu Nueva Economía Fórum gunean eskaini duen hitzaldian, Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek aurkezpen hitzak esan dituelarik. Ekitaldian izan dira Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Bilboko alkate Juan María Aburto, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkoreka; Osasun Sailburu Jon Darpón, Jose Antonio Ardanza lehendakaria, Bizkai Buru Batzarraren presidente andre Itxaso Atutxa, Senatuan EAJ-PNVren bozeramaile Jokin Bildarratz eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren presidente Jose Luis Bilbao, Bizkaiko eta Euskadiko politika, ekonomia eta kultur esparruko hainbat eragilerekin batera.

“Izen handiko politikaria aurkezten dizuet, laguna aurkezten dizuet" esan du Andoni Ortuzarrek bere aurkezpenean. "Aitor eta biok elkarrekin hasi ginen EGIn duela denbora luze luzea, eta gure ibilbide politikoak elkarren pare joan dira. Aitor, politikaria baino lehen, jurista da. Bizkaiko Batzar Nagusietako letratu izan zen. Politikaria izan baino lehen, bazuen bere lanbidea: Zuzenbide Konstituzionalean Doktore, Foru Zuzenbidean aditua, Deustuko eta Euskal Herriko Unibertsitateetako irakasle izan zen". Jeltzaleen buruak Estebanez esan duenez "Madrilen Esteban izatea  babesa da guretzat. Baina ez dut esaten EAJrentzat soilik: babesa da herriarentzat, Euskadi osoarentzat. Babesa da Aitor bezalako pertsonak  eta Gorte Nagusietako talde osoa Madrilen izatea. Aitorrek horiek denak ordezkatzen ditu: zalantzan jarri ezinezko konpromiso politikoa, baina baita gaitasun profesionalik gorenena ere".

Ortuzarrek era berean azpimarratu du abenduaren 20an EAJ bozkatzea dela "egokiena" Jeltzaleen buruak salatu duenez "EAJ da famatu hark esan bezala ´kandelabroan´ ez dagoen aukera politikoa. Ematen du hauteskunde hauek lau pertsonen kontua dela soilik", baina euskal hiritargo osoa ohartarazi nahi izan du estatuko alderdi handi horiek Euskadin sortarazi nahi duten gezurrezko egoeraren aurrean: "ematen du A-20an Gobernuko presidentea soilik aukeratuko dugula, eta ez da horrela. Euskaldunok apalak izan behar dugu. Kongresuari 18 diputatu emango dizkiogu eta 350 dira guztira, hau da, diputatuen % 5,14. Ordaintzen dugun kupoa baino gutxiago. Euskal hiritarrak hori gara, guk ez dugu Espainiako hurrengo presidentea jarriko. 350 pertsona aukeratuko dira eta guk Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren interesak defendatuko dituzten pertsonak aukeratuko ditugu". Ortuzarrek amaitzeko azpimarratu duenez " EAJren emakume eta gizonen izenak  dira Madrilen Euskadiren interesen defentsara lotuta daudenak. Madrilen Euskadiren ahotsa EAJrena izan da beti. Madrilen EAJ-PNVk baino ez ditu euskaldunon interesak defendatu".

Estebanek, bere aldetik, abenduaren 20ko bozketak "berebizikoak" izango direla esan du eta ildo beretik azpimarratu duenez "kontua ez da presidentea aukeratzea,baizik eta seguruenik Ekonomia Itunaren kontra egingo diren erasoen kontra ondoen egingo duena baizik; Kupoa ondoen negoziatuko dutenak eta AHTren epeak amaitzea behin eta berriz eskatuko dutenak".

Zentzu honetan, eta "azken legegintzaldi honetako esperientzia birzentralizatzailea" gogoratu ondoren, Aitor Estebanek zera iragarri du "arrisku handia dago krisi ekonomikoa Autonomien Estatuarekin berdinketa zapaltzailea egiteko erabilia izateko eta Ekonomia Ituna Espainiaren gehiegikeria eta ustelkeria guztiak ordainduko dituen errugabea izateko" baina baieztatu duenez "EAK-PNVk gogor ekingo dio asmo birzentralizatzaile horrek Euskadiri eraginik egin ez diezaion" eta EAJk Kongresuan eta Senatuan dituen Legebiltzar Taldeen lana goraipatu du. "EAJ-PNV izan da gure autogobernua defendatzeko ekimena eta indarra eraman duena, lege bakoitzaren aurrean borrokatuaz, alternatibak aurkeztuaz, ahal izan den guztietan negoziatuaz eta hitzartuaz. Batzuek, beren goi organoen Estatu mailako estrategiaren mende, eta besteek , zalapartan eta hitz handi eta hutsaletara dedikatuak, ez dute helburu izan euskal autogobernua egunez eguneko jardunean defendatzea" baieztatu du.

Jeltzaleen hautagaiak azpimarratu duenez "Espainia maldan behera doan Estatua da, oraindik erronka politiko,sozialak eta ekonomikoak hausnartu barik dituelako" eta baieztatu duenez "Estatuaren egonkortasun instituzionalerako, tabuak alde batera utzita aztertu beharko dira euskal eta catalunyar auziak, euskal eta catalunyar nazioak eta Euskadi eta Estatuaren  arteko alde biko harremana aitortuz".

Gure Legebiltzar Taldea