Alderdi Eguna 2025

Prentsa Aretoa

2025/03/31

Euzkadi Buru Batzarrak Maribel Vaquero izendatu du Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaile

Aberri Exekutiba berrituak, gaur arratsaldean Sabin Etxean egin duen batzarrean, urnietarra aukeratu du Euskadiren erreferentzia berria Madrilen, bera izango delarik Beheko Ganberan erantzukizun hau bere gain hartzen duen lehen emakumea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euzkadi Buru Batzarra, gaur arratsaldean atzoko Batzar Nagusian aukeratua izan zenez geroztik egin duen lehen bileran, Maribel Vaquero (Urnieta, 1970)  aukeratu du Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaile. Beraz, urnietarra izango da Kongresuko Euskal Taldeak buru izango duen lehen emakumea, eta talde jeltzalearen bozeramailetza Gipuzkoako diputatu baten ardurapean egongo da berriz, Xabier Arzalluz  kargu berean izan baitzen legegintza konstituziogilean.

Aberri Exekutibaren erabakia ezagututakoan, Maribel Vaquero Euskal Taldearen  bozeramaile berriak, berarengan jarri den konfiantza eskertu du eta “ohore eta erantzukizun” handia dela esan du. “Ilusioz heltzen diot erronka honi. Orain arte bezala, Euskadiren ahotsa izango gara Madrilen, euskal herritarren interes guztiak defendatzeko”, esan du. Amaitzeko, eskertu egin du “Aitor Estebanek azken 21 urteotan guztiotan Kongresuan egin duen lan bikaina”.

Vaquero  EAJ-PNVren Gipuzkoako diputatu karguan hasi da legealdi honetan. Aurretik, Euskal Taldeak Senatuan duen taldean izan da bozeramailearen ondokoa bi legealditan, bai eta eusko legebiltzarkidea, Elkarbizitza eta Giza Eskubideetarako zuzendari Gipuzkoako Foru Aldundian, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide eta Urnietako zinegotzi. Zuzenbidea ikasi zuen eta Erakunde Publikoetako gradua egin du.

 

Gure Legebiltzar Taldea