Prentsa Aretoa

2016/08/29

PP-C‘s akordioak indartu egiten du EAJ-PNV alderdiak Rajoyren inbestidurari emango dion ‘ezetza‘

Bi alderdiek sinatu duten agiriaren gaineko lehenengo balorazioa egin ostean, jeltzaleek ohartarazi dute “Euskadirentzat oso kezkagarria dela”.

rss Ezagutzera eman
eaj, pnv, congreso, investidura, rajoy, ciudadanos

ARGAZKIA JAITSI

“Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek sinatu duten akordioak indartu egiten du EAJ-PNV alderdiak Rajoyren inbestidurari emango dion ‘ezetza’”. Horixe da jeltzaleen ondorio nagusia, bi alderdi horiek sinatu duten agiriaren gaineko lehenengo azterketa egin ostean. Agiriaren izenburua honako hau da: ‘150 compromisos para mejorar España’ (“Espainia hobetzeko 150 konpromiso”).

Jeltzaleek ohartarazi duten bezala “Hitzarmenak Alderdi Popularraren azken lau urteetako norabide birzentralizatzailean sakontzen du. Eta hori oso kezkagarria da Euskadirentzat”. Jeltzaleen iritziz “alde batera utzi eta saihesten dituen autonomien gaur egungo Estatua ere arriskuan jartzen du”, eskumena duen gaietan, adibidez, administrazio, hezkuntza eta gizarte esparruetan. Arlo horietan, hain zuzen, Itun eta Estrategia Nazional eta Oinarrizko Lege batzuk proposatzen dira Estatuak eskumenik ez izan arren. Horrez gain zera salatu dute: “bateratzeko eta  berdintzeko legeak bultzatzen dira, Merkatu Bateratua esaterako, eta Lurraldearteko Kontseiluak indartzen dira, autonomia-erkidegoen eskumenak baldintzatuko dituen instantziak izateko asmoz”.

PP-Ciudadanos akordioak “EAJ-PNV alderdiarentzat funtsezkoa den elementu bat alde batera uzten du: erabakitzeko eskubidea”, eta jeltzaleek onetsi “ezin” duten itun bat proposatzen du, ‘Espainia batuaren eta Konstituzioaren defentsaren aldeko ituna, nazioaren subiranotasuna defendatzeko konpromiso irmoa duena’.

Jeltzaleek honako hau adierazi dute: “Errespetua eskatzen dugu gure autogobernuarentzat eta gure lurralde historikoen berezitasunarentzat. Akordio hori eraso zuzena da, eta EAJ-PNV alderdiak ‘ezezko’ borobila emango dio Mariano Rajoyren inbestidurari”.

Era berean, eta eskumenak gorabehera, EAJ-PNV alderdiak kritikatu du “ez dagoela politika industrialik” PP eta Ciudadanos alderdiek sinatutako agirian, eta defizita murrizteko helburuari lotuta “bide beretik jarraitzeko jarrera kezkagarria” erakutsi dutela. Alabaina, EAJ-PNV alderdiak malgutasun eta marjina handiagoak eskatzen ditu Europak ezarri dituen parametroak betetzeko, gero murrizketa berririk egon ez dadin eta ekonomia gelditu ez dadin.

Jeltzaleek berriz esan dute: “Horrek guztiak gehi Alderdi Popularraren azken lau urteek gehi akordioan Ciudadanos alderdia egoteak, hau da, euskaldunen, katalanen eta galiziarren autonomia eta nazio-sentimenduaren aurka egiteko helburu bakarrarekin eratu zen alderdia egoteak ez dute ezer onik iragartzen, akordio hori oinarritzat izango duten Gobernua eratzen bada azkenean. Eta egoera horrek guztiak indartu egiten du inbestidurari emango diogun ‘ezetza’”.

 

 

Gure Legebiltzar Taldea