Prentsa Aretoa

2017/06/13

Aitor Estebanek Pablo Iglesiasi: “Gaur egun dagoen Gobernuarekiko distantzia oso handia izan arren, zure ekimenaren funtsak eta aurkezteko moduek ez digute inolako konfiantzarik sortarazten”

Kongresuko talde jeltzaleko bozeramaileak Podemos taldeak bultzatutako zentsura mozioaren bozketan EAJ-PNVko bost diputatuek abstentzioa bozkatu izana defendatu du eta Iglesiasi deitoratu dionez “botoa ematea eskatu duzu, ezer ez lortzeko eta adostu gabe aurkeztu den eta porrotera kondenatuta dagoen ekimen batean”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaileak, Podemosek bultzatutako zentsura mozioaren bozketan gaurkoan hitz egiteko izan duen tartean baieztatu duenez “gaur egungo Gobernuarekin nahiz eta distantzia handia egon, eta funtsezko gaietan distantzia hori eduki badugu, Podemosen ekimenaren funtsak eta aurkezteko erabili diren moldeek, epe laburrerako dituen helburuek ez digute babesa emateko besteko konfiantzarik sortarazten”.

Estebanek bost diputatu jeltzaleek eztabaida amaitutakoan egingo den bozketan abstentzioa bozkatuko dutela iragarri du eta abstentzioa bozkatzeko erabakia defendatu du. Zentzu berean, Pablo Iglesiasi deitoratu dio ekimena adostu gabe aurkeztu duela eta, gainera, porrotera kondenatuta dagoela. “Horren gutxi landu den proposamena ezin da halako oinarriekin aurrera atera. Keinuen politikak balioa izan dezake batzuetan, baina inora ez doazen keinu hutsen politikak ez dauka inolako baliorik. Benetan da hiritargoaren defentsan egiten den mugimendua ala norgehiagoka jokoa ote da?”.

Aldi berean, Estebanek Alderdi Popularraren gobernuaren “defektuak eta gabeziak aipatu ditu” eta kritikatu ditu “politika zentralista praktikatzeko duen joera, PPren inguruetan agerian geratu diren ustelkeria kasuak, Ministroren batek botere banaketaren printzipio demokratikoaren kontra doazen jardueretan ustez izan duen inplikazioa”, baina era berean esan duenez “gaur egun eragile politiko nagusia da hiritargoak hala erabaki duelako” eta berriro azpimarratu du EAJ-PNVk Diputatuen Kongresuan egiten duen lanaren helburu nagusiena dela “gure hiritargoarentzat kaltegarri jotzen ditugun politikak ezartzea eragoztea, gure hauteskunde egitasmoa, `Euskal Agenda´ deritzoguna betetzea eta printzipio demokratikoak aldeztea, printzipio horietan erabat sinesten dugulako”.

Dena dela, Estebanek berak adierazi duenez, Podemosek “ez zuen gehiengo alternatiboa eratzeko borondaterik” 2016ko abenduan horretarako aukera egon zenean, eta gaineratu duenez “orain ere ez dute gutxieneko ahaleginik egin beste taldeekin adosteko”. Era berean adierazi duenez Podemos oposiziotik politika batzuk aldatzeko egon daitezkeen aukerak eragozten ari da, izapide prozesuan dauden Lege Proposamenei zuzenketak aurkezteko epeak etengabe luzatzea eskatuz, besteak beste Mozal legearen inguruan Euzko Abertzaleak taldeak proposatu duenaren kasuan. “Politiken bidegabekeriez hitz egiten diguzu eta ez duzu Parlamentuan duzun indarra erabiltzen BOEa aldarazteko”, deitoratu dio Podemoseko buruari.

Zentsura mozioaren funtsari eta Pablo Iglesiasen hitzaldiaren edukiari dagokionez, Estebanek gogoan hartu du Estatuaren nazio aniztasuna aitortzen duela baina era berean ohartarazi dionez “Podemosen egintzek, kasu garrantzitsuetan, ez datoz adierazitakoarekin bat” eta horren adibide batzuk eman ditu, besteak beste Podemosek Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa transferitzeari uko egin izana, beren hauteskunde egitasmoetan jasota dagoen legez, edo Espainiako Gobernuak Euskadiko Y trenbideko lanak amaitzeko kronograma aurkez zedin EAJ-PNVk aurkeztu zuen ekimenari kontra bozkatu izana. “Arrazoi ideologikoengatik, 1979tik indarrean dagoen estatutuaren betepenaren alde agertu ez bazarete, zertan gera daiteke nazio aitorpenari buruz daramazuen erretolika? Galdetu dio Pablo Iglesiasi. “Euskadiko hautetsiek ez dute autonomiarik Ganbera honetan, Estaturik gabeko nazioentzat adierazten duzuen sentsibilitatea ez da existitzen Euskadirentzat zuk zuzentzen duzun taldearen aldetik”, jarraitu du.

Jeltzaleen bozeramailea eszeptiko agertu da Pablo Iglesiasek hizlarien tribunatik adierazitakoekin. “Bete gabe utzi diren agindu asko entzun ditugu, besteak beste Zapaterorena, Catalunyako Parlament-en borondatea errespetatuko zuela esan zuenean, eta azkenean bozkatu ere ezin izango da egin” esan du Estebanek. “Ez dute Catalunya eta Euskadiren borondatea errespetatuko gehiago direlako eta Estatuaren indarra inposatuko dutelako” gaineratu du bozeramaile jeltzaleak. Hori dela eta, “iraungipena nahierara ezartzen zaien aginduekin” eskarmentua hartuta daudela esan ondoren Pablo Iglesiasi zera esan dio “zure taldearen jarduna logikan oinarritzen denean eta esandakoekin bat datorrenean, sinetsi egingo dizugu. Bien bitartean, zure benetako borondatearen inguruan daukagun zalantzarekin geratuko gara”. Halaber, Aitor Estebanek Pablo Iglesiasek planteatu duen Gobernu egitasmoaz zera adierazi du “ez da errealista baina bai oso efektista”.

Jeltzaleen bozeramaileak amaitzeko kritikatu duenez Podemos “parlamentuan kontrola egiteko tresnarekin nahastu da, zentsura mozioa larrialdietarako irtenbide gisa konfiguratuta dagoelako”, hau da, Ganberan gehiengo nagusiak galtzen direnean edo gehiengo hori nabarmen aldatzen denean “eta hori ez da gaur egun gertatzen ari dena”. Zentzu berean baieztatu duenez Pablo Iglesiasek “ez du gehiengo alternatiborik osatzeko borondaterik izan, zerbait materialagoa interesatzen zitzaiolako: aldi baterako behintzat, protagonista izatea”.

Gure Legebiltzar Taldea