Prentsa Aretoa

2019/04/15

“Pentsioen igoera EAJ-PNVk Madrilen lortutako akordioari esker izan da”

Aurkeztu daitezkeen “mehatxu berrien” aurrean, pentsioak Euskaditik bertatik kudeatu ahal izatea aldarrikatu du alderdi jeltzaleak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Iñigo Barandiaran, datozen hauteskundeetan Kongresurako EAJ-PNV Gipuzkoaren hautagaia eta Toledoko Ituneko ordezkariak, pentsioen gestio zuzena aldarrikatu du gaur goizean Arrasaten izandako ekitaldian. Debagoienera egindako bisitan, Barandiaranekin batera izan dira Joseba Agirretxea eta Maribel Vaquero, Kongresurako eta Senaturako Gipuzkoako zerrendaburuak, hurrenez hurren. Talde jeltzaleak aldarrikatu du pentsioak “hemen, Euskadin” kudeatzearen beharra, eta Barandiaranek azpimarratu duen bezala, “ez dezagun ahaztu EAJ-PNVk lortutako akordioari esker lortu dela pentsioak KPIaren arabera igotzea, eta hau ez soilik pentsiodun euskaldunentzat, baizik eta pentsiodun guztientzat”. Aldi berean, Barandiaranek alargunen pentsioak arautzeko oinarriaren igoera orokorra aipatu du, “hau ere aurrerapauso sendoa”, eta baita pentsio-sistema jasangarri bat bermatzearen garrantzia ere.

EAJ-PNVk lortutako neurriak Toledoko Itunaren “bezpera” dela uste du hautagai jeltzaleak. “Organo horretan sinesten dugu, baina norbaiten interes alderdikoiek ekidin dute hitzarmena”, zehaztu du. “Gure hauteskunde programaren proposamenen artean dago, hain zuzen ere, Toledoko Itunaren espiritua berreskuratzea”, adierazi du Barandiaranek. 2018 eta 2019rako EAJ-PNVk bultzatu eta lortutako igoera orokorraren ildotik, “bizisariak KPIaren arabera gobernatzea aldezten dugu”, balio irabazte hori “behin betikoa” izan dadin, hautagai jeltzalearen hitzetan.

Toledoko Itunaren ildotik, Barandiaranek Gernikako Estatutuari egin dio aipamen, “beste behin” aldarrikatzeko Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketaren eskumenak Euskadira eskualdatzeko. Pentsiodun guztiekin, -“ez soilik euskaldunekin”-, EAJ-PNVk duen konpromisoa berretsi du, eta azken urteetan “PSOE eta PPren politiken ondorioz” kolektibo honen “erosteko ahalmena murriztu” dela esan du. “Kontziente gara egoera hortaz, jakinaren gainean gaude”, eta gehitu du Madrilen Euskal Taldeak “beti” izan duela ezaugarri euskal gizartea osoaren, eta bertako kolektibo guztien eskubideen, askatasunen eta beharren alde egindako “defentsa irmoa”. “Lanean jarraituko dugu pentsioen inguruko garantia berriak lortzeko, “uneoro” gogoan hartuz genero arrakalari nola egin aurre”, adierazi du Barandiaranek.

 Testuinguru politikoan estatu-mailan muturreko eskuinaren gorakadari dagokionez, Madrilen EAJ-PNVren Euskal Taldearen presentziaren garrantzia azpimarratu du, “aurkeztu daitezkeen mehatxu berrien” aurrean pentsiodunen beharrak babesteko. Horren inguruan, gizarteari eskatu dio “ez ahazteko” Alderdi Popularrak pentsioak ez igotzeko insistitu zuela. “Gu izan ginen pentsioak igotzeko presioa egiten aritu ginenak. Igo zitezkeen eta EAJ-PNVk lortu du hori”. Dena den, Kongresurako hautagai jeltzalearen ustean momentu honetan pentsio sistema “ez dago arriskuan” eta beste behin ezinbestekotzat jo du babes neurriak ezartzen jarraitzea. “Pentsiodunek egin duten aldarrikapenak entzun ditugu”, esan du Barandiaranek Arrasateko ekitaldian.

Barandiaran hautagaiaren hitzetan, aurrekontu-akordioen bitartez EAJ-PNVk pentsioetan lortutako igoera “hasiera besterik ez da izan”. Madrilen alderdi jeltzalea euskal pentsiodun guztien “ahotsa” izan dela adierazi du eta begirada etorkizunean jarrita, bide beretik jarraitzearen alde agertu da, “orain arte bezala, bizisari doi eta duinak defendatzen”, hain zuzen ere. Diputatuen Kongresuan bost aulkiekin EAJ-PNVk “aurrerapauso handiak” lortu dituela esan du Barandiaranek, eta hurrengo legealdiari begira, Madrilen Euskal Taldea mantentzea “gakoa” dela esan du. “Elkarrizketaren bitartez, Euskadirentzat eta pentsiodun guztientzat akordio onuragarriak negoziatzeko eta lortzeko gai izan den alderdi bakarra EAJ-PNV izan da”, esanez amaitu du Barandiaranek.

Gure Legebiltzar Taldea