Prentsa Aretoa
2022/02/22
Aitor Esteban: “Espero dudana da egungo egoera ekonomiko, sozial eta politikoan, bat bateko hauteskunde-deialdia egiteko tentaldirik ez agertzea”
Kongresuan egin den prentsaurrekoan, Euskal Taldeko bozeramaileak iragarri du PSOErekin batera Legez Besteko Proposamena aurkeztuko duela adituek osatutako Batzorde independenteak, Herriaren Defendatzailea presidente izango duenak, Elizaren baitan egin diren sexu abusuen inguruko Txostena egin dezan, ondoren Kongresuan aurkezteko
Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak, ez du adierazpenik egin nahi izan PPren baitan sortu den krisiaz eta alderdi horrentzat sor daitezkeen ondorioez, baina, egungo ezegonkortasun giroan, bai ohartarazi nahi izan du hauteskundeak aurreratzeko aukeraz. “Egungo egoera ekonomiko, sozial eta politikoa ikusita, espero dudana da bat bateko hauteskunde-deialdia egiteko tentaldirik ez agertzea“, esan du. “Ez litzateke ona izango”, gaineratu du.
Kongresuan egin den prentsaurrekoan, Estebanek uko egin dio alderdi politiko baten “barne gaiak” baloratzeari, baina bai baieztatu du “deigarria” dela, kasu honetan “fokua ez jartzea” Isabel Díaz Ayuso Madrilgo Komunitateko Presidente andrearen nebak dirua jaso zuen maskaren kontratuan. “Beste lekuetan eta beste alderdietan bazter guztiak nahasten ibiliko lirateke batzuk, baina ematen du kasu honetan garrantzirik txikiena duena dela hori”, esan du. “Ziur daukat Euskadiko iritzi publikoak beste begiekin ikusten duela”, berretsi du.
Beste alde batetik, Estebanek iragarri du Euskal Taldeak, Talde Sozialistarekin batera, Osoko Bilkuran Legez Besteko Proposamena aurkeztu duela adituek osatutako Batzorde Independenteak, Herriaren Defendatzailea presidente izango duenak, Eliza Katolikoaren baitan egin diren abusu sexualen eta salaketen eta botere publikoen zereginaren inguruko Txostena egin dezan. Proposamen hau aurkeztu da alderdi bien arteko negoziaketaren ondorioz, EAJk ekimen bat aurkeztu ondoren adituen Batzorde bat izan zedin, eta ez Parlamentuko Ikerketa Batzorde batek, gai hau aztertu behar zuena. Aitor Estebanek baieztatu duenez, alderdi biek “oso desegoki” jotzen dute kasu honetarako Kongresuan Ikerketa batzorde bat eratzea, Ganberako beste Taldeek eskatu dutena betez “borroka ideologiko bihur litekeelako, eta hori da biktimek gutxien behar dutena”.
Ekimen hau aztertuko du Osokoak martxoko bilkuran, bilkura aldi bakoitzean Euskal Taldeari Legez Besteko Proposamenak aurkezteko dagokion txandan.
Ondorengo estekan irakur daiteke EAJren eta PSOEren artean adostu duten proposamenaren testua:
https://kongresua.eaj-pnv.eus/eu/agiriak/20378/proposicion-no-de-ley-conjunta-entre-el-grupo-vasc
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10