Prentsa Aretoa
2022/12/01
Marlaska “kolokan” ikusi du Estebanek eta Melillako ezbeharrari buruzko Ikerketa Batzordea eratzea erreklamatu du
Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak Espainiako gobernuari eskatu dio garraio publikoaren hobariak luzatzea, eta Kongresuan ematen ari den giro nahasia deitoratu du
Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak gaur baieztatu du Grande-Marlaska ministroa “kolokan” ikusten duela Melillako hesian iragan ekainaren 24an gertatu zen ezbeharrarekin egindako kudeaketagatik, eta gaineratu duenez atzoko Kongresuko agerraldiaren ondoren beharrezkoa da gaiari buruzko Ikerketa Batzordea eratzea.
Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Euskal Taldeko bozeramaileak nabarmendu du Barne ministroak atzo “hainbat erantzun zehatz erantzun gabe utzi zituela”, eta auzitan jarri du Maroko eta Melilla arteko mugan gutxienez 23 pertsonaren biziarekin amaitu zuen pilaketaren inguruan defendatu duen bertsioa. “Ez dugu uste Marlaska egia esaten ari denik, eta ez dugu ulertzen zergatik eusten ote dion bere hasierako irizpideari”, nabarmendu du Estebanek. Bozeramaile jeltzaleak “deigarri” jo du ministroa eserleku urdinean bakarrik egotea Hemizikloan egin zen agerraldi osoan, eta baieztatu duenez “oso garrantzitsua da jakitea Espainiako segurtasun indarrek heriotza haiek saihesteko ezer egiteko moduan ote zeuden edo gertatutakoaren ondoren mugako postura itzultzeko horrenbesteko denbora zergatik igaro zen”, argitu beharreko beste gaien artean.
Garraio publikoaren hobariak luzatuko ote diren galdetuta, EAJ-PNVk hiritarrei bermatu dien zerbait delarik, Estebanek berretsi duenez “logikoena da neurria abian jarri zuenak, Espainiako gobernuak, neurria mantentzea”, bereziki “Ukrainako gerrak ekarri dituen arazoek bere horretan jarraitzen badute”. Zentzu horretan eta Idoia Sagastizabal Euskal Taldeko diputatuak Montero ministro andreari egin behar zion galdera diputatu jeltzalearen gaixotasunagatik atzeratu dela gogora ekarriz, Estebanek baieztatu du galdera hurrengo kontrol bilkuran planteatuko dela Gobernuak luzapenaren inguruan daukan asmoa ezagutzeko eta neurriarekin jarraitzea erreklamatzeko.
Azkenik, Estebanek deitoratu du Kongresuan bizi den giro “nahasia” “lehenagotik zetorren arren gero eta beroago dagoena”. Bozeramaile jeltzaleak presidentetzari erreklamatu dio “halako jarrerak” moztea, hasieratik ez egiteagatik “desagerraraztea zailagoa izango den arren”, eta kritikatu du atzo Irene Monterok PPren kontra eginiko salaketak. “Pasatu egin zen; nik uste dut lekuz kanpo egon zela”, baieztatu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10