Prentsa Aretoa

2015/05/05

EAJ-PNV-k lau ekimen aurkeztu ditu Barakaldoko tren geltokien segurtasuna eta iresgarritasuna hobetzeko, eta herria urbanistikoki birgaitzeko

Isabel Sánchez Roblesek eta Amaia del Campok azaldu dutenez, sustapen Batzordean eztabaidatuko dira eta eragina izango dute Urban, Lutxana, Burtzeña eta Kastrexana auzoetan.

rss Ezagutzera eman
eaj, pnv, congreso, isabel sánchez robles, amaia d

ARGAZKIA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI  

Barakaldoko EAJ-PNV-ren bozeramaile eta alkategai Amaia del Campok eta EAJ-PNV-ren Legebiltzar taldeko Sustapen gaietarako bozeramaile Isabel Sánchez Roblesek gaur goizean Diputatuen Kongresuko EAJ-PNV-ren Legebiltzar Taldeak proposatutako hainbat ekimen aurkeztu dituzte Barakaldoko trenbide geltokietako segurtasuna eta iresgarritasuna hobetzeko eta herria urbanistikoki birgaitzeko.

Lau ekimen hau izango dira Urban, Lutxana, Burtzeña eta Kastrexana auzoei eragingo dietenak.

Lehen ekimenaren bidez, Estatuko Gobernuari eskatzen zaio Barakaldoko Desertuko Renfe Geltokia eta trenbideak estaltzea. Lan horiek lagunduko lukete zaratarekin amaitzen, eta inguruari itxura txukunagoa emango liokete. Aldi berean, auzoa urbanistikoki eta ingurumen aldetik birgaitzeko aukera izango litzateke, gune hori herritarrentzat berreskuratuz.

Bigarren ekimenaren bidez hobetu nahi da Lutxana-Barakaldoko tren geltokia. Gaur egun oso egoera txarrean dago eta sarbide arazo handiak ematen ditu gurpildun aulkian doazenentzat, mugikortasun arazoak dituztenentzat edo umeen orgatxoak daramatzaten pertsonentzat.

Halaber, Sustapen Ministerioari eskatzen zaio Kastrexanako trenbide pasaguneko segurtasuna hobetu dezan, gaur egun FEVEren ardurakoa den zerbait. Barakaldoko auzo honetako herritarrek behin eta berriz egin duten eskaria izan da, puntu horretan segurtasun handiagoa behar dutelakoan.

 BURTZEÑA BERTAN BEHERA UTZITAKO AUZOA

EAJ-PNV-k Madrilen aurkeztu duen ekimen multzo honetako azkenak zerikusia dauka Burtzeñako trenbideak lur azpian jartzeko eskariarekin. "2012 urtean Madrilen onartu zen gure legebiltzar taldeak aurkeztu zuen ekimena. Orduko hartan Estatuko Gobernuari eskatu genion Barakaldoko Udalarekin hitzarmena izenpetzea lan horiek gauzatu ahal izateko, baina orain arte ez da ezer ere egin" esan du Amaia del Campok.

“Garai hartan ere Udalean mozio bat aurkeztu genuen Barakaldoko alkateari estatuko arduradunekin hitzarmena izenpetzea eskatzeko eta, mozioa onartu zen arren, PSE-k osoko bilkuraren agintea bete gabe utzi du eta ez du urrats bakar bat eman. Bertan behera utzi ditu Burtzeñako herritarrak" deitoratu du jeltzaleen hautagaiak.

EAJ-PNV-k ezinbesteko jotzen du egitasmo horri ekitea, auzoan horren beharrezkoa den birgaikuntzari ekiteko, hirigintzan zein ingurumen aldetik. Ingurua hobetuko da, aparkatzeko tokiak eskaini ahalko dira eta gune publiko berria egin ahalko da Burtzeñako herritarrentzat.

Isabel Sánchez Roblesek, bere aldetik azpimarratu du EAJ-PNV-k "Lantalde paregabea" osatzen duela, Kongresuko Euzko Abertzaleak taldearen eta EAJ-PNVren udal taldeen arteko lankidetza ahalbidetzen dutelako. Zentzu horretan baieztatu duenez "ekin egingo diogu ekimen horiek guztiak errealitate bihur daitezen eta Barakaldorentzat eta herritar guztientzat onuragarri izan daitezen".

Amaia del Campok Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak Barakaldoren eta barakaldarren alde egindakoa eskertu du. Era berean espero du aurreikuspenek erantzun baikorra izatea "Gai hau Barakaldoko EAJ-PNV-ren esku egon izan balitz, ez zen Burtzeñarekin gertatu dena gertatuko. Gure udalak Ministerioarekin lankidetzan arituz Burtzeñaren birgaikuntza urbanistikoa burutzeko aukera paregabea galdu du”, esan du hautagai jeltzaleak.

 

 

Gure Legebiltzar Taldea