Prentsa Aretoa

2016/03/21

Euzko Abertzaleak taldeak bizi osoko espetxe zigor berrikusgarria Zigor Kodetik ezabatzea eskatu du arduragabekeria eta konstituzioaren kontrakoa delakoan

Lege Proposamen bidez, EAJ-PNVk zigor honen erreferentzia guztiak ezabatzea proposatu du "politika kriminaleko arrazoiekin justifikatuta ez dagoelako" eta "ordainsaria eta mendekua" besterik bilatzen ez duelako.

rss Ezagutzera eman
eaj, pnv, congreso, mikel legarda, prisión, pena,

ARGAZKIA JAITSI

Euzko Abertzaleak Taldeak erregistratu duen Lege Proposamenaren bidez eskatu du Zigor Kodean bizi osoko espetxe zigor berrikusgarria ezabatzea "arduragabekeria eta konstituzioaren kontrakoa" delakoan.

Aurkeztu den idazki honetan, Euzko Abertzaleak taldeak esan du bizi osoko espetxe zigor berrikusgarria Zigor Kodean sartzea "politika kriminalaren esparruan hartu den erabakirik garrantzitsuena" dela "1978 urtean askatasunen sistema juridiko politikoa berrezarri zenez geroztik"; ildo beretik gaineratu denez "politika kriminal arrazoiek ez dute justifikatzen eta erabat urratzen dute konstituzioak zigor ordenamenduaren inguruan ezarritako printzipioak, hau da, zilegitasun printzipioa eta birgizarteratzeko agindua”, printzipio horiek Espainiar Konstituzioaren 25. artikuluan jasotzen direlarik.

Ildo beretik, EAJ-PNVk uste du zigor hau kodean jasotzean, bizi osoko espetxe zigorra ezartzen dela eta ordainsaria eta mendekua baino ez dela bilatzen ustez segurtasun handiagoa egongo delako aitzakiapean eta, aldi berean, Konstituzioaren eskubide eta baloreen sistema ukatzen du. Hain zuzen ere Espainiar Konstituzioaren 25. artikuluan ezarritakoaren kontra egiteaz gain, gizakien duintasunaren kontra egiten du (EKren 10. artikulua) eta zigor bidegabeen eta tratu anker eta degradatzaileen kontrako arauaren kontra dago (EKren 15. artikulua).

Euzko Abertzaleak taldeak gaineratu duenez Zigor Zuzenbidea "malguegia da erabiltzen duten eragileen eskuetan" eta horregatik erantzukizun politiko eta juridikoa lehenetsi beharko litzateke egun batean "Zigor zuzenbide totalitario, aldakor, neurriz kanpokoa eta bidegabean murgilduta egon ez gaitezen". Era berean "erantzukizuna" eskatzen du Zigor Kodean "berrikuntzak proposatzeko orduan" eta "erantzukizuna ere gure buruari eman genion eredu bermatzailearekiko; segurtasuna dena ez delako ideia geureganatzeko, gure sistema inspiratu behar duten beste Eskubide eta printzipioak daudelako".

Azkenik, EAJ-PNVk uste du "hutsegite judiziala gertatzeko posibilitateak daudela eta hutsegite hori konponezina izango litzatekeela" eta esan du zigor hori Zigor Kodean jasotzean apurtu egiten dela 1978an bizi osoko espetxe zigorra ez ezartzeko adostu zen akordioa.

Horregatik guztiagatik, Euzko Abertzaleak taldeak Kode Penalaren azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldaraztea proposatu du, legean bizi osoko espetxe zigor berrikusgarriaren erreferentzia guztiak ezabatzeko.

Gure Legebiltzar Taldea