Prentsa Aretoa

2016/06/04

Ortuzarren esanetan, jeltzaleen “koherentziak” argi erakusten du EAJ-PNVren eta espainiar politikaren “zirkoaren” artean dagoen ezberdintasuna

EBBren presidenteak eta Aitor Estebanek, Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak, gaur Diman egin den Arratiako Alderdikide Egunean parte hartu dute.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskadi ezberdina da. Eta EAJ-PNV ere bai. Alderdi koherentea da. Eta koherentzia da, hain zuzen, gaur egungo espainiar politikan falta den ezaugarrietako bat “gero eta gehiago, zirko baten antza duelako”. Koherentzia hori eta herritarrei hitz egiteko orduan erakusten dituen seriotasun eta zintzotasuna dira, kudeatzeko era zentzudun eta eraginkorraz gain, talde jeltzalearen ezaugarri bereziak, ekainaren 26ko Hauteskunde Orokorrei begira talde jeltzalea “aukera egoki” bihurtzen dutenak. “Hemen ez dugu telebistako itxurakeriarik egingo: hemen lanean murgiltzen gara eta arazoak konpontzeari ekiten diogu. Hemen ez dago marra gorririk: hemen bidea erakusten duten marra berdeak daude, bideak zabaltzen dituztenak, akordioak eragiten dituztenak, ekonomiari egonkortasuna ematen diotenak, esparru pertsonalean, familian eta aberri mailan aurrera egiten laguntzen digutenak”. Hitz horiek esan ditu Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Diman Arratiako Alderdikide Egunaren kariaz egin den ekitaldi politikoan. Aitor Estebanek ere, Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak, Dimako pilotalekura hurreratu diren 150 alderdikide eta jeltzaleei hitz egin die. Alderdikide hauen artean izan da Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarraren presidente andrea.

Ortuzarrek Madrilen egiten den “politika ikuskizuna” gaitzetsi du. “Beharko luketen bezain serioak balira, honezkero gobernua eratuta egongo litzateke eta lanean egongo lirateke defizit neurrigabea murrizteko, enplegua sortzeko eta nazioarte mailan duten irudi ezin okerragoa hobetzeko. Baina ez, hori ez. Beren martxan jarraitzen dute, marra gorriak jartzen, eztabaidatzen eta ez nork norekin, baizik eta nork norekin gobernatuko ez duen. Herrialde osoa hankaz gora daukate, %20tik gorako langabeziarekin, aurrera egiten ez duen ekonomiarekin, gorriak ikusten ari den jende askorekin, pilatzen ari diren eta azkenean usteldu egingo diren arazoekin… eta ez dira ados jartzen. Gutxieneko akordioak lortzeko lana egin beharrean, elkarri mokoka ari dira”, kritikatu du jeltzaleen buruak, eta adibide batzuk emanez azaldu du ‘Lau Magnifikoak’ izenez deitu dituenen koherentziarik eza. “Orain Sánchez etorri da Catalunyari buruzko proposamena eginez. Eta, lehen arazoak nondik zetozen? Zein da beren sorburua? Bere alderdia. Hor dago Rivera, Venezuelaraino joan da telebistako albistegian agertzeko eta hurrengo egunean itzultzeko. Batzuek funtzio egoeran gobernatzen dute eta inguruan duten ustelkeriatik ihesi dabiltza tabernarik taberna eta zergak beheratuko direla esanez, eta hori inork ere ez du sinetsiko. Hor ere badago Podemos eta Ezker Batuaren arteko koalizio famatua. Ematen du Iglesias eta Garzón betiko lagunak direla eta duela aste batzuk elkarri ‘pottoki marmarti’ eta ‘zorte txarreko’ deitzen ari ziren. Ez nau harritzen horrenbesteko jende haserretuta egotea eta beren botoa protesta bihurtu nahi izatea. Nik animatu nahi ditut era ezberdinez bozkatuaz protestatzera”. Ortuzarrek EH Bilduren koherentziarik eza aipatu du. “Egun osoan ari dira Espainiar estatuari planto egiteaz, Espainiarekin apurtu beharraz... Eta ekainaren 26ra begira egin dutena izan da beren zerrendei eta beren proposamenei norabide espainolista ematea. Eta gertatzen dena gertatzen da: Aitor Esteban izango dela Bizkaiko emakume eta gizonek boto orrietan izango dugun zerrendaburu abertzale bakarra”.

“Gu bai garela koherenteak” aldarrikatu du Ortuzarrek. “2016ko ekainaren 26an, 2015eko abenduaren 20an, 1977an eta 1936an. Beti egon gara eta gaude euskaldun eta abertzale izateaz harro. Guk ez dugu alde batetik besterako mugimendurik egiten. Guk ez dugu giro alternatiborik ematen. Espainiarekiko daukagun ezberdintasuna argi eta garbi erakusten dugu, eta horretarako Madrilera joan behar badugu ere bai. Ezberdinak gara. Beste gauza gara. Hemen ondo errotuta dago akordioaren kultura. Hemen hitzartu egiten dugu. Hemen zorrotzak gara kontu publikoekin. Zorroztasun osoz kudeatzen dugu. Guk ez dugu ez daukaguna gastatzen. Zailtasunen gainetik eginez, Urkullu lehendakaria zerbitzu publikoak mantentzeko gai izan da eta bere gobernuaren kontuak hipotekatu barik. Urkullu lehendakariak eta bere ondoan EAJ osoak akordioak adosten jakin izan dute eta legealdia amaituko dute gobernu egitasmoa beteaz. Hemen bestelakoak gara. Hemen Arcelorreko langileei aurpegira hitz egiten zaie. Entzun egiten zaie eta beren enpresa eta lanpostuen egoera delikatuaren alternatibak bilatzen dira”. Horregatik guztiagatik, Ortuzarrek EAJ-PNVren alderdikide guztiak “kalera irten daitezela” animatu ditu “azken etxeraino heltzeko, azken pertsonarenganaino, gure herrikide guztiek ikus dezaten hauteskunde hauetan Euskadik asko duela jokoan. Mugitzea tokatzen zaigu”.

Aitor Esteban Bizkaiko zerrendaburuak, bere aldetik, euskal emakume eta gizonei luzatu die ekainaren 26an “ezberdintasuna markatzeko” deia, “ezberdinak garela erakusteko, herri hau ezberdina dela, bestelako baloreak eta helburuak ditugulako”. Kongresuko Euzko Abertzaleak taldearen bozeramaileak bertaratu guztiei esan dienez, “Madrilen EAJ-PNV indartsua ez badago, Euskadi ahots eraginkorrik gabe geratuko da”. Zentzu horretan, Estebanek baieztatu duenez “ekonomia, autogobernua, bizikidetza edo azpiegiturak hau da, euskal gizarteari axola dien gaiak Madrilen EAJ-PNVk baino ez ditu planteatzen”. “EAJ ez badago, inork ez ditu euskal lehentasunak kontuan hartuko”, ohartarazi du hautagai jeltzaleak.

 

Gure Legebiltzar Taldea