Prentsa Aretoa

2025/11/26

Vaquerok Sánchezi exijitu dio Mikel Zabalzari buruzko agiriak desklasifikatzea: “Zure esku duzu memoria demokratikoko ekitaldiak antzezpen huts bihur daitezen saihestea”

Euskal Taldeko bozeramaileak Espainiako gobernuko presidenteari txarretsi dio sekretu ofizialen lege bat ateratzeko borondaterik eza, eta EAJ-PNVren Lege proposamenari heltzea proposatu dio, Junts-en betoa gainditzera begira

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Memoria demokratikoa, presidente, ez litzateke Francori buruz hitz egiteko soilik erabili behar. Ez luke alderdikoi izan behar. Estatuak gune ilun ugari ditu oraindik, eta zurea da horien gainean argia jartzeko aukera. Esandakoa betetzea baino ez duzu”. Hitz hauekin, Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok Pedro Sánchezi deitoratu dio sekretu ofizialen lege berri bat aurrera ateratzeko  borondaterik eza. Aldi berean eskatu dio Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko agiriak desklasifikatzea, duela 40 urte desagertutakoa, Guardia Zibilak Donostian atxilotu ondoren. Bere gorpua, bizirik gabe, Bidasoa ibaian agertu zen,  atxilotua izan eta aste batzuetara.

Euskal Taldeak azken legealdi hauetan eskatu izan du sekretu ofizialen lege berri bat, Espainiako estatuaren historia frankistan eta ondorengo historia demokratikoan ilun jarraitzen duten kapituluak ezagutu ahal izateko. Sánchezek parlamentuan bertan hitzeman zuen hala egingo zuela, baina Vaquerok gogora ekarri dio bere aitzakiak ez direla sinesgarriak. “2022an hitzeman zenuen erreforma arin bat egingo zenuela, hiru urte igaro dira eta  berdin jarraitzen du denak”.

“40 urte igaro dira eta muzin egin diozue gertakariak argitzeari. Egia ukatu diezue familiari  eta gizarteari, oro har. Eta egiaz, justiziaz eta erreparazioaz hitz egiten duzue, baina Zabalza Garate familiari ukatzen dizkiozue”. Deitoratu du bozeramaile jeltzaleak, eta berretsi du ez dela lege berririk behar agiri horiek ezagutzeko, Gobernuaren agindu bat besterik ez baita behar. “Zure eskuetan duzu. Egin dezakezue agiriak desklasifikatuz, 68 lege frankistaren arabera, Ministroen Kontseilua delako horretarako eskuduntza duena”. Sánchezek arrazoitu du Espainiako gobernuak Kongresura eraman duen Informazio Klasifikatuari buruzko lege Proiektua onartzea berea soilik baino, Ganbera osoaren erantzukizuna dela. Vaquerok, ordea, alternatiba bat proposatu dio, beste taldeen betoak gaindituko lituzkeena eta ekimena aurrera ateratzeko benetako borondatea erakutsiko zuena: “Bi proiektu daude ganbera honetan, Gobernuarena eta gure Lege proposamena. Non aukeratu baduzue”.

“Demokratiko eta zuzenbidezko izan nahi duen Estatu batean, egia, justizia eta erreparazioa dira, gaur gaurkoz, hitz handiak, baina beren edukia ezin da jakin  Trantsizio izen okerrarekin deitu den garai hartan eta ondorengo urteetan benetan gertatu zena ezagutzeko denean, eta zer esanik ez Diktaduratik oraindik ezkutuan jarraitzen duenari dagokionez”.

 

 

Gure Legebiltzar Taldea