Prentsa Aretoa
2016/06/17
Ortuzarrek euskal hiritargoari eskatu dio “boto berdea” ematea, Espainiako lau alderdiei “gola sartu ahal izateko”
Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Itxaso Atutxak eta Aitor Estebanek Amorebieta-Etxanon aldarrikatu dute Euskadik Eurokopan eta nazioarte mailako gainerako lehiaketetan parte hartu ahal izatea: “ Galesek edo Gibraltarrek ahal badute, zergatik guk ez?
Andoni Ortuzar. Mitin Amorebieta-Etxanon (2016-06-17)
HITZALDIA - 2016/06/17Aitor Esteban. Mitin Amorebieta-Etxanon (2016-06-17)
HITZALDIA - 2016/06/17Itxaso Atutxa. Mitin en Amorebieta-Etxano (2016-06-17)
HITZALDIA - 2016/06/17
Argazkiak...
Andoni Ortuzarrek EAJ-PNVk gaur Amorebieta-Etxanon egin duen ekitaldia amaitu du euskal futbol selekzioaren elastikoa jantzita. Keinu horrekin, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak irudi batez bateratu nahi izan ditu bere diskurtsoa egituratu duten bi ideia nagusiak: alde batetik, euskal selekzioek nazioarte mailako lehiaketetan parte hartu ahal izatea aldarrikatzea eta, bestetik, euskal hiritargo osoari ekainaren 26an Espainiako estatuarekin desberdintzeko keinua egiteko eta “boto berdea bozkatzeko” luzatu dion gonbidapena. Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarraren presidentea eta Aitor Esteban, Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua izan dira Zornotzako Herriko Plazan ospatu den ekitaldi politikoak hartu dituen beste hizlariak.
Ortuzarrek deitoratu du Espainiako lau alderdi politikoek eztabaida politikoari eta kanpainan proposamenak aurkezteari uko egin izana .“Ez dira ezertan ados jartzeko gai izan, bi gaitan izan ezik: Euskadiz ahaztea eta “Gorriagatik” sentitzen duten harrotasuna”, esan du. Rajoyri buruz hitz egitean Ortuzarrek kritikatu egin du “zapalgailua lau urtetan erabili izana, lau urte lehendakariari erantzun gabe, baliabiderik gabeko urteak, inposizio urteak, dekretu bidez erabakitako murrizketen urteak, lau urte LOMCErekin, Lan Erreformarekin, Mozal Legearekin, hitzartutako inbertsioak egin gabe, transferentziak ekarri gabe”. Pedro Sánchezi buruz esan du `lauko eztabaidan´ Euskadi behin baino ez zuela aipatu , eta gainera `txarrerako´ izan zela: “ harrokeriatan aritzeko eta beraiek 2004 urtean Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Estatutu Politiko Berriari ateak zarratu zizkiotenak izan zirela esateko”. Riverari buruz esan du behintzat egia esaten duela argi eta garbi Ekonomia Ituna eta foru aldundiak ezabatzea proposatzen duelako “ hortik dator bere proposamenak Euskadin horren etorkizun eskasa izatea”. Eta Unidos Podemos taldeaz esan du Madrilen menpe daudela “Idazkari nagusiak esan du Podemos dela autonomia estatutua garatzeko bermerik onena eta segidan esan du bera Gizarte Segurantzaren kutxa bakarraren aldekoa dela. Zertan geratzen gara?. Beraiek ere frankizia bat direla, beren erabaki zentroa Madrilen dagoela eta Eusko Legebiltzarrean Euskadiren interesaren edo Estatuaren interesaren artean erabaki behar dutenean, Estatuaren alde egingo dutela. Ba al dakizue horri zer izen ematen diodan? Botoen deslokatzea” amaitu du.
`Elastiko gorriak´ sortarazten duen debozioari dagokionez, Ortuzarrek `Lau fantastikoen´ patrioterismoa gaitzetsi du. “Partida bat irabazi dute eta harrotu egin dira. Eta ez da bakarrik Iniesta heroi nazionala izatea. Piqué bera, duela hiru egun catalunyar okerra zena, orain espainiar on bihurtu da” . “Horretan ere desberdinak gara” esan du EBBren presidenteak jaka erantzi eta azpitik zeraman elastikoa, euskal selekzioaren elastikoa erakutsi bitartean. “Ba al dakizue zergatik ez dugun elastiko hau Eurokopan ikusten? Ba al dakizue zergatik Euskadik nazioarteko lehiaketetan parte hartzerik ez duen? Lege arazoa ote da? Ez. Espainiar Konstituzioak debekatzen du? Hori ere ez. Borondate politiko kontua da. Lau Magnifikoek esango luketen moduan “ marra gorriak dira”. Atzo Ingalaterra Galesen kontra aritu zen eta munduak biraka darrai. Selekzio nazionalak dituzte Andorrak, Feroe Irlek…. Gibraltarrek ere bai. Eta Euskadik? Ez. Euskadik ez. Zergatik ote? Nahi ez dutelako. Jakin badakitelako milaka euskal herritarrek Europa osoa zeharkatuko genukeela gureaz harro dagoen herria garela esanez, barrura begira baina mundura irekia den herria, zaharra eta modernoa, lan egiten duen nazioa, produzitzen duena, aberastasuna eta ongizatea sortarazten duen nazioa…. Hori dena ere bada euskal agenda. Euskadik Eurokopan parte hartu ahal izatea ere bada euskal agenda. Guk ez dugu etsiko Eurokopan, Mundialean, Joko Olinpikoetan eta behar den tokian gure taldeak ordezkatuta ikusi arte. Gure eskubidea delako eta halaxe erabaki dugulako”. Horregatik guztiagatik “ urdin, gorri, more eta laranja kolorekoen aurrean”, Ortuzarrek Zornotzan aldarrikatu du Euskadik “bere berdetasuna erakustea. Euskadiren berdea. Datorren igandean botoen marea berdea behar dugu. Horrela baino ez dugu geureari eustea lortuko. Beraiek eztabaidatzen ari diren bitartean, guk erabaki egiten dugu. Sartu gola horiei. Eman ezazu boto berdea”.
Itxaso Atutxak, BBBren presidenteak, Euskal ereduaren eta Espainiar ereduaren artean dauden ezberdintasunak nabarmendu ditu. Zentzu horretan ekarri du gogora Amorebieta-Etxanon “diktadura amaitu zenetik aurrera” EAJ-PNVren eskutik gauzatu den eredua, eta eredugarria izan dela esan du. Ildo beretik esan du “ EAJ eredu honek” Bizkaian ere funtzionatzen duela “Akordioak, egonkortasuna eta martxan dagoen herrialdea. Zailtasunekin, bai; baina amore eman gabe” esan du; eta hala erakutsi du Bizkaiko Foru Aldundiak bidesarien tarifa bateratzeko hartu duen erabakiarekin; “arazo bat, konponbide bat ”, azpimarratu du. Baina, harago ere joan da “Euskadin beste horrenbeste gertatzen da. EAJ ereduak funtzionatzen du eta onurak dakartza Zornotzarentzat. Zer esango didazue Kaitanako osasun zentroaz? Eusko Jaurlaritzak urtea amaitu baino lehen jarriko du martxan. Hori ere, galdera eta erantzuna. Eta, inork zalantzan jarriko du oraindik EAJ dela herri honentzako onena? EAJ ereduak funtzionatu egiten du. Madrilen gaudenean bere bai. Euskadin, Bizkaian eta Zornotzan gaudenean funtzionatzen dau. Argi baino argiago dago. Guk esandakoa betetzen dugulako . Esan eta egin!” amaitu du.
Amaitzeko, Aitor Estebanek, Bizkaian Diputatuen Kongresurako berraukeratua izateko aurkezten den hautagaiak bertaratuei azaldu die “EAJk Euskadin Madrilen nola ordezkatzen duen” eta “euskal agenda zer den”. “Euskal agenda da Podemosek `Gizarte Zerbizuen 25 Legea´ deitzen zutena aurkeztea eta onartzea eragoztea, Euskadiren eskuduntza guztiak goitik behera zapaltzen dituen legea, hain zuzen. Euskal agenda da hantxe egotea eta Ekonomia Itunaren blindatzea aldeztea eta horren kontra ez bozkatzea, PPk egin zuen bezala. Euskal agenda da euskal udalen sistema Estatuko gainerako udalen sistemarekiko ezberdina izatea defendatzea, eta ez kontra bozkatzea PSOEk egin zuen moduan. Euskal agenda da Estatutua segurtasun alorrean ere betetzea, Estatuko Segurtasun Indarren kopurua murriztua izan dadin, eta ez horren kontra bozkatzea, PPk eta PSOEk egin zuten bezala. Euskal agenda da Estatutuan jasota dagoenari jarraiki pentsioak Euskaditik kudeatzea, eta ez kontrakoa proposatzea eta Kutxa Bakarraren alde egotea, Nagua Albak, Podemosen idazkari nagusiak eta Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak esn duten bezala. Euskal agenda da Ekonomia Ituna auzitan ez jartzea, Ciudadanosek egiten duen moduan”, azaldu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Kongresua
2024/10/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10