Prentsa Aretoa

2016/10/04

Aitor Esteban: "Espekulazioak ez du lekurik, EAJk Rajoyri ezetza bozkatzen jarraituko du"

Kongresuko bozeramaile jeltzaleak gogoratu duenez EAJ-PNVk "argi eta garbi" esan zuen `ezetza´ bozkatuko zuela irailaren 25 a baino lehen eta egun horren ondoren, eta Rajoyri ohartarazi dio PSOEren abstentzioa jasota, Erregearen proposamenari uko egitea "hiritargoari errespeturik ez izatea bezala" litzatekeela.

rss Ezagutzera eman
Aitor Esteban:

ARGAZKIA JAITSI

Aitor Estebanek, EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaileak, gaur azpimarratu du Kongresuko bost diputatu jeltzaleek Mariano Rajoyren balizko inbestidura berriaren aurrean,berriz ere, ezetza emango luketela. "Espekulazioak ez du lekurik, EAJk Rajoyri `ezetza´ bozkatzen jarraituko du" baieztatu du .

Bozeramaileen Batzordera sartu aurretik kazetariek eginiko galderei erantzuteko, Estebanek gogoratu duenez hautagai popularraren inbestidurak huts egin zuen saioan "argi eta garbi esan genuen ezetza bozkatuko genuela egun hartan, handik eta 48 ordutara eta irailaren 25az geroztik; gaur urriaren 4a da eta gure jarrera ez da aldatu”, azpimarratu du.

Aitor Estebanek ez du bere irizpidea azaldu nahi Alderdi Sozialistaren balizko abstentzioaren aurrean "ni neu kexatu egin nintzelako PSOE beste alderdi batzuei eta hain zuzen ere nire alderdiari jarrera zehatz bat hartzea eskatzen ibili zelako, eta nik ez dut halakorik egingo. Egin dezatela egoki jotzen dutena" adierazi du. Dena dela, PPri ohartarazi nahi izan dio inbestidura saioa saihesteko izan zezakeen tentazioaren aurrean: "Azkenean PSOE abstenitzen baldin bada, espero dudana da Rajoyri Erregearen proposamenari uko egiterik eta hirugarren hauteskundeetara joaterik ez bururatzea. Hiritargo osoari errespeturik ez izatea bezalakoa litzateke" deitoratu du.

Gure Legebiltzar Taldea