Prentsa Aretoa

2016/11/29

Agirretxeak Méndez de Vigori eskatu dio orain arteko zuzentze-bidetik jarraitzea eta Autonomi Erkidegoen eskuduntzak errespetatzea

Kultura batzordeko bozeramaile jeltzaleak iragarri du Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak aldarrikapen historikoari ekingo diola, hau da Picassoren "Guernica" lana Bizkaiko Gernika-Lumo herrian erakutsia izan dadila:“‘Guernica‘ Gernikara”, aldarrikatu du Agirretxeak.

rss Ezagutzera eman
eaj, pnv, congreso, agirretxea, méndez de vigo, cu

ARGAZKIA JAITSI

Era berean Joseba Agirretxeak,  Kultura Batzordean  EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaileak, Hezkuntza eta Kultura Ministro  Íñigo Méndez de Vigori eskatu dio zuzentze-bidetik jarraitzea eta Autonomi Erkidegoek beren gain dituzten eskuduntzak errespetatzea.

“Ministro zuzentzailea zara, izendatua izan zaren momentutik Wert-ek utzitako anabasa zuzentzen saiatu zara, eta lan hori eskertzen dut, ez baita bat ere lan erraza" esan du Agirretxeak hitz egiteko izan duen txandan. Zentzu berean azpimarratu du Ministerioak orain arte emandako urratsek  agerian uzten dutela "orain arte politika okerra egin dela".

Méndez de Vigo Ministroak bere Sailean aurreikusitako politika orokorrak azaltzeko esan dituenak entzun ondoren, Agirretxeak Kongresuko Euzko Abertzaleak taldekoak kezkatzen dituzten gai batzuk aztertu nahi izan ditu.

Agirretxeak gogoratu duenez "oraindik Salamancako Paper guztiak noiz itzuliko zain gaude" eta itzulketa osatzeko ordenamendu juridikoa aldaraztea eskatu du. “EAJ-PNVk arrazoirik gabe kendu zena eskatzen jarraituko du, oraindik  itzuli gabe daudelako,besteak beste, Agirre Lehendakariaren eskutitz eta agiri batzuk”.  

Era berean, bozeramaile jeltzaleak iragarri du EAJ-PNVk ekimen berria aurkeztuko duela Picassoren "Gernica" koadroa Bizkaiko Gernika-Lumo udalerrian erakutsia izan dadin. "Aldarrikapen bidezko eta historikoa da, inoiz gertatu beharko ez zen izuaren sinboloaren inguruan egiten dena" esan du Agirretxeak.

Amaitzeko, Agirretxeak Kulturako BEZa beheratzea eskatu du eta gaztelania ez diren beste hizkuntzetan egiten ziren ikus-entzunezko produkzioentzat ICAA erakundeak ematen zituen laguntzak desagertu direla salatu du. "Lehenengo murriztu ziren euskaraz eta catalá eta galego hizkuntzez eginiko produkzioak; gero, desagertu egin ziren. Funts horiek itzultzea exijitzen dizut" eskatu du diputatu jeltzaleak.

Gure Legebiltzar Taldea