Prentsa Aretoa

2016/12/13

EAJ-PNVk Gastu Mugaren aldeko botoa emango du "Euskadirentzat ona izango delako"

Aitor Estebanek azaldu duenez Azpiazu Sailburuaren eta Montoro Ministroaren artean aldebiko bileran adostutako defizit helburuek Eusko Jaurlaritzari ematen diote zorpetze muga handitzeko aukera.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Gastu Mugaren aldeko botoa emango du

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak Taldeak baiezko botoa emango du ostegunean, Diputatuen Kongresuan Gastu Mugari buruz eztabaidatzeko egingo den osoko bilkuran. Hala iragarri du gaur goizean Aitor Estebanek, Kongresuko bozeramaile jeltzaleak, hedabideen aurrean.

Estebanek azpimarratu du aldebiko harremanak berreskuratu egin direla Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuak eta Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministro Cristobal Montorok egin zuten bileraren ondorioz eta "Euskadirentzat onuragarri" jo du Euskadiko defizit helburua 2016 urterako dezima bat igotzeko hartu duten erabakia. "Iragan astelehenean egin zen aldebiko bileran urrats garrantzitsua eman zen EAEko ordenamendu juridikoa eta bere egoera berezia aurkeztu zelako, egoera arrunta ez duen Autonomi Erkidegoarena,hain zuzen. Gainera, defizit helburuari buruzko akordio batetara iritsi ziren eta hori onuragarria da Euskadirentzat. Horregatik emango dugu aldeko botoa" baieztatu du Aitor Estebanek.

Aitor Estebanek era berean azpimarratu du EAJ-PNVk Gastu Mugari ematen dion "baietzak" ez duela zerikusirik Estatuko Aurrekontu Orokorrekin "oraindik ezagutu ere egiten ez baititugu". Are gehiago, bozeramaile jeltzaleak azaldu du PP eta PSOE arteko akordioa nahikoa dela Gastu Muga onartzeko eta, ondorioz, EAJ-PNVko bost diputatuen baiezko botoa "koherentziagatik" izango dela eta "Euskadirentzat ona delako". Zentzu berean gogoratu duenez "Partido Popularrarekin ez da aurrekontuei buruzko negoziaketarik abian jarri" .

Amaitzeko, eta kazetariek eginiko galderei erantzuteko, Aitor Estebanek iragarri du Euzko Abertzaleak taldeak abstentzioa bozkatuko duela tributu arloko neurriak hartzeko eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata igotzeko 3/2016 Erret Dekretua baliozkotzeari buruzko bozketan. "Hainbat gauza nahasten dituen Dekretua da eta LGSa igotzearekin ados egon gaitezke, hori ere gure egitasmoan aurkeztu genuelako, edo ontzat jo dezakegu finantzaketa iturri berriak bilatzea edo aurrekontuen luzapena aplikatzea. Edozein kasutan, Euskadik tributatzeko ahalmen propioa duenez, abstentzioa bozkatuko dugu halako eztabaidetan egin ohi dugun moduan" azaldu du.

Gure Legebiltzar Taldea