Prentsa Aretoa

2017/03/22

Agirretxeak Montoro ministroari eskatu dio Gobernuak bere gain har dezala Euskadiko euskal hiztunen eskubideak errespetatzeko erantzukizuna

Kontrol saioan zehar, diputatu jeltzaleak euskal biztanleek aurkeztutako kexen zerrenda bat agertu du, Gobernu espainiarraren hainbat delegaziotan, besteak beste Polizia Nazionalean, Renfen edo Correosen, euskaraz egin ezin dutenak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Joseba Agirretxeak, Legebiltzarreko EAJ-PNV Euskal Taldeko diputatuak, Cristobal Montoro Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroari aurpegiratu dio Estatuko Administrazio Orokorrak “ez dituela euskal hiztunen eskubideak errespetatzen” Espainiako Gobernuak Euskadin dituen bulegoetan. Horiek horrela, egoeraren “kargua hartzeko” eskatu dio ministroari eta “erantzukizuna bere gain har dezala”.

Kontrol saioan, Agirretxeak adierazi du Espainiako Estatua nazioaniztuna eta eleaniztuna dela. Ildo horretatik, baieztatu du “administrazio batek arreta egiten dien herritarrei erantzun eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu behar dituela”. Hori ez da Euskadin gertatzen, izan ere, euskal hiztun batek ezin du euskara erabili Estatuko Administrazio Orokorraren bulegoetan, besteak beste honako hauetan: Polizia Nazionala, Renfe, Adif, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren bulegoetan, Correos, RTVE, Trafiko Arloa... Horren erakusgarri, diputatu jeltzaleak euskal biztanleek egindako kexen zerrenda bat erakutsi du EAEn dauden Espainiako Gobernuko hainbat delegaziotan euskaraz hitz egin ezin dutenak.

Horrez gain, Joseba Agirretxeak ziurtatu du Espainiako legeriak berak honako hau ezartzen duela: Euskadi bezalako “Autonomia Erkidego batean dauden Estatuko Administrazio Orokorreko organoei zuzentzen zaien interesdunek erkidego horretan koofiziala den hizkuntza erabili ahal izango dute”. Halaber, erantsi du komunikatzeko hizkuntza aukeratzeko eskubide indibidualari eta kolektiboari dagokien giza-eskubideak direla hizkuntza-eskubideak. “Zenbat euskalduntze-plan ezarri ditu Administrazioak Euskadin? Zer pausu eman ditu langileek arreta euskaraz eman dezaten?” galdetu dio Agirretxeak Montoro ministroari. “Euskal biztanleen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko inplikatu beharra dago. Gobernuaren EAEko ordezkari berriari eska iezaiozu euskal hiztunen eskubideak zaindu ditzala; izan ere, aurrekoak euskararen presentzia mugatzearen eta euskara erabiltzen zutenak jazartzearen alde baino ez zuen egiten” esanez amaitu du Agirretxeak.

 

Gure Legebiltzar Taldea