Prentsa Aretoa
2018/05/23
Euzko Abertzaleak taldeak Aurrekontuak babestearekin bermatuko da pentsioak orokorrean igotzea eta Euskadira 540 milioiko inbertsioak ekartzea
EAJ-PNVk `baietza´ eman die 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei “erantzukizunez” jokatu nahi duelako, 155. artikulua epe laburrean indargabetuko dela jakinik eta hauteskundeak aurreratzea saihestea xede
EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak taldeak Estatuko Aurrekontu Orokorrei eman dien babesarekin lortu du pentsiodun guztien pentsioak orokorrean igotzea. Pentsioei %1,6ko igoera aplikatuko zaie 2018an eta 2019an eta Euskadirentzat 540 milioi euroko balioa egiten duten inbertsioak gauzatuko dira. Kopuru hori bideratuko da politika industriala sustatzera, azpiegiturak garatzera, I+G+B sektorea eta kultura indartzera eta Euskadin ingurumen alorreko hobekuntzak egitera, Espainiako Gobernuan 2017an adostutako akordioen ondorioz. Era berean, Batzordeko izapide prozesuan onartutako aurtengo aurrekontuan beste hainbat hobekuntza jasotzea lortu du,besteak beste, hainbat urtetarako partidak aurreikusten dituztenak.
EAJ-PNVren EBBk aditzera eman duenez kontuei behin betiko `baietza´ ematea erabaki da 155. artikulua hurbil eta ekidin ezina dela egiaztatuta eta “Aurrekontuak blokeatzeak Espainiako eta Kataluniako egoera amildegitik hurbilago jarriko lukeelako”. Hori dela eta “Kataluniarekin baina batez ere Euskadiko autogobernuarekin erantzukizunez jokatzeko eta 155.a indargabetzea bultzatzea xede Estatuan “kontrapisu” gisa jardun behar genuela ulertuta”, Euzkadi Buru Batzarrak erabaki du Euzko Abertzaleak taldeak osatzen duten bost diputatuek kontuei baietza ematea.
Diputatuen Kongresuan eginiko adierazpenetan, Aitor Estebanek, Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaileak, azpimarratu duenez “EAJ-PNVk eskura izan duen guztia egin du Kataluniako autogobernua berreskuratzen laguntzeko” eta gogoratu du Aurrekontu hauek aurkezteko ekitaldia atzeratu egin zela “EAJ-PNVk 2017ko irailean eskatu zuelako, Kataluniako gatazkari irtenbidea emateko behar zen denbora irabazteko”. Era berean baieztatu du “sakontasun osoz hausnartua” izan den erabaki honekin Euskadiko herritarren interesak EAJren interesen gainetik jarri direla eta gaineratu duenez EAJ-PNVk urrats hau eman duela “soseguz eta hauteskundeak aurreratzea saihestera begira”. “Aurrekontuak ez onartzeak eragingo lukeen krisi politikoak 155. artikuluaren aplikazioa luzatuko luke eta hori da,hain juxtu, guk saihestu nahi duguna”, esan du.
2018ko Aurrekontu Orokorrek “hainbat elementu garrantzitsu jasotzen dituzte Euskadirentzat, hiritarrentzat zein erakundeen eta ekonomiaren egonkortasunerako”, halaber, 2018 eta 2019an pentsioei aplikatuko zaien igoera orokorraz gain, alargunen pentsioen oinarria 4 puntutan igoko da, hau da, %56ra 2018an eta beste 4 puntutan 2019an, %60ra arte, alegia; eta 2023ra arte atzeratuko da Iraunkortasun Faktorea indarrean sartzea.
Euskadirentzat aurreikusten diren 540 milioi euro horiek bideratuko dira politika industriala, lehiakortasuna, kultura eta ingurumenarekin zerikusia duten proiektuak bultzatzera.
Zentzu honetan eta 2017ko Aurrekontu Orokorretan hartutako konpromisoei esker, orain onartu diren kontuek 40 milioi euroko kopurua aurreikusten dute Euskadiko industriari aplikatzen zaizkion bidesari elektrikoak beheratzeko, Euskadik ordaintzen zuen gainkostua konpentsatzeko, 2016 urtetik pendiente zegoen zerbait.
Halaber, Aurrekontu hauetan aurreikusten da Euskadiko hainbat azpiegiturek 330 milioitik gorako kopurua jasoko dutela eta hauetatik 306 milioi izango dira Abiadura Handiko Trenerako, 2017an urte askotarako hitzartu zen inbertsio planaren arabera. Forondako aireportuak 3,5 milioi euro jasoko ditu 24 orduko zerbitzua berreskuratzeko, bidaiarien terminala modernizatzeko eta Gune Irekia sortzeko. Pasaiako portuak, bere aldetik, 4,2 milioiko kopurua jasoko du eta hemendik eta 2021 urtera arte 12 milioitik gorako kopurua jasoko du. Jundiz eta Lezo-Pasaia plataforma intermodalek ere bien artean ia milioi bateko finantzaketa jasoko dute. Halaber, 15 milioi eurotik gora bideratuko dira euskal geografia osoan 17 trenbide pasabide kentzeko lanetara eta Loiolako Erriberetako eta Urbinagako aldageltokiei bultzada berria emateko proiektura. Geltoki hauei dagokienez, urte askotarako partidak aurreikusten dira aurtengo aurrekontuetan.
I+G+B sektorea bultzatzea ere bada EAJ-PNVren helburu nagusienetako bat, ekonomia onbideratzeko motorea den heinean. Xede horrekin, Aurrekontuek 65 milioi euro esleitzen dituzte esparru honetako hainbat proiekturako, hauetatik 50 milioi bideratuko dira ibilgailu elektrikoa sustatzera. Halaber, Matia Fundazioak 3 milioi euro jasoko ditu, Aranzadi Fundazioak 100 mila euro, Biscay Marine Energy Platform Ikerketa Zentroak, 5 milioi; Mondragon Unibertsitateak 1,5 milioi eta 5,5 milioi jarriko dira Elektromugikortasun eta Metatze Elektrikorako ikerketa eta testatze lanetarako (CIDETEC).
Beste alde batetik, 4,5 milioitik gora bideratuko dira kultura sustatzera eta Euskadiko ondare kultural eta artistikoa berreskuratzera, 6’6 milioi euro ingurumen alorreko proiektuetarako eta 25 milioi euro Zubietan egingo den espetxerako. Kultura arloko proiektuei dagokienez, 4,5 milioi euro jasoko dituzte Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak, Jakiundek, Musika Hamabostaldiak eta Zinemaldiak, Bilboko Itsas Museoak, ABAOK eta Añanako Gatzaga horiek guztiek Estatuko Aurrekontu hauen kontura finantzaketa jasoko dutelarik. Halaber, 1,7 milioi euro bideratuko dira Gasteizen Espainiako Bankuaren antzinako egoitza birmoldatzera, eta 250 mila euro Lekeitioko Mendieta Ontziolako Proiekturako. Kosta eta Ingurumen alorreko proiektuei dagokienez, 750 mila euro bideratuko dira Bernedo Obecuri eta Arabako Rio Rojo deritzonera; 1’7 milioi Zumaiako Santio hondartzako zerbitzuak egokitzeko; 2 milioi euro Ibiur presarako; 500mila euro Galindoko araztegirako eta 1,5 milioi euro eramango dira Donostiara, Kontxako baranda konpontzeko.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10