Prentsa Aretoa

2018/07/27

EAJren Euzko Abertzaleak taldeak Gastu Muga onetsi du baina administrazioen artean helburuen banaketa bereizia egitea eta gastu muga malgutzea eskatu du

Idoia Sagastizabalek ohartarazi du zerga sistemaren balizko erreforma egitekotan “gure autogobernu fiskala eta arautzeko daukagun ahalmena zorroztasun osoz errespetatzeko printzipioan oinarrituta” egin beharko litzateke

rss Ezagutzera eman
EAJren Euzko Abertzaleak taldeak Gastu Muga onetsi du baina administrazioen artean helburuen banaketa bereizia egitea eta gastu muga malgutzea eskatu du

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak aldeko botoa eman du gaur 2019-2012 epealdirako, Administrazio Publiko guztien aurrekontuen egonkortasunerako eta zor publikorako helburuak eta 2019ko ekitaldirako Estatuaren Aurrekontuko gastu ez finantzarioaren muga ezartzeko Akordioaren bozketan. Talde jeltzaleak baiezkoa bozkatu du defizit muga malgutzea onesten duelako, EAJ-PNVk aspalditik erreklamatu duen zerbait, hain zuzen. Idoia Sagastizabal bozeramaile ekonomiko jeltzaleak arrazoitu duenez, “hobeto eta areago egokitzen delako gaurko errealitate ekonomikora”. Diputatuak berak gogora ekarri duenez, defizita murrizteko bidea Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak kritikatu zuen ulertzen zuelako hazkunde tasa eta aldagai hau elkarren artean moldatu beharko liratekeela “hiritarren bizimoduan eragin txikiagoa eman zedin”.

Hitz egiteko izan duen tartean, Sagastizabalek azpimarratu du honakoa “eztabaida makroa” dela, “espekulatzailea”, hau da, “ez du ezertarako balio aurrekontu politikaren bidez pertsonen bizimodua hobetzeko politika zehatzak abian jarri ezik”, eta Tribunatik arrazoitu duenez Gastu Mugaren aldeko bozka eman dute “aldebikotasun eta erakundeen arteko begirune giroan jarrerak hurbiltzeko aukera izan genezakeelako araudia gure errealitate sozial eta ekonomikora hobeto moldatutako araudiaren aplikazioa lortu arte eta kontu publikoen arteko oreka eta are hazkunde ekitatiboa lortu arte”.

Hala eta guztiz ere, Diputatu jeltzaleak esan du, bere ustetan, azpisektoreen arteko helburuen banaketa “arbitrarioa” dela, “ez dio irizpide ekonomiko bati erantzuten eta, gainera, helburu simetrikoak dira eta ez dute aintzat hartzen sektore bakoitzari, Autonomia Erkidegoei, Toki Erakundeei dagokien egoera, eta bereziki Foru erkidegoen kasuan ez da beren autonomia fiskala aintzat hartzen, eurek arautzen dituzten zergen igoerekin finantzatutako gastuei buruzko erabakiak hartzea ahalbidetzen diena”. Horregatik aldarrikatu du “helburu bereiziak ezartzea sektoreka eta administrazio bakoitzaren betepenaren arabera banatuta”.

Sagastizabalek era berean baieztatu duenez “gastu muga da aurrekontuen muga nagusia, urteko gastu publikoaren hazkundeak BPGaren epe ertainerako hazkunde potentzial zehatz bat gainditu behar ez duela ezartzen duelako; muga hori, gainera, epe ertainerako hazkunde potentziala baino txikiagoa da eta,beraz, administrazioen erabaki-ahalmena murrizten du”. Horregatik eskatu du gastu muga malgutzea, administrazio publikoek defizit eta zor helburuak betetzen direnean, sortuko den superabita herritarren beharrei erantzuteko erabilia izan dadin, hau da, zerbitzu publikoak hobetzera eta kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzera bideratutako jardueretara. “Nahi eta espero duguna da Espainiako gobernuak iragarritako malgutze horrekin ez gertatzea aurreko Gobernuaren saiakerarekin gertatu zena, porrot egin zuela,alegia”, erreklamatu du.

Sagastizabalek era berean azaldu du defizit muga lortzeko aukeratu den bidea dauden zergak aldarazita eta zerga figura berriak sortuta jasoko diren sarrera bidez izatea aurreikusten baldin bada “ez da ahaztu behar aurreko haizeak dakarrena dakarrela (tentsio geopolitikoak, BCEren pizgarriak desagertzea, …)” eta ohartarazi du ez direla oraindik desagertu “lan merkatuaren polarizazioa, langabezia tasa altua, zorpetzea eta ekonomiaren produktibotasun baxua moduko barne arriskuak”. Horregatik, Espainiako gobernuari erreklamatu dio zerga sistemaren aldarazpenari ekitekotan “integral eta progresiboa” izan behar duela, eta aldarrikatu du “epe luzerakoa izan dadila eta bere lehentasunak izan daitezela jarduera ekonomikoari pizgarriak ematea, hazkundearen elementu desitxuratzaileak saihestuz, eta sarreren nahikotasuna, gastuari eta gizarte kohesioari eustera begira”. Edozein kasutan, osoko bilkuran baieztatu du aldarazpen hori egin beharko litzatekeela “gure autogobernu fiskala eta arautzeko dugun ahalmena zorroztasun osoz errespetatzeko printzipioan oinarrituta”. “Aztertu beharko dugu zer nolako zergak diren eta zer helburu izango duten, eta zerga berrien kasuan, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostea beharko dugu”, azpimarratu du.

Gure Legebiltzar Taldea