Prentsa Aretoa

2018/12/12

Espainian tortura eta tratu txarren biktimei egia, justizia eta erreparazioa eskaintzeko bidea zabaltzeko garaia heldu dela uste du Mikel Legardak

Barne ministroari egin dion galderan, diputatu jeltzaleak nazioarteko txostenak azaldu ditu, zeintzuetan biktima hauek egon daudela egiaztatu den, eta salatu du Estatuak “behin eta berriz halako praktikak gertatu izana ezeztatu duela”

rss Ezagutzera eman
Espainian tortura eta tratu txarren biktimei egia, justizia eta erreparazioa eskaintzeko bidea zabaltzeko garaia heldu dela uste du Mikel Legardak

ARGAZKIA JAITSI

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena bete delarik, Euzko Abertzaleak taldeak uste du “aldi demokratikoan eta ETAren terrorismo bidegabearen kontrako borroka garaian torturak, tratu anker edo laidogarriak pairatu zituzten biktimen sufrimendua aitortzeko eta haiei erreparazioa eskaintzeko neurriak hartzeko garaia” heldu dela. Hori dela eta, Barne Ministroari egin dio gai horri buruzko galdera.

“Egia eta justiziaren garaia da. Biktima hauek luzaroegi itxaron dute erakundeek luzeegi jo dutelako aitortzeko eta erreparazioa eskaintzeko. Egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidea zabaldu behar da eta bakerako, adiskidetzerako eta elkarbizitzarako bidea ireki beharra dago”, adierazi du Mikel Legardak, Euzko Abertzaleak legebiltzar taldean Barne gaietarako bozeramaile den ordezkari jeltzaleak.

Legardak azaldu du aitortza emateko bide hau hasi dela Konstituzioa onartu aurreko aldiko gertakariei buruzko Oroimen Historikoaren Legea deritzonarekin, “agerikoa baita erregimen ez demokratikoen errepresioa baliatu zela”. Dena dela “aitortza eta erreparazio hau”, esan du Legardak “are problematikoago agertzen da gaur egungo etapa konstituzionalean gertatu dela gogoan izanda”. Edozein kasutan, gogoratu duenez, “erantzun apalen bat eman da, besteak beste Diputatuen Kongresuan Euskadin atxilotutako batzuei tratu txarrak ikertzeko sortu zen Ikerketa Batzordea, 1979an sortua, Manuela Carmena Madrilgo gaurko alkate andreak Uriarte Gotzainarekin batera egin zuen txostena, edo berrikitan Euskadin aurkeztu den agiria, 1960 eta 2014 urte bitartean egin ziren praktika hauei buruzkoa.

“Biktima hauek egiazkoak dira, ez dira fikziozkoak, eta objetiboki izan dira aitortuak giza eskubideen nazioarteko organismoek eginiko txostenetan”, besteak beste Amnesty International edo Human Rights Watch, “behin eta berriz beren kezka adierazi dutelarik torturaren fenomenoa Espainian gainditu gabe jarraitzen duelako edo ezin delako kontu esporadikoekin lotu”. Gertakari horien aurrean “Estatuak ez du ezer egin”, salatu du diputatu jeltzaleak, “era sistematikoan, halako praktikak existitzen direla ukatu duelako eta agerian geratu direlako borondaterik eza eta biktimen sufrimendu bidegabeak ezkutatzeko asmoa”.

Legardak era berean azaldu duenez “jarduera terroristek ez zuten justifikatu botere gehiegikeriaren bidez eginiko urratzeak, baina giza eskubideak urratu izana ezin da aurkeztu gatazka politiko baten eraginez indarkeria praktika ezberdinen artean geratu den borroka balitz bezala”. Zentzu berean adierazi duenez “ez da bilatzen indarkeria desberdinak berdintzea edo indarkeria terrorista justifikatzea ezta estatu sozial eta demokratikoa ahultzea ere, baizik eta estatu hori indartzea”. Eta Marlaska ministroari eskatu dio gai hau “zuhurtziaz, adostasunez eta sentiberatasunez jorratzea, helburua ez delako elkarbizitza kaltetzea, baizik eta normalizatzea eta eraikitzea, oroimenean oinarrituta eta giza eskubideen edozein urraketa erreparatuta”.

“Giza eskubideak sustatzeari uzten bazaio, ahultzen hasten dira” eta horregatik gaineratu duenez “egunero berritu behar den konpromisoa da, bereziki erakunde guztietan eta beren jardun eta erabaki guztietan”, amaitu du.

Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak gogoratu du galdera honen ondorioz mozio bat aurkeztuko dela eta datorren asteartean, abenduak 18, Diputatuen Kongresuak egingo duen Osoko Bilkurara eramango dela, bozkatua izan dadin.

Gure Legebiltzar Taldea