Next Euskadi
Alderdi Eguna 2019

Prentsa Aretoa

2019/04/23

Ortuzar: “Eztabaidak argi eta garbi utzi du Euskadik eta euskal hiritarrek bost axola diegula: lau horietako bakar bat ere ez da fidagarria”

EBBko presidenteak, Urkulluk, Goiak, Agirretxeak eta Vaquerok Donostian aldarrikatu dute 'EAJ ereduaren indarra eta eraginkortasuna' euskal autogobernuari ezarri zaizkion mehatxuei aurre egiteko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmend handian.

Espainiako alderdietako buruek atzo egin zuten debate etsigarria (gaur ere antzeko zerbait gertatzeko mehatxua dago), EAJ-PNV kanpoan utzi zutenez geroztik “Euskadi “hitza aipatu egin ez zelarik, oso presente egon da gaur arratsaldean talde jeltzaleak Jose Maria Sert Enparantzan egin duen ekitaldi politikoan. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak baieztatu duenez “bart gauean bi gauza geratu ziren argi eta garbi. Lehenengoa, Euskadi eta euskal hiritarrok bost axola diegula horiei. Eta, bigarrena, horietako bakar bat ere ez dela fidagarria. Erabakia hartu gabe dutenek ez dute erabakia gerorako utzi behar: lau alderdi horiek ez dute balio Euskadi Kongresuan eta Senatuan ordezkatzeko. Beren “Juego de tronos” horretarako botoak dira, eta ez Madrilen Euskadiren interesak defendatzeko”. Ortuzarrekin batera gaurko ekitaldian hitz egin dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Eneko Goia Donostiako alkate eta berrautaketarako hautagai jeltzaleak eta Joseba Agirretxeak eta Maribel Vaquerok, Kongresurako eta Senaturako hautagai jeltzaleak.

Ortuzarrek aitortu du bereziki “kezkatuta” dagoela Pedro Sanchezi galdetu ziotenean A-28aren ondoren Ciudadanosekin hitzartzea aurreikusten ote duen. “Denbora daramagu PSOE-Ciudadanosen arteko itunaz ohartarazten. Ikusten ari gara eskuindarreko hirurak inkestetan ahulago agertzen direla. Euskadin dagoen arrisku handia ez da Hirukoen Ituna baizik eta Sanchez-Rivera bikotea. Euskadiren kontrako mehatxua da apirilaren 29an Sanchez Riveraren besoetan erortzea. Hori da euskal herritarrok argi baino argiago izan behar duguna botoa emateko eskubidea baliatzeko orduan: Espainiako hurrengo gobernuan eragina nork izatea nahi dugun, Riverak edo EAJk”. Jeltzaleen buruak esan du “harro” sentitzen dela EAJn politikagintza “bestela” egiten delako, Espainiako alderdiek egiten dutenarekin alderatuta. “Proposamenak, akordioak, erantzukizuna, denontzako ongizatea… Hori da gure helburua eta gure metodoa”, esan du, adibidetzat emanez EAJ-PNVk lau urteotan Donostian eta Gipuzkoan egin duen lana “goitik beherako aldaketa eman zaio Bilduk utzi zigun desastreari”.

Bestalde, Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu duenez, alderdi espainiarren “negazionismoa eta birzentralizazioaren aurrean” Euskadiren eta euskal herritarren defentsarako “alternatiba eraginkor bakarra” Euzko Alderdi Jeltzaleari botoa ematea da. Horrela, Lehendakariak Gernikako Estatutua gelditu, murriztu edota ukatu nahi dutenen aurrean euskal Autogobernuaren defentsa sendoa egin du; pribilegioak edota “kuponazoak” aipatzen dituztenen aurrean Itun Ekonomikoaren defentsa sendoa; eta Estatu eredu berriaren defentsa sendoa, hain zuzen ere, Euskadi nazioa dela onartzea eta, berme erregimen batekin, berdintasunean, aldebikotasunean eta akordioan oinarritutako harreman eredua izatea planteatzen duen Eusko Legebiltzarraren ebazpenetik abiatutako Estatu eredu berria. “Konstituzioak jasotzen duenaren aurka, 155. artikulua inposatuko luketen alderdien aurrean; gure Autogobernuaren singulartasuna errespetatu gabe berau berdindu eta uniformizatu nahi dutenen aurrean; birzentralizatu nahi eta isildu eta ukatzen ez dutenen aurrean; inboluzioa eta errekonkista proposatzen dutenen aurrean, guzti horren aurrean Euskadiren interesak defendatzeko alternatiba eraginkor bat dago: Euzko Alderdi Jeltzalea”, azpimarratu du.

Joseba Agirretxeak aldarrikatu du alderdi politiko batek, futbol talde batek egin behar duen era berean, “defendatzen jakin behar du eta emaitzak lortzeko gai izan behar du”, eta gaineratu du ezinbestekoa dela “defendatzearen eta proposatzearen arteko oreka bilatzea. Gure autogobernua defendatze hutsetik harago joan behar dugu. Argi eta garbi gure autogobernua ez da ukitzen, hori da gure oinarria eta hortik aurrera jokoan jarraitu behar dugu, emaitzak lortzen jarraitu behar dugu, gauzak proposatzen, proaktibo izaten. Ez dugu onartzen autogobernua ez ukitzearen truke, aurrera egiterik ez izatea”. Kongresurako EAJ-PNVren hautagaiak nabarmendu duenez “harro egoteko” gauza da Madrilen ordezkatzea “urterik urtera euskal herritarrok arazoak konpontzeko aukeratu duten alderdia”.

Maribel Vaquerok gogoratu du azken egunotan alderdi guztiak ari direla erabakia hartu gabe daudenak konbentzitzen, eta esan du “igandeko hauteskundeetan Euskadik jokoan izango duena ez da Espainia nork gobernatuko ote duen, baizik eta Euskadiren interesak eta eskubideak nork defendatuko dituen”. Horregatik, EAJ-PNVk Gipuzkoatik Senaturako aurkeztuko duen hautagaiak eskatu du gogoratzea jeltzaleen historia luzea eta azken urteotako helburua izan dela “euskal herritarren eskubide eta interesak defendatzea; eta ez edozein modutan, baizik eta etikan eta demokrazian oinarrituta”.

Eneko Goia Donostiako alkateak kritikatu du Espainiako politikariak hauteskunde kanpaina osoan eskaintzen ari diren “ikuskizun lotsagarria”. “Batzuek euskal herritarrak sartu nahi gaituzte ikuskizun horretan eta, jakina, beren probetxurako”. Goiak azpimarratu du Pedro Sanchez isilik geratu zela hauteskundeez geroztik Ciudadanosekin hitzartuko ote duen galdetu zitzaionean, eta kritikatu du iragan ostiralean Donostiara etorri zenean “ez zuen hitz egin Loiolako kuartelez ez Martuteneko espetxeaz ezta Hondarribiako aireportuaz ere”. “Hori da Sanchezen eta PSOEren estiloa. Beren gauzetara daude, eta ez hemen ditugun arazoetara”, esan du.

Next Euskadi