Prentsa Aretoa

2019/10/29

A-10erako “ekipo bikaina” aurkeztu du EAJ-PNVk “Norabide finkoa daraman trainerua eramateko: Euskadi”

Bilboko Ramón de la Sota kaian egin da Madrilen Euskal Taldea osatu nahi duten pertsonen aurkezpena, azken 101 urteotan egin duen era berean Euskal Agenda defendatzen jarraituko duena

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Azaroaren 10eko hauteskundeei begira aurkeztuko ditugu aurreko hauteskundeetara eraman genuen lantalde berbera, emakume eta gizon berberak, eta arrazoi bategatik egingo dugu: ekipo bikaina osatzen dutelako, hauteskundeak errepikatu behar izatearen porrot honen errurik ez dutelako eta prest datozelako Euskadiren elastikoaren izenean daukaten guztia emateko”. Hitz horiekin aurkeztu ditu Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, EAJ-PNVren izenean eta EAEko hiru Herrialde Historikoetan EAJ-PNVren zerrendak osatzen dituzten 27 pertsonak. Ortuzarrek nabarmendu du beraiek izango direla “Euskadiren ahotsa Madrilen; ahots zentzuduna, eraginkorra,euskalduna Espainian politikagintzan nagusi diren zarata eta zalapartaren artean”.

EAJ-PNVk Bilboko Ramón de la Sota kaia aukeratu du gaur hautagaitza jeltzaleak aurkezteko ekitaldia bertan egiteko. Ortuzarrek gogora ekarri du De la Sota izan zela Alderdiak Madrilen izan zuen lehen ordezkarietako bat. “1918ean izan zen EAJk Diputatuen Kongresuan bere lehen ordezkaritza lortu zuenean. 101 urte igaro dira harrezkero, mende bat pasatxo, eta hor jarraitzen du EAJ-PNVk, Madrilen Euskadi defendatuz, plaza konplikatu horretan euskal emakume eta gizonen ahotsa defendatuz”, azaldu du. EBBko presidenteak argi bezain sendo hitz egin du : “De la Sota eta bere garaikideak harro egongo lirateke EAJk gaur aurkezten duen ekipoarekin. Aldi berean eta norabide berean arraun egiten duen trainerua, hitz sendo eta sakonekin. Ekipo honek argi dauka garrantzitsuena ez dela arinago joatea, baizik eta hobeto egitea”. Ortuzarren esanetan “lagunarte hau ez dabil, besteen antzera, urak harrotzen nabarmen geratzeko. Arraunkada barea egiten du, sendoa eta eraginkorra, trainerua norabide onean eramateko, EAJ-PNVk azken 124 urteotan markatu duen norabide berean doa: ‘Euzkotarren Aberria Euzkadi da’. Horra hor gure norabidea. Madrilgo estropadetan ere bai. Norabide finkoa, aldaezina, iparrerantz: Euskadirantz. Ziabogarik egin gabe. Lasterbiderik gabe. Itxurakeriarik gabe. Seriotasun osoz”.

“Batzuek ez dute gustuko, baina Madrilen Euskal Taldea esaten digute gu garelako Euskadi defendatzen dugunak, Estatuko politika Euskadiren mesederako baldintzatzeko gai garelako”, ekarri du gogora Andoni Ortuzarrek. “Argi baino argiago daukagu zeri ekin nahi diogun: Madrilen euskal gaiak defendatzeari”. Gainera, “EAJ Madrilen eraginkorra denean, Euskadiri ondo doakio”. “Horregatik da horren garrantzitsua Madrilen Euskal Talde indartsua osatzea, eta horixe guk baino ez dugu egingo, EAJ-PNVko emakume eta gizonok”, bermatu du.

Aitor Estebanek, azaroaren 10eko hauteskundeetarako zerrendaburu jeltzaleak, bere aldetik ohartarazi du “garai konplikatuak” datozela “birzentralizatze denborak”. “Batzuen eta besteen diskurtsoak entzutea baino ez dago, PSOE ere Sánchezen ahotik ari da orain Kataluniako gatazka politikoa ukatzen”, esan du. Horregatik, euskal hiritargoari eskatu dio aintzat har dezala euskal autogobernua defendatu beharra dagoela,eta horretarako esan du ahots propioa behar dela “Madriletik gidatuak ez izateko eta Euskaditik soilik erantzun ahal izateko”.

Estebanek era berean nabarmendu du estatuko alderdiak “motorrarekin” doazela eta aurre-kanpainan eta kanpainan talde handien eta komunikabide handien babesa dutela eta horien aurrean “guk traineruan joango gara, betidanik egin dugun moduan”, ondorengo “lehentasun eta baldintzekin”: “Euskadiren defentsa, bere autogobernuaren defentsa eta, beraz, euskal herritarren ongizatearen defentsa, erakundeen egonkortasuna eta solaskide izateko gaitasuna”. “Antzeman daitezkeen arazo ekonomikoei aurre egin nahi badiegu, kontu politikoei irtenbidea eman nahi badiegu, lurralde gatazkei barne, solaskidea eta egonkortasuna behar dira. Eta duela hilabete batzuk egin genuen modu berean, erakundeetan egonkortasuna ematen saiatuko gara”, adierazi du.

Gure Legebiltzar Taldea