Prentsa Aretoa
2019/11/01
Oroimena berreskuratzeko esparruan dagoen “sekretismoaren gaineko beloa” altxatzea eskatu du Aitor Estebanek
EAJ-PNVk Bizkaitik Kongresurako aurkeztuko duen zerrendaburuak gaur exijitu du Oroimen Historikoaren Legea osorik betetzea,eta Sekretu Ofizialen 1968ko legea eguneratzea erreklamatu du
Artxandan ‘Aterpe 1936’ eskulturaren babespean, Euskadin demokrazien alde eta euskal herritarren askatasunen alde borrokatu ziren pertsona guztien izenean jarri zen oroigarriaren aurrean eta Euzko Gaztedi Indarra-EGI gazte erakundeak Guda Zibilean erori ziren gudariak oroitzeko egin den ekitaldian, Aitor Estebanek, EAJ-PNVk Bizkaitik Kongresurako aurkeztuko duen hautagaiak, argi bezain sendo hitz egin du oroimena berreskuratzeko esparruan horrenbesteko sekretismoren gainean dagoen beloa altxatzea eskatuz. Ildo beretik, Espainiako Gobernuari erreklamatu dio Oroimen Historikoaren Legea “osorik” betetzea eta Sekretu Ofizialen legea eguneratzea, 1968koa dela gogora ekarriz; “honezkero ez du balio erdizka ibiltzeak”.
Estebanek hasteko irakurri du ‘El Árbol de Gernika’ George Steer kazetariaren liburuaren zati bat, eta horrekin nabarmendu nahi izan du garrantzitsua dela “nondik gatozen jakitea, etorkizunera begira markatu behar den ibilbide orria jakiteko”. Zentzu berean kritikatu du Francoren exhumazioa nola gauzatu den. “Zergatik ez zuten lehenago egin? Ondo egon da diktadorea ateratzea, baina PSOEk urteak izan ditu hori egiteko. Dagoeneko ez du balio erdizka ibiltzeak”, azpimarratu du. “Ni neu sumindu egin nintzen exhumazioa telebistatik eman zutela ikusita, eta jakin dakit ez nintzela bakarra izan. Diktadorea atera eta telebistan zuzenean ematen da Francoren familiak eta ‘fatxerio’ guztiak probetxua atera dezan beren traste guztiak ateratzeko tipo hau gizon handia izan balitz bezala? Azken asteotan Franco familia ikusi dugu euren ‘aitona’ gora eta behera eramaten hau dena normala izango balitz bezala… eta ez da ezer gertatu. Atera egin beharko zuten telebistarik gabe. Ez dute ondo egin”, kritikatu du.
Era berean gogoratu du Erorien Haranean oraindik hainbat gauza geratzen direla egiteko. “Hainbaten gorpuzkiak daude han, euskaldunenak ere bai; guk dakigula 33.000 lagunenak, baina kalkuluen arabera 60.000 izan daitezke”, azaldu du. Aitor Estebanek era berean esan du jarduneko presidenteak berak, hauteskunde kanpaina aurreko egunetan, Calatayudeko hainbat familiari bidali dien eskutitzean hitzeman duela Haranean hilobiratuta dituzten senideen gorpuzkiak aterako dituztela. “Oraindik hemen nago beren senideen gorpuzkiak handik ateratzea eskatu duten Euskadiko 14 familiei erantzuna noiz emango dien zain, baina ez dute erantzunik jaso. Laster jasotzea espero dut”, eskatu dio Sánchezi.
Era berean nabarmendu duenez “funtsak jarri behar dira hobi komunak irekitzeko, hainbat udalerritan kolpisten izenekin dauden kale eta plazetako plakak kentzeko…” eta euskal erakunde eta elkarteek memoria alorrean egin duten lanaren balioa aldarrikatu du. “Euskadik konpromiso sendoa dauka oroimenarekin: 1.500tik gora sinbolo frankista kendu dira eta Aranzadi aitzindaria izan da ADNren bankua egitean”, azaldu du. Bien bitartean “oraindik, gure batailoien eta gure Uri Erakundeen banderak agiritegietan eta museoetan daude; Eusko Jaurlaritzaren agiriak ere ez dira itzuli”, salatu du.
Hurrengo legealdian “badago zerbait kotoiaren proba izan beharko duena”, esan du Estebanek “agiriak dira”; “Sekretu Ofizialen Legeaz ari naiz; dagoeneko ezin gara erdizka aritu”. “Ezin dira Francoren garaiko paperak ateratzen ibili eta ateratzen direnak ere izenak gainetik zirrimarratuta Ondare Historikoaren Legea modu lotsagarrian interpretatzen delako. Sekretismoa horrenbesterainokoa da, niri ere, diputatu naizela, Kongresuan trantsizio garaian torturen inguruan egin zen batzorde baten agiriak ukatu dizkidatela. Bada, horrelakoa da Espainiako legeria gaur egun: lotsagarria benetan”. Birraukeratua izateko aurkezten den hautagaiak berriro galdetu du: “Zer arazo dute batzuek trantsizioan edo otsailaren 23an gertatu zena ezagutzearekin? EAJ-PNVk Francoren denborakoa den legea aldatzeko proposamena aurkeztu du, Sekretu Ofizialen Legea. Denek baietz, baina bi urte eta erdi geroago kajoi batean jarraitzen du PPk, Ciudadanos-ek eta PSOEk eztabaidara eraman nahi izan ez dutelako”. Estebanek baieztatu duenez “Lege proposamen hori berriro ere aurkeztuko dugu”, eta espero du “PSOEk erantzukizunari aurre egitea eta bere kideen ondoan egotea, gerra eta trantsizioa sufritu zutenen ondoan, eta horrenbesteko sekretismoren gaineko beloa altxa dezala.
Ekitaldiaren hasieran hitz egin du Nerea Ruiz EGIkideak eta “gure aurretik egon zirenak” omentzeko beharra nabarmendu du. Zentzu berean ekarri du gogora Agirre Lehendakariaren belaunaldia. “Amets egiten jakin zuen belaunaldia, eskuzabala eta kementsua, erreferente dena eta izango dena”. “Agirre Lehendakariak bere gain hartu zuen herri bat antolatzeko ardura, eta Estatutuak bizirik iraun zuen 8 hilabetetan egin zuen hiru printzipio nagusi oinarri harturik: askatasuna, elkarbizitza eta pertsonen duintasuna, eta gure Herria instituzionalizatzeko ardura”, adierazi du.
Gudariak gogoratzeko eta omentzeko ekitaldiaren baitan Ruizek kritikatu duenez “oraindik batzuk daude orduko heroi haiek herri honek bizi izan dituen urte beltzenen errudun izan ziren terroristekin alderatu nahian dabiltzanak”. “Talde berean sartzen dituzte Bilbo faszistengandik defendatu bitartean hiria ebakuatzen lagundu zuten gudariak eta armarik ez duten pertsonei bizia kentzen aritu zirenak. Horiek konparatzen dabilena oraindik ez da ohartu euskal gizarteak ez duela sekula ulertu ez beren jarrera etikoa ezta beren estrategia politikoa ere”, salatu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10