Prentsa Aretoa

2020/01/16

Espainiako gobernuari egonkortasuna ematearen alde agertu da Aitor Esteban, baina aldi berean “keinuak” eskatu ditu

Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan, Euskal Taldeko bozeramaileak berretsi du egin daitekeen zerbait dela Estatutuak jasotzen dituen eskuduntzak EAEri transferitzea, eta “betetzeke dauden erronkei” gaur egun parlamentuan dagoen gehiengoarekin heltzea planteatu du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Ez luke zentzurik izango baiezkoarekin edo abstentzioarekin Sánchezen inbestidura ahalbidetu dugun alderdiok Aurrekontuen porrota bideratzea. Zertarako babestu dugu Gobernua?”. Hausnarketa horrekin, Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, EAJ-PNVk Espainiako gobernuari egonkortasuna emateko aldarrikatzen duen apustua azaldu du “gauden egoeraz jabetuta” eta “solaskidetza behar delako arazoei irtenbide bat emateko”. Edozein kasutan, Estebanek aprobetxatu du PSOErekin izenpetutako akordioak gogora ekartzeko, inbestiduraren bozketan jeltzaleen baietza eragin zutenak, eta Espainiako gobernuari “guretzat lerro garrantzitsuak zein diren jakitun denari” eskatu dio “keinuak” egin ditzala Estatuko hurrengo Aurrekontu Orokorrei begira.

Bizkaia Irratian egin zaion elkarrizketan, Aitor Estebanek baloratu du Espainiako gobernua eta Sánchez Presidentea “orain arte kontuan hartu ez diren erronkei heltzeko prest” agertu direla eta, aldi berean, nabarmendu du EAJ-PNVk Espainiako parlamentuan izan duen eta daukan eginkizuna, diputatu jeltzaleen botoak guztiz erabakigarriak izan direlarik, behin-behinekotasun egoeran horrenbeste hilabete eman ondoren. Ildo beretik eta beste alderdi handiekin alderatuta, Estebanek azpimarratu du EAJ-PNV izan dela “akordio bat izenpetu zuena zeinetan ezartzen den heldu beharreko erronkak zein diren eta nola jardun behar den: nazio auzia, legeen edukiari buruzko aurretiazko komunikazioa, fiskalitate gaiei buruzko akordioa, azpiegiturak, euskal selekzioak,… akordio horiek guztiak geuk lortu ditugu; Euskadiko beste alderdiek behintzat ez dute akordiorik lortu”, esan du.

Akordio honen puntuetako bat da,hain zuzen ere, bete gabe geratzen diren eskuduntzak EAEra transferitzea. Gai horren inguruan, Estebanek baieztatu du “pendiente dauden eskuduntza gehienak goitik behera aztertu direla” eta horregatik aurreratu du prozesu hori bideratzea “erraza” izango dela. Espetxeen gaiari dagokionez, Estebanek berretsi duenez “ez luke arazo izan behar Kataluniako eredua aplika litekeelako” eta gaineratu du daukan “konplexutasunaren gainetik ere” “Gizarte Segurantzaren transferentziaz hitz egin behar dela”. Estebanek gaineratu duenez gai honetarako “aukera bat zabaldu da eta Auzitegi Konstituzionalak duela hiru hilabete esan du edukia eman behar zaiola”.

Espainiako gobernuari ETAko espetxeratuak Euskadiko espetxeetara hurbiltzea eskatuko diola esanez Eusko Jaurlaritzak egin duen iragarpenaz galdetuta, Estebanek zera ekarri du gogora “hori ez da planteamendu berri bat”. Guztiz alderantziz, bozeramaile jeltzaleak gogoratu du urtero eskatu dela “eta ez bakarrik Sánchezen Gobernuari baizik eta Rajoyrenari eta aurrekoei ere”.

Amaitzeko, Aitor Estebanek aldarrikatu du azken finean Espainiako estatuan diren lurralde arazoak konpontzeko orduan beharrezkoa izango dela Euskadik eta Kataluniak beren etorkizuna erabaki ahal izatea. Edozein kasutan eta “egia eta errealitatea” aldarrikatu nahirik Estebanek esan du horrek ez duela esan nahi hori “bihar goizean” gertatuko denik. “Ezin zaio jendeari iruzur egin”, nabarmendu du.

Gure Legebiltzar Taldea