Prentsa Aretoa

2020/09/14

Europako funtsak baliatzea aldarrikatu du Aitor Estebanek, eredu ekonomiko berrirako oinarriak ezartzera begira

Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak berretsi du “logikoa” izango litzatekela, Aurrekontuei begira, inbestidura ahalbidetu zuen gehiengo berbera errepikatzea, eta uste du Kitchen auziak “ibilbide bat” izango duela eta “ondorioak” ekarriko dituela

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur berretsi du Estatuko Aurrekontu Orokor berriak behar direla “krisi ekonomiko eta sozialari” aurre egiteko, “aurrekontuen beste luzapen batek ez lukeelako baliorik izango”, baina “apustu zehatzen bidez” egitea defendatu du Europako funtsak eredu ekonomiko berri baterako oinarri gisa, non industriak pisu garrantzitsua izango baitu. Eta puntu horretan jarriko du jomuga EAJ-PNVk eta aurrekontuei buruzko elkarrizketei begira egongo da, momentuz ez baita “hitz orokorretatik” igaro.

ETB1en ‘Egun On Euskadi’ saioan egin den elkarrizketan, Estebanek baieztatu du “logiko eta naturala” litzatekeela Sánchezek bere inbestidura ahalbidetu zuen gehiengo berbera baliatzea, baina gaineratu duenez “hainbat faktore daude eta erabaki beharreko hainbat gai daude” eragile politiko askoren aldetik, eta horrek eragozten du Sánchezen Gobernuak egingo duenari buruzko pronostiko argia egitea. Edozein kasutan, Estebanek nabarmendu duenez Ciudadanos gehiengo horretan sartzekotan “muga batzuk jarri beharko genituzke aurrekontuen negoziaketa erabil ez dezaten gure kontrako politika egiteko”.

Beste alde batetik, eta iragan ostegunean Ganberak Euskal Taldearen kontrako botoarekin atzera bota zuen Udal Dekretuari dagokionez, Estebanek nabarmendu du beste bide batzuk aurkituko direla Dekretuak jasotzen neurri positiboak aurrea ateratzeko, eta Konstituzioaren 135. artikulua eta Aurrekontuen Egonkortasunerako eta Finantza Iraunkortasunerako Legea aldaraztearen alde agertu da.

Beste alde batetik eta Kitchen auziaz galdetuta, bozeramaile jeltzaleak nabarmendu du Francisco Martinez ez dela “edozein pertsona, Fernandez Diazen bigarrena”, izan baitzen Barne Ministerioan eta, azken aldian ezagutu diren informazioak eta Estatuko Segurtasun idazkari izan zenaren adierazpenak ikusita, aurreratu du auzi honek “ibilbide bat” izango duela eta “ondorioak ekarriko dituela.

Gure Legebiltzar Taldea