Prentsa Aretoa

2020/10/13

Unidas Podemosek Suhiltzaileen Oinarrizko Estatutua sortzeko egin duen proposamena “zentralista, jakobino eta errealitatetik urruntzat” jo du Mikel Legardak

Diputatu jeltzaleak talde konfederalaren Lege Proposamena arbuiatu du “ Suhiltzaileen LOAPA” bat dela esanez

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

"Aurrean daukaguna da egon daitekeen testurik zentralistena eta jakobinoena, eta errealitatetik urrun  dago”. Horrela mintzatu da Mikel Legarda Euskal Taldeko diputatua Unidas Podemosek Suhiltzaileen Oinarrizko Estatutua sortzeko aurkeztu duen Lege Proposamenaren aurrean.

Legarda ekimenaren zioen azalpenean jaso dena ekarri du gogora  baieztapen hori egiteko. Bertan, "Autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako suhiltzaile-zerbitzuak harmonizatzeko asmoa" adierazten da. Testuinguru berean eta Suhiltzaileen LOAPA dela esan ondoren, diputatu jeltzaleek aurka bozkatuko dutela iragarri du.

Legardak Kongresuan hitza hartu duenean esan du Unidas Podemosen ekimenak "hankaz gora” jartzen dituela suhiltzaile-zerbitzuak, administrazio publikoetan behar bezala funtzionatzen dutenak, eta, gainera, “babes zibilaren arloko eskumenen banaketa urratzen da, bai eta autonomia-erkidegoetan eta toki-erakundeetan lan  hori egiten duten funtzionarioena ere"; eta gaineratu duenez toki eta autonomiei dagozkien eskumenak bereganatzeko asmo hori “are bitxiago gertatzen da  Konfederal deitzen den talde parlamentario baten aldetik ematen delako”.

Halaber, diputatu jeltzaleak auzitan jarri du proposamenaren beharra,  Unidas Podemosen idazkian esaten denez “zerbitzuen prestazioan ematen diren gabeziekin” justifikatzen den arren, “baina inoiz ere ez digute esaten suhiltzaileen zerbitzu ezberdinak zertan izan diren defizienteak”.  Hala, eta Legardak ildo beretik nabarmendu duenez “marko bakar eta uniformea proposatzen da gabeziak dituen egoera bati aurre egiteko, gabezia horiek zein diren esan gabe”.

Azken finean, Legardak kritikatu du “erremedio” bat proposatu nahi dela “konstituzioaren kontrakoa izateaz gain, existitzen ez den arazo bati aurre egin nahi zaiolako”.

Gure Legebiltzar Taldea