Prentsa Aretoa

2021/09/27

Euskal Taldeak Kongresuaren babesa lortu du San Cristobal Fuertearen desmilitarizazioa aztertzeko

Defentsa Batzordean onartutako testuaren arabera “formularik onena aztertuko da” gotorlekua Nafarroako erakundeen jabetza izan dadin

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Ekimenaren defendatzaileak, Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak, gogora ekarri duenez gotorleku hau espetxe izan zen, non 1936ko Estatu Kolpearen ondoren 2500 pertsona preso egon baitziren “errepublikazale , sindikalista edo abertzale izateagatik”. Hitza hartu duenean, Agirretxeak toki hartan preso egon zen pertsona baten lekukotasuna azaldu du, Josu Urrestirena, Agirretxearen aitonarena. "Miseria eta zikinkeria besterik ez genuen", zioen Urrestik bere memorietan.

Agirretxeak era berean gogoratu duenez espetxe hartan, 1938ko maiatzaren 22an, 795 pertsonek ihes egin zuten eta hiru iheslarik baino ez zuten Frantziako mugara iristea lortu. Diputatu jeltzaleak gogorarazi duenez, Ezkaba mendiaren inguruan ihesaldia "ehizaldi" bihurtu zen, eta oraindik jarraitzen dutela gorpuak "leku malapartatu" hartako hobitik ateratzen Nafarroako Foru Erkidegoko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia, Aranzadi bezalako elkarteak eta gizarte zibileko hainbat eragile egiten ari diren lanari esker.

"Gotorlekua, duela 80 urte baino gehiago kolpistek hartu zutena, automatikoki Ejertzitoarena izatera igaro zen, eta oraindik da Defentsa Ministerioarena", kritikatu du Agirretxeak. Horregatik guztiagatik, Euskal Taldeak honako hau eskatzen du: "Oroimen zorigaiztoko leku hori laga egin behar da, oroimenaren leku bat izan dadin, demokrazia eta askatasuna defendatzeagatik exekutatu, fusilatu eta bizia galdu zuten pertsona guztiak omentzeko; pertsona haiek guztiak oroitzeko eta omentzeko leku izateko".

Adostutako testua EAJ-PNVren eta PSOEren arteko erdibideko zuzenketa baten ondorio da, eta, horrekin batera, Unidas Podemosek eta Esquerra Republicanak bat egin dute: "Gobernuari eskatzen zaio Nafarroako Gobernuarekin batera azter dezala formularik onena San Cristobal gotorlekuak erabilera militarra izateari utz diezaion eta Nafarroako erakundeen jabetza izan dadin". Alderdi Popularrak, Voxek eta Ciudadanosek ekimenaren aurka egin dute, eta Agirretxearen arabera, argudio horrek "tristura handia sortzen jarraitzen du bertan beraien bizitzak galdu zituzten pertsonen oroimenean".

Gure Legebiltzar Taldea