Prentsa Aretoa

2022/02/03

Euskal Taldeak 'ezetza' eman dio Lan Erreformari, Gobernuak hitzarmen autonomikoen nagusitasuna jasotzeari muzin egin ondoren

Aitor Estebanek baieztatu du EAJ-PNVk jarrera “argia, zintzoa, moderatua eta arrazoitua” erakutsi duela Euskadiko lan harremanen markoaren defentsa eginez, eta Gobernuaren “gorreria” deitoratu du, bai eta “inposatu” den akordioa ere: “Antiparlamentarismoaren gaindia da hau”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskal Taldeko diputatu jaun-andreek `ez´ bozkatuko dute Lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko Errege Lege Dekretuaren bozketan, Espainiako gobernuak ordenamendu juridikoan autonomia-erkidegoetako hitzarmenek estatuetakoen aldean duten nagusitasuna jasotzeari uko egin ondoren, EAJ-PNVrentzat “utziezina” den zerbait.

Osoko Bilkuran hitz egiteko izan duen tartean, Euskal Taldeko bozeramaileak baieztatu du EAJ-PNVk Euskadiko lan harremanen markoaren eta Euskadiko eragile sozialek 2017an aho batez adostu zuten lanbide arteko akordioaren defentsan erakutsi duen jarrera “argia, zintzoa, moderatua eta arrazoitua” izan dela. Areago, Estebanek gogora ekarri du Espainiako gobernuak, Sánchez Presidentea barne, sindikatuek eta ugazaberiak jeltzaleen aldarrikapen hau “duela hilabete batzuk” ezagutzen zutela: “Ez diogu inori iruzur egin. Denbora luzez ohartarazi genuen, Parlamentuari kasurik egiten ez ziotela ikusten genuelako”, adierazi du.

Hain zuzen ere, Estebanek Espainiako gobernuaren burugogorkeria kritikatu du “inori kalterik egiten ez dioten eta elkarrizketa sozialerako Mahaian adostu den testuaren muinari eragiten ez dioten gaiak jasotzeko orduan, eta esan du Espainiako gobernuaren “beldur eszenikoa eta zurruntasuna” izan direla EAJ-PNVk azken momenturaino bultzatu duen akordioa eragotzi dutenak. “Autonomietako hitzarmenen prebalentzia edo nagusitasuna ukaezina da, bai eta presazkoa ere. Eta ezin gara beste aldera begiratzen geratu”, berretsi du Estebanek. Edozein kasutan, eta Gobernuak nagusitasun hori jasotzeari muzin egin dion arren, jeltzaleen bozeramaileak Osokoan baieztatu duenez “EAJ-PNVk ez du etsiko eta parlamentuko izapideak emango dituen aukera guztiak baliatuko ditu ordenamendu juridikoan jasotzeko” hitzarmen autonomikoen nagusitasuna, Euskadiko lan harremanen markoa defendatzea xede.

“Atsegin ditugu kontsentsuak, baina kontsentsuak ez dira inposatzen, are gutxiago Parlamentu demokratiko batean. Antiparlamentarismoaren gaindia da hau”, salatu du. Kritika berberak egin dizkio patronalari, akordioaren ´koma bakar bat ere´ ez aldatzeko egin duen eskakizuna “demokratikoki aukeratu diren ordezkariei eginiko xantaia onartezin” jo duelako. Ildo beretik, Estebanek agerian utzi nahi izan du CEOEk eta CONFEBASKek eginiko baieztapenen “kontraesana”, hitzarmen autonomikoen nagusitasuna testuan jaso beharrik ez dagoela esan dutenean, dagoeneko aurreikusita dagoelako. “Hala bada, eta praktikan aldaketarik ez badakar, zergatik aurka egin? Azalpen bakarra sinbolikoa da, bai eta politiko-ideologikoa ere”, esan du.

Euskal Taldearen bozeramaileak “ohiz kanpoko” jo du Espainiako gobernuak Lege Dekretua aukeratu izana Erreforma hau izapidetzeko formula gisa, eta ukatu egin du Europaren ustezko eskakizun baten argudioa: izapidetze azkarra eta aldaketarik gabea izatea, alegia. “Europak ulertuko luke negoziatutakoaren muina apurtzea ekarriko ez luketen aldaketak egin ahal izatea, baina saiatu ere ez dira egin”, deitoratu du.

Lan Erreformaren funtsari dagokionez, Estebanek nabarmendu du EAJ-PNVk “positibo” jotzen dituela Erreforman jasotzen diren neurrietako batzuk, hauen artean kontratazio mugagabeari bultzada ematea, kontratu finko-etenaren erregulazioa, behin-behinekotasuna murrizteko edo aurreraeragina berreskuratzeko mekanismoak, eta enplegu-zentro berezien edo txandakako prestakuntzaren erregulazioa, EAJ-PNVk eginiko erreklamazioak ere jasotzen duena “LHra mugatuta egon gabe, enplegurako prestakuntzara ere irekita egon dadin”.

Hala ere, Estebanek bai salatu du lan erreformak “eskuduntzen banaketa urratzen duela”, SEPEri esleitzen dizkiolako enplegurako politika aktiboen titularrei dagozkien eskuduntzak, euskal erakundeen ardurapean daudenak, EAEri dagokionez. ”Gauza bera gertatzen da kontingentzia arrunten kuoten hobarien finantzaketarekin eta enpresen prestakuntza-jardueren finantzaketarekin eta jarraipenarekin”, esan du. “Eskuduntzen markoa errespetatu behar da”, amaitu du.

Gure Legebiltzar Taldea