Prentsa Aretoa
2023/04/17
Aitor Estebanek ziurtatu du Etxebizitza Legeak “lehen bezala, lege inbaditzaile” izaten jarraitzen duela
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Euskal Taldearen bozeramaileak esan duenez “gutxienez, kontraesankorra da” talde soberanista eta independentista batek “Estatuari bidea zabaltzea, lehen aldiz ezar eta arau ditzan Auzitegi Konstituzionalak berak, Estatuak eskumen gaitzailea ez duelako, geldiarazi dituen etxebizitza-politikak”
Aitor Esteban, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldea kezkatuta agertu da gaur Estatuari zabaldu berri zaion bideagatik etxebizitza alorrean legeak egin ditzan, orain arte gai horretan eskuduntzak izan ez arren. Estebanek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan gogora ekarri duenez “Auzitegi Konstituzionalak ere planto egin dio Estatuari” arlo horretan legeren bat egin nahi izan duenean “etxebizitza alorrean eskuduntzarik ez duelako”. Bozeramaile jeltzaleak ildo beretik esan duenez “gutxienez kontraesankorra da talde subiranista eta independentistak atea irekitzea Estatuak lehen aldi etxebizitza politikak ezar eta arau ditzan, Auzitegi Konstituzionalak halakoak geldiarazi dizkionean”.
“Lege horrek esaten du etxebizitzen parke publikoak nolakoa izan behar duen, etxebizitza politika publikoak nolakoak izango diren, derrigortzen du adierazle batzuk jarraitzera, zeinetarako Estatuari datu guztiak eman behar zaizkion; Estatuak markatzen du, ebaluazioa egin ondoren,adierazle horiek betetzen diren; inoiz existitu ez den Konferentzia Sektoriala sortzen du, bai eta alde anitzeko batzorde bat eta alde biko batzorde bat ere”, azaldu du Estebanek. Era berean kritikatu du lege hau praktikan jartzeko formula 'spending power' izatea, hau da, Estatuak baldintzak ezartzen ditu eta politikak finantzatzen ditu, Autonomia Erkidegoek betearazi behar dituztenak. Edozein kasutan, EAEren kasuan formula bestelakoa izango litzateke Ekonomia Hitzarmenean oinarrituta dagoen finantzaketa propioa duelako.
Halaber, eta eskumenen inbasioa azaltzeaz gain, Estebanek auzitan jarri du lege horren eraginkortasuna, hedabideen bidez jaso ahal izan dituen xehetasunen arabera. Hala, “kontraesankor” jo du 'gune tentsionatuak aztertzerakoan etxebizitza turistikoak aipatu ez izana', eta gaineratu du alokairuen arauketan gehienezkoa ezartzeko orduan legea ez dela beharrezkoa, egungo %2ko gehienezko igoera Lege Dekretu baten bidez ezarrita dagoelako. Era berean “kezkatuta” agertu da titulurik gabeko okupazioak nola arautzen diren ikusita. Bere ustetan “ia ezinezkoa” izango da jabeek halakoei aurre egin ahal izatea.
Atzo bertan Pedro Sánchezek iragarri zuen neurriaz, bihar bertan Ministroen Kontseiluan onartuko denaz , Sareb-en 50.000 etxebizitza alokairu merkerako erabiliko direla gogoratuz, Estebanek esan du legea “printzipioz” ondo dagoela, baina nabarmendu du EAEn neurri horrek ia ez duela eraginik izango Sareb-ek Euskadin etxebizitza gutxi dituelako. Ildo beretik esan duenez “ikusi beharko da nolako etxebizitzak diren, non dauden, eta abar. “Azterketa zehatza egiten denean ikusiko dugu, baina printzipioz ez dut txarto ikusten, Euskadin ia eraginik izango ez duen arren”, esan du.
'BAKARRIK BAI DA BAIETZ'
Beste alde batetik, 'Bakarrik bai da baietz' legea aldarazteko lantaldeaz galdetu diotenean, Kongresuan saio hori gaur bertan egingo dela gogoan, Estebanek gogoratu du legea “funtsean ona” den arren, Zigor Kodean planteatzen den “akatsa” modifikatu behar dela “epaileek horrenbesteko irizpide-askatasuna izan ez dezaten, zigorra ezartzeko orduan”. Ildo horretan konfirmatu du Euskal Taldeak PSOEren proposamena babestuko duela “ez baita egia aurreko Zigor Kodera itzultzen denik” eta “ez baitira legearen bihotza eta funtsa hausten”.
“Egin behar dena da legegilearen parterik nagusiena betearaztea, ez baita interpretatua izan judikaturak espero zuen bezala. Zigorrak zehaztu behar dira aldarazpenetik aurrera halako beherapenak egin ez daitezen”, gaineratu du. Zentzu berean “ministro andreren baten burugogorkeria” kritikatu du, legeak “akatsik ez duela” esatean. “Deitoragarri egiten zait gai hori hauteskundeetarako borrokan erabiltzea, gauzak ez diren moduan esanez; autokritika bota dut faltan Unidas Podemosen aldetik”, amaitu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10