Prentsa Aretoa

2023/06/26

Maribel Vaquero: “Madrilen Euskadiren ahotsa izaten jarraitu nahi dugu”

ETB1en egin dioten elkarrizketan, EAJ-PNVk Gipuzkoatik aurkeztuko duen zerrendaburuak “oso larri” jo ditu Belloch ministro ohiak GALen inguruan berrikitan egin dituen adierazpenak: “Halako jokaerek ez dute lekurik gure artean eta biktimak eta beren sentimenduak iraintzea besterik ez dakarte”, esan du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Maribel Vaquerok, EAJ-PNVk Diputatuen Kongresurako Gipuzkoatik aurkeztuko duen zerrendaburuak, gaur ziurtatu du jeltzaleek uztailaren 23ra begira duten helburu nagusienetakoa dela “Madrilen Euskadiren ahotsa izaten jarraitzea”.

ETB1en “Egun On Euskadi” saioan egin dioten elkarrizketan, Vaquerok eskertu egin du EAJ-PNVk Kongresurako aurkeztuko duen zerrendako buru aukeratua izatean berarengan jarritako konfiantza, eta “ilusioa” agertu du erronka berri honen aurrean. “Euskadi Madrilen kokatu dugu eta euskal herritarren interesak erabakimenez defendatu ditugu, ahots propioarekin, menpekotasunik gabe eta motxilarik gabe. Madrilen Euskadiren ahotsa izaten jarraitu nahi dugu”, azpimarratu du.

Ildo beretik, Gipuzkoako zerrendaburu jeltzaleak nabarmendu du hurrengo hauteskunde hauek “ezberdinak” izango direla eta zentzu berean gaineratu duenez “hiritargoak jakin behar du hurrengo hauek ez direla hauteskunde presidentzialak izango, baizik eta beren ahotsa Madrilera eramango dutenak aukeratzeko”. Diskurtso beretik aurreratu du EAJ-PNVk Kanpaina dedikatuko duela hauteskunde orokor hauetara eramango duen programa azaltzera, “berriz ere hiritargoaren konfiantza irabaztera begira”.

Azken hauteskundeek utzi duten egoeraz galdetu diotenean, Vaquerok argi eta garbi hitz egin nahi izan du: “EAJ-PNVk marra gorri bat du: Vox”. “Ez dugu inboluzio demokratikorik onartzen; gure DNAn daramagun zerbait da hori”, ziurtatu du.

Azkenik, hautagai jeltzaleak gogor kritikatu du Justizia eta Barne ministro ohiak, Juan Alberto Bellock-ek, GAL-en inguruan egin dituen azken adierazpenak. “Adierazpen larriak dira GAL-ekoak justifikatzeko esan direlako. Halako portaerek ez dute lekurik gure artean eta biktimak eta beren sentimenduak iraintzea besterik ez dakarte. Nazka eta guzti ematen dute”, esan du.

Gure Legebiltzar Taldea