Prentsa Aretoa
2024/01/27
Imanol Pradales: “Ongizatearen Euskadi berria lideratuko dugu, arima duen nazioa, munduan ahots propioa izango duena”
EAJ-PNVren lehendakarigaiak Landako Gunean babesa eman dioten 2.500 alderdikide jeltzaleren animoa eta maitasun adierazpenak jaso ditu. Andoni Ortuzarrek bere aldetik esan du berak ez duela inolako zalantzarik Euskal Hauteskundeen emaitzei buruz: “Irabaziko dugu, kontua da zenbatean”
24.01.27 Bakartxo Tejeriaren hitzaldia
HITZALDIA - 2024/01/2724.01.27 Andoni Ortuzaren hitzaldia
HITZALDIA - 2024/01/2724.01.27 Joseba Díez Antxustegiren hitzaldia
HITZALDIA - 2024/01/2724.01.27 Imanol Pradalesen hitzaldia
HITZALDIA - 2024/01/27
Datozen Euskal Hauteskundeetarako EAJ-PNVren Lehendakarigai gisa aldarrikatua izan eta minutu gutxira, Imanol Pradales Gilek, 48 urteko santurtziarrak, euskal gizartearen konfiantza eskatu du “ongizatearen Euskadi berri, fidagarri eta global” baterako “eraldaketa berri bat” gidatzeko, “pertsona bakoitzak bere bizi-proiektua askatasunean garatu ahal izan dezan”. Landako Gunea bete duten 2.500tik gora alderdikide eta alderdizale jeltzaleren babesa jaso duela, hautagai jeltzaleak argi eta garbi hitz egin nahi izan du lehen momentutik , eta Lehendakari gisa izango duen “lehentasun nagusia” identifikatu du: “Euskadiko osasun publikoa hobetzea”. Eta egingo du “profesionalen laguntzarekin, beti bezala inplikatuko baitira”. Pradalesek bere helburu nagusienen artean nabarmendu ditu aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzea; karbonorik gabeko ekonomia berria, jasangarriagoa, berdea eta digitala; bikaintasunezko hezkuntza; emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna; gazteen emantzipazioa; etxebizitza politikak; eta segurtasuna.
Pradalesek amaiera hunkigarria eman dio gaur EAJ-PNVk 2024ko Euskal Hauteskundeetarako hautagaitzak ezagutarazteko ‘Indar berria’ goiburupean gaur egin duen ekitaldiari . Ekitaldia sinbolismo eta emozio handiz egin da, Lehendakari jeltzaleak behin baino gehiagotan aipatuz, eta oso modu berezian Iñigo Urkullu, zeinak goizean eman den txalo zaparradarik beroena jaso baitu. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzar gaurko ekitaldian hitz egiten lehena izan da eta hautagaitza jeltzaleengan konfiantzarik handiena duela adierazi du. Ortuzarrek gogora ekarri duenez “EAJ gara, beti asmo positiboarekin, beti eskua luzatuta. Beti egonkortasuna bilatzen eta bermatzen. Probokaziotan erori gabe. Nik ez daukat inolako zalantzarik: egiten direnean, hauteskundeak irabaziko ditugu, kontua da zenbatean lortuko dugun irabaztea. Hori azpimarratu behar dugu behin eta berriz: desberdintasuna agerian utzi behar da”. Landako gunean ere hitza hartu du Bakartxo Tejeriak, Gipuzkoako zerrendaburu izateaz gain, Eusko Legebiltzarrerako presidentegaia izango baita; bai eta Joseba Díez Antxustegik ere, Arabako Lurralde Historikoko zerrendaburuak. “Gure ibilbidea da gure bermea; herri honekiko koherentzia eta konpromisoa erakusten du", azpimarratu du Tejeriak. “Gizarte hobea, Euskadi oparoagoa, askeagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko asmoa dugu. Eta hori ez dago Alderdi honek bere 128 urtetan hain ondo egin duenetik urrun”, adierazi du Díez Antxustegik .
Pradalesek ziurtatu du “egonkortasunaren erreferente” izango den Euskadiren aldeko apustua egiten duela, “Europan eta nazioartean bere potentzia politiko osoa hedatuko duena”. “Ongizatearen Euskadi bat, munduan berezko arima eta ahotsa izango dituena. Hemen bizi garenok askatasunez adierazitako borondatea abiapuntutzat hartuta eraikiko dugun Euskadi askea. Nazio bat gara. Euskal herritarrak gara eta irmotasunez defendatzen ditugu gure hizkuntza, gure kultura eta gure erakundeak. Autogobernu handiagoa eta hobea lortzera bideratutako lana egiteko konpromisoa hartzen dut, Euskadi bere patuaren jabe izan dadin. Euskadi askea, emakume eta gizon askeek egina”, adierazi du.
Imanol Pradalesek Euskadiko Ongizatearen eta Askatasunaren agenda berriaren “lehentasun nagusia” osasun publikoa hobetzea izango dela ziurtatu du, eta “profesionalekin batera” egingo duela gaineratu du, “beti bezala inplikatuko baitira”. “Aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzea” izango da bere beste lehentasun nagusietako bat, eta “industria berrien eta karbonorik gabeko ekonomia berri, jasangarriago, berdeago eta digitalago baten” aldeko apustu irmoa egin du. Era berean, hautagai jeltzaleak “bikaintasunezko hezkuntza” garatzeko konpromisoa hitzeman du, “zientzia, talentua eta etorkizuna sortzeko” oinarri gisa, eta, horretarako, Hezkuntza Lege berriaren “potentzial osoa” zabalduko du. Hori guztia egingo du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarri hartuta, gazteen emantzipazioa, etxebizitza-politika eta segurtasunarekin duen konpromiso irmoa ahaztu gabe.
Pradalesek bere esker onik zintzoena adierazi nahi izan die Euzkadi Buru Batzarrari, Aberri Batzarrari, EAJ-PNVko alderdikideei eta bere aurretik izan diren Lehendakariei, haren lekukoa jasotzeko prest dagoela adieraziz. Aipamen berezia dedikatu dio Iñigo Urkullu ‘maisuari’. Adierazi duenez, haren lekukoa jasotzea ohorea eta erronka da berarentzat, “errespetu” osoarekin onartzen duena “pertsona askoren konfiantza eta ilusioak” kudeatzeko erantzukizunarekin. Horregatik hitzeman du indarberrituta lan egingo duela “alderdiko pertsonek beti egin duten bezala, Euskadi errealaren benetako arazoetarako konponbideak eskainiz, esperimentutan edo laborategiko konponbideetan aritu gabe”. Pradalesek era berean hitzeman du ez diola gizarteari huts egingo eta bere onena emango duela erantzukizunez, apaltasunez eta Euskadirenganako maitasunak gidatuta”. Zentzu berean adierazi du bere harrotasuna “gaurko Euskadi Autogobernuaren ondorio delako, balore demokratikoen eta EAJ-PNVk beti defendatu duen justizia sozialaren emaitza”.
Ortuzarrek , bere aldetik, Artzerren olerki bat irakurri du: “Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura…”. Eta nabarmendu du Pradales, Tejeria eta Díez Antxustegi ur berria direla, sasoi bakoitzean José Antonio Agirre, Jesús Leizaola, Carlos Garaikoetxea, José Antonio Ardanza, Juan José Ibarretxe eta Iñigo Urkullu atera ziren iturri beretik isurtzen dena. EAJ-PNVren iturria da hori. “Gogotsu daude gure kontra”, ohartarazi die Ortuzarrek alderdikideei, gaurko hitzaldiko hitz bakoitza erabili baitu alderdikide jeltzaleen gogoa berotzeko. “Bihar batzuek esango dute EAJk lehengo lepotik jarraitzeko asmoa duela eta beste batzuek esango dute apurketaren alde egiten dugula. Batzuek esango dute gure diskurtsoa neoliberala dela eta besteek ikusiko gaituzte sozial-komunismoan murgilduta. Min egiten omen die moldatzeko dugun gaitasunak. Ez paralisia ezta iraultza ere: gurea eboluzioa da. Eboluzioa hoberantz. Herri gisa aurrera egiteko, gizarte gisa hobetzen jarraitzeko. Enbarazu egiten diegu, bai. Nagusitu egin den politika desagerkor honetan, berdin dio egia esateak zein ez. Gezur bat beste gezur baten gainean, eta hemen ez da ezer gertatzen. Populistak dira, ezegonkortasuna sustatzen dutenak giro nahasian erosoago daudelako. Nik badakit zuek ez zaudetela urduri eta zalantzarik ez duzuela. Ezin ditugu manipulatzen utzi, baina beren tekniketan ere ezin gara erori. Gu gara EAJ eta gauzak bestela egiten ditugu. Guk aurpegia ematen dugu, aurpegia gure lantaldeekin, Euskadi hobetzeko ditugun proposamenekin”, ziurtatu du. “Guk badakigu zer egin nahi dugun eta nola egin nahi dugun. Euskal gizartea eraman nahi dugu garapen mailarik gorenera, ongizaterik handienera, askatasunik gorenera, pertsonala eta taldearena. Oraingo honetan asmo hori jendeari aurkeztu behar diogu, argi eta garbi izan dezan, jokoan zer dagoen uler dezan: Euskadiren etorkizuna belaunaldi berri batentzat. Baina hemen gauden guztiontzat ere bai. Eta horretan behar zaituztegu denok. Mobilizatuta behar zaituztegu, inoiz baino gehiago. Adi baino adiago. Jendearengandik inoiz baino hurbilago. Lan eta esfortzu handiko hilabeteak datoz. Konpromiso militantea adierazteko garaiak. Desberdintasuna agerian utzi behar da. Badakit ez didazuela huts egingo, ezin baitiogu Euskadiri huts egin”, amaitu du.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaritzarako hautagai eta Gipuzkoako zerrendaburuak aldarrikatu du merezi duela “Euzko Alderdi Jeltzalearen eskutik, Herri honetan sinestea eta Herri honen alde egitea”. “Gure ibilbidea da gure bermea; herri honekiko koherentzia eta konpromisoa erakusten du”, adierazi du. “Sorreratik helburu argi bat daukagu: gizon emakume libreen Euskadi askea eraikitzea”, gaineratu du. “Gure ideologia hiru zutabe hauetan oinarritzen da: Euskal Herriaren existentzia eta bere erabakitzeko eskubidea; balio demokratikoetan sinestea eta giza eskubide guztien –norbanakoen eta kolektiboen– defentsa; eta justizia sozialean eta berdintasunean oinarritutako ekintza politikoa”, azaldu du Tejeriak. Eta nabarmendu du “horiek direla gure eginkizun politikoa gidatu izan duten eta gidatzen jarraitzen duten printzipioak”.
“Belaunaldi berri batekoa naiz, konpromiso politikoaren alde egiten duena, baina begirada kritikoarekin, sarritan konformaezina, baina beti errealista”. Hala definitu du bere burua Joseba Díez Antxustegik, Eusko Legebiltzarrerako Arabako zerrendaburu den aldetik lehen aldiz hitza hartzean. “Gizarte hobea eraikitzea dugu helburu, Euskadi oparoagoa, askeagoa eta bidezkoagoa. Eta hori ez dago Alderdi honek bere 128 urtetan hain ondo egin duenetik urrun”, ziurtatu du. Díez Antxustegik esan du bere konpromiso politikoa, bai eta berarekin doan hautagaitza osoarena, herri sentimendu batetik sortua dela. “Konpromisoa hartu dugu gure herriak axola digulako. Badakigu ez dela berdin Euskadi bat edo beste, eta dena emango dugu Euskadi ahalik eta onena izan dadin”, adierazi du. “Jakin dakigu dena hitzematen duen ez dela ezerekin konprometitzen. Badakigu errazena dela jendeak entzun nahi duena esatea. Euskal herritarrek beren konfiantza jarri dute EAJ-PNVrengan gizabanako heldutzat hartu ditugulako. Gauzak diren moduan azaldu ditugulako eta ez guk nahi genituzkeen moduan. Sekula ez dugulako biderik errazena aukeratu, bai ordea zintzoena. Eta horixe da guk egingo duguna: esandakoa bete. Konplitu egingo dugu Euskadiri hitzemandakoarekin, bai eta herri erronkei erantzuteko orduan EAJrengan konfiantza jarri duen belaunaldiarekin ere”, amaitu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/12/11
Kongresua
2024/12/06
Kongresua
2024/12/03
Kongresua
2024/11/28
Kongresua
2024/11/27
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10
ABB
2023/07/07