Prentsa Aretoa

2024/06/19

Euskal Taldeak irtenbideak eskatu dizkio Gobernu zentralari LHko ikasleek curriculumean aurreikusten diren praktikak egin ahal izan ditzaten

Espainiako Gobernuari kontrola egiteko saioan, Joseba Agirretxeak ikasleek praktikak egiteko dituzten zailtasunak adierazi dizkio Pilar Alegria Hezkuntza ministroari. Eusko Jaurlaritzak “konpondu” behar izan ditu zailtasun horiek, “kolapsoa saihesteko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskal Taldeak Lanbide Heziketako ikasleek enpresetan curriculum-praktikak egiteko dituzten zailtasunak konpontzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari gaurko kontrol-saioan. Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak Pilar Alegria Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kiroletako ministroaren aurrean azaldu duenez, Lanbide Heziketako ikasleei Gizarte Segurantzaren sisteman alta emateko derrigortasuna “akats larria” da, “ez baitira langileak, ikasleak baizik”: “Erabaki hori hartu zen bekadunek kotizatu zezaten, baina enpresetan praktikak egiteko derrigortasuna duten LHko ikasleen kolektiboak ere sartu ziren”, azaldu du Agirretxeak, “enpresei pizgarria kentzen dien neurri honek dakarren kaos administratiboa” deitoratu ostean. Hala eta guztiz ere, Agirretxeak adierazi duenez, “kolapso hori saihesteko, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du lan burokratiko guztia, eta LHko ikastetxe publikoetan ikasten duten euskal gazteek praktikak egin ahal izango dituzte”.

Gainera, diputatu jeltzaleak mahai gainean jarri ditu ikasleak Gizarte Segurantzaren sisteman sartzeko erabaki horrek eragindako beste arazo batzuk. Agirretxeak azaldu duenez, “pasaportea indarrean duten migratzaileek LHko praktikak egin ahal izatea eragozten ari dira, Gizarte Segurantzan alta emateko zailtasunak dituztelako, NANa edo AIZa ez diren beste dokumentu batzuekin ezin direlako sartu”: “Ikasi egin dezakete, baina ezin dute praktikarik egin, eta praktikak nahitaezkoak dira. Integratzeko lan bitxia, benetan”, esan du Agirretxeak. Era berean, Euskal Taldeko diputatuak gogor kritikatu du Lanbide Heziketako irakasleen kontratazioaren kudeaketa, 'produkzio-sektoreko aditu' kalifikazioa eman baitiete LHko ikasleak trebatzen dituztenei, eta “6 hilabeteko kontratu-muga dute ikasturtea 10 hilabetera arte luzatzen den arren”.

“Ez da komeni arazoak bistan izatea eta ez ikusiarena egitea. Behin horrelako arazoak hautemanda, Espainiako Gobernuari dagokio Lanbide Heziketako ikasleen aldeko apustua egitea eta enpresetan praktikak egiteko bideak jartzea”, azpimarratu du Agirretxeak.

Gure Legebiltzar Taldea