Prentsa Aretoa

2024/12/03

Euskaltzaindiak eta Kongresuak legeak euskaraz balio juridiko osoz argitaratzeko lankidetza hitzarmena izenpetu dute, EAJ-PNVrekin adostutakoa betez

Euskararen Egunean, Aitor Estebanek bere “poztasuna” adierazi du euskara hizkera juridikoan normalizatzeko eman den aurrerapauso garrantzitsua ikusita

rss Ezagutzera eman
Euskaltzaindiak eta Kongresuak legeak euskaraz balio juridiko osoz argitaratzeko lankidetza hitzarmena izenpetu dute, EAJ-PNVrekin adostutakoa betez

ARGAZKIA JAITSI

Euskaltzaindiak eta Kongresuak gaur, Euskararen Egunean, lankidetza hitzarmena izenpetu dute Beheko Ganberan onartuko diren legeak Aldizkari Ofizialean argitaratu daitezen euskarazko benetako bertsioarekin, hau da, balio juridiko osoz. Euskal Taldeko bozeramaile Aitor Estebanek gogora ekarri duenez, talde jeltzaleak zuzenketa bat jaso zuen Kongresuaren Araudian, hizkuntza ofizialen inguruan iaz egin zen aldarazpenean, zeinetan “aurrerapauso” garrantzitsu hau jasotzen baita hizkera juridikoan euskararen normalizazioari bide emateko.

Euskaltzaindiako presidente Andrés Urrutiak eta Kongresuko presidente Francina Armengolek hitzarmena izenpetzeko ekitaldian Estebanekin izan da Joseba Agirretxea diputatua, eta bozeramaileak bertan nabarmendu duenez “euskarara ekarritako legeen benetakotasunak ahalbidetuko du testu horiek auzitegietan erabili ahal izatea, balio ofizialarekin”. Halaber, Urrutiak publikoki eskertu dio Estebani helburu hau lortzearren “behin eta berriz matraka eman izana”.

Hizkera juridikoan euskara normalizatzeko bidean eta euskaraz bizitzeko eskubideari dagokionez gaurkoa lako egun esanguratsuan, zuzena da gogoratzea talde jeltzaleak berrikitan lortu zuela Justiziaren Eraginkortasunari buruzko Legean zuzenketa bat onartzea, euskara baldintza gisa ezar zedin Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostu hutsen kupo batean.

Gure Legebiltzar Taldea