Prentsa Aretoa

2024/12/19

Euskal Taldeak proposatuta, Kongresuak sare elektrikoak berrindustrializazio-prozesuetarako egokitzeko agindua eman dio Espainiako Gobernuari

Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak defendatu duen ekimenean EAJk ohartarazi duenez, "energia-eskaera handiagoak onartzeko gaitasunik ez izateak industria-ehuna hondatzea ekar lezake"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Sare elektrikoak enpresen berrindustrializazio prozesuen eskakizunetara egokitzeko beharrezko aldaketak egiteko eskatu dio gaur Kongresuko osoko bilkurak Espainiako Gobernuari. Idoia Sagastizabalek defendatuta Euskal Taldeak aurkeztutako ekimenak adierazten duenez, "duela gutxi sare elektrikorako sarbide-kopuru oso handia ukatu da, berrindustrializazio-, deskarbonizazio- eta elektrifikazio-prozesuekin lotuta, bai eta energia berriztagarriko proiektuen integrazioari lotutako behar berriekin lotuta ere". "Eskaera berri horiek onartzeko gaitasunik ez izateak industria-ehuna hondatzea ez ezik, enpresak ixtea edo deslokalizatzea ere ekar dezake, eta horrek BPGaren eta enpleguaren zifretan izango duen eragina", esan du Sagastizabalek.

Ondoren kopiatzen dugu Kongresuko osoko bilkuran onartutako Euskal Taldearen mozioaren testua:

Diputatuen Kongresuak Gobernuari eskatzen dio:

1. Energia elektrikoaren garraio- eta banaketa-sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Dekretua aldatzea, garraio-sarearen plangintzan berariaz sartutakoez gain, garraio-azpiestazioetan banaketarako edo kontsumo batzuetarako sarbide- eta konexio-baimenak ematea ahalbidetzen duten posizio gehigarriak sartzeko. Inbertsio-kostuak subjektu interesdunek ordainduko dituzte aldi baterako, eta hurrengo plangintza elektrikoan ordainduko dira.

2. Sektore Elektrikoari buruzko Legea aldatzeko lege-proiektu bat egitea, garraio-posizio batera kontsumitzaile bat baino gehiago konektatu ahal izatea argitze aldera, baina horrek ez du esan nahi instalazioa banatzaileari laga behar zaionik, industriari garraio-sarean dagoen benetako gaitasuna errazteko.

3. Dauden inbertsio-planak eta etorkizuneko plangintzak malgutzea, deskarbonizazio-prozesu batek eska ditzakeen benetako premiei erantzunez, gutxienez bi urteko berrikuspenekin, Europako erregelamenduetan ezartzen den bezala, eta, ahal dela, urteko kadentziako MAPekin.

4. 2013ko abenduaren 27ko 1047 eta 1048 Dekretuak aldatzea, garraio-sarean eta banaketa-sarean gehieneko inbertsio-mugak ezabatzeko eta/edo egokitzeko, azpiegitura elektrikoak merkatuaren errealitatera moldatuz.

5. Honako hauetan oinarritutako inbertsioak lehenesteko mekanismoak finkatzea: 1) Dagoen industriaren garapena eta deskarbonizazioa; 2) industria berria erakartzea eta garatzea; 3) Sortzeko proiektuak.

6. Garraio-azpiegiturak finantzatzeko beharrezkoak diren mekanismoak garatzea eta txertatzea, besteak beste, lankidetza publiko-pribatua eta erakunde autonomikoen parte-hartzea, egungo eta etorkizuneko beharrei eta eskaerei erantzuteko.

7. Enkantean jartzeke dauden azpiestazioetan gatibu-gaitasunak desblokeatzea eta sorkuntza-posizioetan esleitu gabeko gaitasunak eskaria estaltzeko gaitzea.

8. Agintaritza autonomikoekin adostea garraio- eta banaketa-sarean inbertitzeko beharrak, energia-trantsizioak eragindako sektore ekonomikoen biziraupena eta/edo eraldaketa ziurtatzeko 

Gure Legebiltzar Taldea