Prentsa Aretoa

2025/05/07

Vaquerok zehaztasun handiagoa eskatu dio Sánchezi, segurtasunerako funtsen inguruan, eta itzalaldiaren aurrean ziurtasunak ematea erreklamatu dio desinformazioa eta populismoak saihesteko

Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak EAJ-PNVk energia-sistemaren modernizazioari eta inbertsioari ekiteko aurkeztutako ekimen ugariak gogorarazi dizkio presidenteari, eta ekimenik eza leporatu die ezezkoan tematuta urteak daramatzatenei

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

"Segurtasuna eta energia eztabaida deserosoetako hizpide dira, baina ezin dugu beste aldera begiratu. Ziurtasunak behar ditugu itzalaldian gertatu zenaren inguruan, desinformazioari eta buloei aukerarik ez emateko, eta zehaztasun handiagoa behar dugu defentsara bideratuko diren funtsen jatorriari buruz, zerbitzu sozialetan murrizketarik ekarriko ez dutela bermatzeko". Mezu hori bidali nahi izan dio Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok Espainiako presidente Pedro Sánchezek itzalaldiaz eta segurtasun gastuaren igoeraz hitz egiteko eman duen agerraldian. Vaquerok gaineratu duenez “gure etorkizuna baldintzatuko duten eztabaidei heldu ezik, indarra irabaziko dute herritarrek erakundeetan sinesteari uztea bilatzen dutenek, eta erakundeetan konfiantza izatea funtsezkoa da sistema demokratikoak- inperfektua bada ere- behar bezala funtziona dezan”.

Aurreko asteko itzalaldiari dagokionez, Vaquerok "ziurtasun gehiago" erreklamatu ditu: "Hiritargoaren zatirik handienaren ardura da zer gertatu zen ezagutzea eta berriro gertatuko ote den". Horregatik, Euskal Taldeak egoki jotzen du barne eta kanpoko ikerketa bat egitea, bai eta sistema osoaren auditoria bat egitea, “zerk huts egin zuen eta zergatik gertatu zen” ulertzeko. Hala ere, talde jeltzaleak ulertzen du hau ez dela ikerketa politikoak egiteko momentua.

Vaquerok ildo beretik adierazi duenez "ezbaia ez litzateke izan behar berriztagarriak edo nuklearrak, horrek zarata baino ez baitu eragingo". EAJ-PNVk defendatzen du "energiaren etorkizunerako berriztagarriak beharko direla", berretsi du Euskal Taldeko bozeramaileak, eta bide beretik gogoratu duenez “gaur behar dugu iturri ezberdinen konbinaketa bat, hau da, mix energetikoa, hornikuntzari segurtasuna emango diona”. Era berean gogoratu duenez "EAJ-PNVk apustu argia egin du berriztagarrien alde, energia berdearen edozein iturriren kontra egin dutenak bidean aurkitu arren: ez eolikoei, ez eguzki panelei. Udaletan ikusi ditugu, foru aldundietan eta Eusko Legebiltzarrean, urteetan eolikoak eta fotovoltaikoak zabaltzearen kontra”. “Nola lortuko dugu independentzia energetikoa denari ezetz esaten badiote?" galdetu du Vaquerok, eta jarraian eskatu du "planteamendu filosofiko eta etereoak baztertzea".

Vaquerok, aldiz, Euskal Taldeak orain arte egin duen lana ekarri du gogora: "Legegintzaldi osoa daramagu sareetan, biltegiratzean eta Estatu barruko eta Europako interkonexioetan inbertsioak egin behar direla erreklamatzen. Era berean, daukagun potentzia guztia aprobetxatzeaz ari gara, edo enpresak deskarbonizatzera begira eskatzen ari direna emateko beharraz. EAJ-PNVk proposamen errealak, eraikitzaileak eta onuragarriak ditu industriarentzat, saltokientzat eta herritarrentzat". "Neurri horiek guztiak aplikatzeko beharra azpimarratu nahi dut gaur", esan dio Euskal Taldeko bozeramaileak Espainiako presidenteari.

Segurtasunaren inguruko eztabaidari dagokionez, Vaquerok Sanchezi aurpegiratu dio Ministroen Kontseiluak segurtasunari eta defentsari buruz onartutako Planak "20 orrialdetan" laburbiltzen duela 10,4 mila milioi euroko inbertsioa, Europar Batasunaren eta NATOren aurrean hartutako konpromisoa (BPGren % 2 defentsa-gastuan) lortzeko, eta horren gaineko "zehaztasun eta azalpen gehiago" eskatu ditu. "Zer eta zertarako jakin nahi dugu, baina baita nola ere", esan du Vaquerok, gastua handitzeak murrizketa sozialik ez ekartzea eskatu aurretik.

"Segurtasun integrala energetikoa, teknologikoa, klimatikoa, elikagaiena, hornidurena, urarena, hezkuntzarena, osasun publikoarena... da", azaldu du Vaquerok, fokua zabaltzea eskatuz, "Europako bizi-eredua babestu nahi delako, justizia sozialaren eta balio demokratikoen oinarria duena".

Azkenik, Euskal Taldeko bozeramaileak azpimarratu duenez, "etorkizuna dugu jokoan, eta Euskadiren etorkizuna Europan dago. Energiaren eta defentsaren arloan hartzen diren erabakiek eragin zuzena dute gugan. EAJ-PNVk bere gain hartzen du dagokion erantzukizuna, eta konpromisoa hartzen du Europarekin eta balio demokratikoekin".

Gure Legebiltzar Taldea