Prentsa Aretoa

2025/07/07

Euskal Taldeak Gobernuari erreklamatu dio konponbidea ematea Euskadiko autoeskoletako aztertzaileen gabeziari

Nerea Renteria Euskal Taldeko diputatuak Gobernuari zuzendutako galdera batzuk erregistratu ditu EAEn, eta NFKn aztertzaile berriak noiz hasiko diren jakiteko. Salatu duenez aztertzaileen gabezia egiturazko arazo bihurtu da azken urteotan, bereziki Gipuzkoan

rss Ezagutzera eman
Euskal Taldeak Gobernuari erreklamatu dio konponbidea ematea Euskadiko autoeskoletako aztertzaileen gabeziari

ARGAZKIA JAITSI

“Gipuzkoako errealitatea benetan larria da, 5000 ikasle inguru baitaude gidabaimena lortzeko asmoz eta lurralde honek osotara zortzi aztertzaile baino ez ditu, hamar izatea dagokion arren. Horietako bostek, gainera, lekuz aldatzea eskatu dute eta, beraz, baja izango dira irailetik aurrera”, salatu du Nerea Renteria Euskal Taldeko diputatuak gaur, astelehenarekin, Kongresuan erregistratu dituen galdera idatzietan. Aztertzaile faltaren arazoa, esan du, aspalditik dator “urteetako arazoa da”, hainbat lurraldetan, baina Gipuzkoan “egiturazko defizit” bilakatu da dagoeneko.

Gainera, esan du “arazoa larriago bihurtzen da udan, askok udako sasoia aprobetxatzen baitute azterketa egiteko era gidabaimena ateratzeko”. Askorentzat ibilgailua ezinbestekoa da lanera joateko edo ikastetxe edo unibertsitatera joateko, eta Euskal Taldeak fokua jarri du gai honetan Kongresuan. Izan ere, 2017an ekimen bat aurkeztu zuen beste talde batzuekin adostuta eta 2020an galdera bat erregistratu zuen Gobernuari Kontrola egiteko bilkuran. Hala ere, orain arte Exekutiboak ez du arazoa konpontzeko irtenbiderik eman.

Nerea Renteria diputatu jeltzaleak Espainiako Gobernuari txarretsi dio orain arte eman dituen erantzunetan gauzak argi eta zehatz azaldu ez izana, bereziki uda amaitutakoan Estatu osoan ehun bat aztertzaile berri hasiko direla esan duenean. Horregatik, Gobernuari galdetu dio Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan zenbat aztertzaile berri hasiko diren eta trafiko agintaritzak lurralde hauetara noiz lekualdatuko diren. Era berean jakin nahi du Gobernu zentralak zer neurri hartuko dituen irtenbide bat emateko eta etorkizunera begira langileen defizit hau konpontzeko.

Gure Legebiltzar Taldea