Alderdi Eguna 2025

Prentsa Aretoa

2025/09/09

Euskal Taldeak ordaindutako guraso-baimen aste gehiago eskatu ditu eta adingabearen jaiotegunaren mende egon beharrean haren adinaren mende egon daitezen

Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak onartu du zenbait hobekuntza egin direla jaiotza- eta zaintza-baimena luzatzeko errege lege-dekretuan, "kontziliazioaren eta erantzukidetasunaren" arloari dagokionez, baina lege-proiektu gisa izapidetzeko eskatu du, hainbat hobekuntza sartzeko, Europak proposatutakoa betetzera begira. "Itxura batean aurrera egitea dakarrela eman arren, errealitatean, aurrekoa murriztu egiten duelako"

rss Ezagutzera eman
Euskal Taldeak ordaindutako guraso-baimen aste gehiago eskatu ditu eta adingabearen jaiotegunaren mende egon beharrean haren adinaren mende egon daitezen

ARGAZKIA JAITSI

"Dekretu honek aitortza merezi du planeatzen dituen aurrerapenengatik: baimenak zabaltzea, guraso bakarreko familiak aitortzea, Gizarte Segurantzaren estaldura eta erantzunkidetasuneranzko urrats berri bat. Baina, aldi berean, irmo salatu behar dugu Gobernu honek ez duela familiei eman beharrekoa betetzen, guraso-baimenari dagokionez. Milaka baztertu ditu. Eskubideen benetako aplikazioa atzeratu egiten du. Kongresuan entzun ditugunak ez ditu bete". Hala laburbildu du Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak Euskal Taldeak jaiotza- eta zaintza-baimena luzatzeko Errege Lege Dekretuari buruz defendatzen duen jarrera.

Hala ere, "argi-itzalak" dituen testua izanik, jeltzaleek araua baliozkotzeko oztoporik jarriko ez dutela esan du "kontziliazioan eta erantzukidetasunean aurrerapausoak" ematen direlako, hala nola baimen berriak "ordainduak eta besterenezinak" izatea, "funtsezkoa baita zaintza ez dadila beti erori gutxien irabazten duen gurasoaren ardurapean, emakumeengan,  alegia", edo "familia-aniztasunak eskubide egokituak eta ez-homogeneoak behar dituela" onartzea.

“Itzalak” aipatuz, Sagastizabalek eskatu du "arau hau lege-proiektu gisa izapidetzea, zuzenketen bidez zuzendu ahal izateko eta Gobernuak agindutakoa bete dezan". Azaldu duenez, ondorengo alderdi hauek hartu behar dira kontuan: "Guraso-baimen bat, jaiotza-dataren araberako bazterketa arbitrariorik gabea; gurasoen zaintza-asteen ordainsari handiagoa; benetako malgutasuna, berehala eta 2026ra arte atzeratu gabe aplikatua; eta argitasun juridikoa, sektore pribatuan guraso-baimenaren estatusa behingoz argitzea".

Euskal Taldeko diputatuak ildo beretik nabarmendu du Espainiako Gobernuak benetako “ingeniaritza”legala egin duela, “sormen handikoa”, eta “marketin politikotzat” jo du  ordaindutako aste berriak lehenagotik aurreikusten ziren baimenekin nahastu eta batu izana. Izan ere, horrek balio dio “Zuzentaraua behar bezala aplikatzeagatik EBk jarri diezaiokeen isunetik libratzeko”.

"Gobernuak dekretua iragarri du eskubide handia balitz bezala, baina praktikan eskubide mugatu eta desitxuratua baino ez da”, azaldu du Sagastizbalek; eta zehaztu du ordaindutako eskubide hori ez dela 8 urtetik beherako umeak dituzten familia guztientzat, baizik eta abuztuaren 2tik aurrera jaio direnen gurasoentzat soilik. Izan ere, "EBren zuzentarauak ez ditu mugak ezartzen jaiotza-dataren arabera, eskubide horren helburua delako seme-alaba txikiak dituzten familia guztiei kontziliazioa erraztea". Era berean deitoratu duenez, “Bustinduy ministroak agindutakoa, gutxienez lau aste ordaintzea,bete gabe geratu da, gure ustez Gobernuko presidentearen oniritziarekin".

Gure Legebiltzar Taldea