Prentsa Aretoa

2016/08/09

Azpiazuk Espainiako alderdi nagusiei: “hainbat arinen lanean has daitezela, benetan, hirugarren hauteskundeak saihesteko”

Onda Vascak egin dion elkarrizketa batean, EAJren Taldearen bozeramaile ondokoak adierazi duenez, “PSOEk dauka giltza”, eta lehenengo eta bigarren botazioetan EAJk Raxoiri “ezezko biribila” emango diola berretsi du.

rss Ezagutzera eman
Azpiazuk Espainiako alderdi nagusiei: “hainbat arinen lanean has daitezela, benetan, hirugarren hauteskundeak saihesteko”

ARGAZKIA JAITSI

Pedro Azpiazuk, Euzko Alderdi Jeltzaleak Espainiako Kongresuan duen Taldearen bozeramaile ondokoak, “lanari sendo ekiteko” eskatu die Espainiako alderdi handiei, presidentearen inbestidura eta Gobernuaren eraketa ahalik eta azkarren gauzatze aldera”. Azpiazuk Onda Vascak egin dion elkarrizketa batean adierazi duenez, “PSOEk dauka gobernagarritasunaren giltza”, eta hortaz, “hirugarren hauteskunderik ez gertatzeko egin beharreko urrats guztiak egin ditzala” eskatu dio.

Mariano Raxoik bere burua inbestidura-ekitaldira aurkeztuko duen ala ez galderari erantzunez diputatu jeltzaleak azaldu duenez, “Erregearen enkarguaren ostean, saihestezina da” osoko bilkura hori egitea; hala ere, aitortu duenez, “behar dituen akordioak sinatu ostean aurkeztea da gauzarik logikoena”. Ildo horri jarraikiz, akordio horiek ahalik eta bizkorren gauzatzeko galdegin du, “albait arinen lanean hasi gaitezen eta bideratzeke dauden neurri ekonomikoak abian jarri ahal izan daitezen”, berbarako, Estatuaren gastuaren muga, Aurrekontuen onarpena eta Euskadirekin loturik dauden eta Madrilen eskumenekoak diren gai guztiak, adibidez, Euskal Y, Kupoaren bost urteko lege berria eta abar. Azpiazuk azpimarratu duenez, EAJk “ezezko biribila” emango dio Raxoiri lehenengo eta bigarren botazioetan”.

EAEri dagozkion gaietara etorrita Azpiazuk  adierazi duenez, “gauzak ezberdinak dira Euskadin, bai hauteskundeen emaitzei dagokienez eta bai alderdi politikoek hauteskundeen ostean izaten dituzten jokabideei doakienez ere”. Nolanahi ere, azaldu duenez, “Euzko Alderdi Jeltzaleak datorren irailaren 25ean ahalik eta emaitzarik onena erdiesteko asmoa dauka”, “eta bakarrik gobernatzeko gogoa”; horrezaz gainera, Urkullu Lehendakariaren Gobernuaren lana ere aintzatetsi du “ekonomiaren krisi gori-gorian, hau da, urte hagitz gogorretan, egonkortasuna ekarri duelako eta sendo eta gogor lan egin duelako hiritarron arazo guztiak konpontzeko”. “Izan ere, hori da gure bermea, azken urteotako lana, bai eta gure hautagai Iñigo Urkullu bera ere, oso gogotsu ikusten baitut, indarrez, gogoz eta kemenez, eta, beti bezala, denak emanda lanean jarduteko prest”.

Gure Legebiltzar Taldea