Prentsa Aretoa

2019/02/05

Aitor Estebanek iragarri du EAJk ez diela Aurrekontu Orokorrei osoko zuzenketarik aurkeztuko

Bozeramaile jeltzaleak baieztatu du EAJ-PNVk Aurrekontu Orokorrak izapidetzea ahalbidetuko duela aurretik hartutako konpromisoen inguruan zeuden “gaizki ulertuak” bideratu direlako, baina ohartarazi du honek ez dakarrela derrigorrez kontuei baietza ematea

rss Ezagutzera eman
Aitor Estebanek iragarri du EAJk ez diela Aurrekontu Orokorrei osoko zuzenketarik aurkeztuko

ARGAZKIA JAITSI

Aitor Estebanek, Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur iragarri du EAJ-PNVko bost diputatuek ez dietela Estatuko Aurrekontu Orokorrei osoko zuzenketa aurkeztuko.

Diputatuen Kongresuan bertan eginiko adierazpenetan, Estebanek nabarmendu du EBBk atzo hartu zuen erabaki honek ez dakarrela derrigorrez “EAJk Aurrekontu hauen aldeko botoa ematea”, aurkeztu diren osoko zuzenketak gainditzekotan. Estebanek azaldu duenez “zuzenketa batzuk negoziatu beharko lirateke, eta horiek bai baldintzatuko lukete Aurrekontuei emango diegun botoa”.

Jeltzaleen bozeramaileak azaldu du EAJ-PNV kontuak izapidetzearen alde dagoela Espainiako gobernuari “konfiantza-marjina bat” eman nahi diolako azken asteotan aurrekontuen negoziaketetan hartu ziren konpromisoen inguruko “gaizki ulertuak” bideratu ondoren, gaizki ulertu hauek jeltzaleen “alarma guztiak” piztu zituztelarik. Ondorioz, Espainiako gobernuarekin dagoen “elkarrizketa giroak” ahalbidetu du Euskal taldea Estatuko Aurrekontu Orokorrak “eztabaidatzearen alde agertzea”.

Kontuek datorren asterako aurreikusita dagoen osoko eztabaida prozesua gainditzen ez badute zabal daitekeen egoeraz galdetuta, Estebanek esan du Aurrekontuaren luzapenak Espainiako gobernuari “aukera tarte bat” ematen diola, eta gogora ekarri du, edozein kasutan, Pedro Sánchezek hauteskundeak deitzea ala ez erabakiko duela “aldez aurretik guri kontsultatuz, zentsura mozioko hitzaldian hitzeman zuen bezala”. 

Amaitzeko, Estebanek asmo onez balioetsi du Espainiako gobernuak Gernikako Estatutua osorik betetzeko geratzen diren transferentziak jasotzen dituen egutegia bidali izana, espetxeen transferentzia lehenetsi beharrekoa ez jotzeagatik eta Gizarte Segurantzaren Erregimen ekonomikoaren kudeaketa ez jasotzeagatik nolabaiteko sentsazio gazi-gozoa geratu zaien arren. “Aintzat hartzen dugu aspaldi erreklamatu dugun zerbait delako, Espainiako gobernuak aitortu egin duelako Estatutuaren hainbat gai bete gabe daudela, eta hori betetzeko borondatea adierazi duelako”. Estebanek, hala ere, argi utzi nahi izan du egutegi hori ez dagoela aurrekontuen negoziaketara lotuta eta berretsi du aurrekontuen balizko negoziaketa batean “aurrekontuen proiektuarekin zerikusia duten gai batzuk eztabaidatu eta jorratu beharko direla” EAJko bost diputatuek kontuei behin betiko “baietza” eman baino lehen.

Gure Legebiltzar Taldea