Prentsa Aretoa

2019/11/03

EAJ-PNVk Sánchezi galdetu dio “orain bai” transferituko ote dituen “egutegi batean hitzeman zituen eskuduntzak”

Urkulluk Donostiako ekitaldian nabarmendu du A10eko hauteskundeek daukaten garrantzia Euskadirentzat eta “itzul zaitez bihar” leloa hitzetik hortzera erabiltzen den Estatuarentzat. Ortuzarrek “bitxikeria” jo du Espainian hautestontziak jartzea “demokraziaren seinale” izatea baina Katalunian edo Euskadin hautestontziak jarri nahi izatea “legearen kontrakoa” izatea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“PSOE alderdia ‘Orain bai’ goiburuarekin aurkeztu da oraingo kanpainan. Eta Sánchezi galdetu nahi diogu ‘Orain bai’ transferituko ote dituzten beraiek egutegi batean onetsi zituzten eskuduntzak. ‘Orain bai’ beteko ote dituzte azpiegituretan inbertitzeko hitzeman dituzten konpromisoak? ‘Orain bai’ Nafarroako Erkidegoari transferituko ote dizkiote Foru Gobernuarekin hitzemandako Trafiko eskuduntzak? Horretaz guztiaz Sánchezek hitz erdirik ez”. Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek galdera horiek guztiak luzatu dizkio Espainiako gobernuko presidenteari, EAJ-PNVk, gaur goizean, Donostian, José María Sert plazan egin duen ekitaldi politikoan. Mitin berean hitz egin dute Iñigo Urkullu Lehendakariak; Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaile Aitor Estebanek, Joseba Agirretxea Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak eta Maribel Vaquerok, Gipuzkoako senatari eta berrautaketara aurkezten den hautagaiak. Urkulluk bere aldetik ohartarazi du azaroaren 10ean Euskadin eta Estatuan asko dagoela jokoan, inguru haietan ‘vuelva usted mañana’ leloa nagusitzen hasi den aldi honetan. Ez da eztabaidarik egiten adosteko borondatearekin, ez dago harreman eraikitzailerik”, eta “horrek berarekin dakar euskal autogobernuaren kontrako mehatxua”.

Ortuzarrek bere aldetik deitoratu du Sánchez eta Pablo Casado iragan ostiralean Euskadira etorri zirela hiritargoaren konfiantza eskatzera… “eta etorri bezain arin joan ziren beste plaza batzuetarantz. Hitz erdirik ez Euskadiren inguruan. Sánchezek hamabost minutu eskas eman zituen Gasteizen. Euskadi, bere agendan, kafe bat hartzeko tartea baino ez da. Ba al dago adibide hoberik Sánchezi Euskadik ardura diona azaltzeko? Hamabost minutu eta agur”, baieztatu du Ortuzarrek. Jeltzaleen buruak era berean ekarri du gogora Sánchezek Vitoria-Gasteizen utzi zuen mezua. “Esan zuen ez zuela PPrekin hitzartuko, ‘koalizio handirik’ egingo ez dutela. Zergatik ote da ez naizela bat ere fidatzen? Eta, badaezpada, galdera bat egingo diot: koalizio handia PPrekin ez, baina inbestidura Casadoren abstentzioarekin… bai?”. Eta ohartarazpen bat luzatu dio. “Ez dezatela EAJren babesa bilatu alderdibitasuna berreskuratu nahi dutenek, Parlamentuko oligopoliora itzultzearekin amets egiten dutenek, euskal herritarrak eta kataluniarrak hondakintzat hartu nahi gaituztenek. Nazio baten ordezkari legitimoak gara, kasu honetan Euskadiren ordezkariak, eta nazio gisa aitortua izan beharko du Estatuan egonkortasuna lortzen laguntzea nahi badute”, baieztatu du. Hitz egiten hastean, Ortuzarrek esan du benetan bitxia dela “Espainian, Estatuko alderdietako liderren esanetan, hautestontziak jartzea demokraziaren seinale izatea; baina Katalunian edo Euskadin hautestontziak jarri nahi izatea legez kontrakoa izatea. Hori bai dela inbutuaren legea: zabala batzuentzat eta estua besteentzat”.

Ortuzarren ildo beretik, Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du A-10eko hauteskundeek garrantzi handia izango dutela baina ez bakarrik euskal autogobernuaren defentsarako, Estatu eredu berri bat eta politika egiteko molde berri bat sustatzeko ere. “Estatuan inposatzen ari da ‘vuelva usted mañana’ leloa. Ez dago elkarrizketarik edo adosteko borondaterik, ez dago harreman eraikitzailerik”, deitoratu du. “Horren adibide nagusiena da Gernikako Estatutuak bete gabe jarraitzen duela. Urtarrilaren 22an Espainiako gobernuak lehen aldiz onartu zituen egutegi bat eta transferitu gabe jarraitzen duten eskuduntzak transferitzeko plana. Ez dute hitza bete. Horretarako eman dituzte hamar hilabete “funtziotan”, kritikatu du. Indefinizio orokorraren aurrean, Urkulluk nabarmendu du EAJ “konpromisoz betetako programarekin” aurkezten dela: “Ekonomia Itunaren defentsa; Madrilen, berriz ere, pribilejio eta kuponazoei buruz hitz egiten hasi direlako; ekonomia produktiboaren, industriaren eta azpiegituren inbertsioen defentsa, Madrilen hitz egin bai baina ez dutelako ezer egiten; Estatu eredu berri baten aldeko defentsa, Madrilen ezbaian daudelako 115. artikuluaren, Segurtasun Nazionalaren Legearen edo salbuespen egoeraren artean; Estatutuaren betepen osoaren defentsa, autogobernu handiagoa eta hobea, Madrilek ez duelako esana betetzen, baina bai epeak luzatzen eta konpromisoak atzeratzen.

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresurako Bizkaiko hautagaiak, nabarmendu du politikan “benetan garrantzitsuak” direla “egintzak, zure lanak jendearen bizimoduan dauzkan ondorio erreal eta positiboak”. Zentzu berean, gogora ekarri du EAJ-PNVren “zerbitzu-orria”: pentsioen igoera; azpiegiturak, hauen artean Pasaiako portua edo AHT, Forondan 24 orduko zerbitzua berreskuratu izana… Horren guztiaren aurrean salatu du PP edo PSOE ez direla euskal agendaz arduratzen, eta gogora ekarri ditu “zerbitzu publikoak mugatzeko asmoarekin lege eta ebazpenen kontra aurkeztu diren errekurtsoak”, esate baterako botiken kopagoarekin eta bekekin gertatu dena. Halaber, Estebanek Estatuko alderdien “panorama” deskribatu du: “PP eskuinaren eskuinean dago Casadorekin, orain moderatuarena egin nahi duen arren; Rivera galduta dabil, Vox-en antzera Kongresutik bota nahi gaitu eta Ekonomia Ituna suntsitu nahian dabil, beste lotsagabe, iraintzaile eta totalitario horiekin batera”. “Estatuan giro larria nagusi den honetan, ‘disfunzioekin’, birzentralizatzeko proposamenekin eta euskal herritarren eskubideak mugatzeko dituzten asmoekin, EAJren aldeko botoa inoiz baino beharrezkoagoa da”. Horregatik eskatu du euskal hiritarren botoa “esparru sozialean eta ekonomikoan hiritargo osoarentzat interesgarriak diren gaiak planteatzeko” eta “autogobernuaren kontra datorren haizeteari” aurre egiteko.

Gipuzkoako EAJ-PNVren Kongresurako hautagai den Joseba Agirretxeak frankismoaren kritika eginez hasi du bere hitzaldia, bere esanetan Euskadin horma sendo bat izan duena, duena eta izango duena. “Gaindituko ez duten horma hori EAJ-PNV da”, esan du. “Frankismoari, ez legitimaziorako zentimetro bakar bat, ez normalizaziorako keinu bakar bat ere”, azpimarratu du. “Eta aho txikiarekin kontrakoa esan baina berdin pentsatzen dutenei, Euskadiren ez da jolasten” jakinarazi die: “EAJ-PNVrekin trikimailuek ez dute balio”. Horrez gain, hautagai jeltzaleak PSOEk euskal herritar guztien etxeetara helarazi dituen gutunak aipatu ditu, hain zuzen ere ‘Orain Gobernua, Orain Espainia’ leloari erreparatuz. “Lehen, orain eta bihar ere Espainia”, azpimarratu du Agirretxeak, “eta Euskadi noiz? Gero, beranduago, inoiz ez?”, galdetu du. “Muturra behar da euskaldunei euren herria, Euskadi, behin ere aipatzen ez duen gutun bat bidaltzeko”. Honen harira, Agirretxearen arabera “otso beltz ugari dabil besteak zapaltzen norberarena defendatzeko”, baina ziurtatu egin du jeltzaleek argi dutela nor diren eta zer defenditzen jarraituko duten. “Euskal Agenda, Autogobernua, politika egiteko eredu propioa, gure modelo soziala”, aipatu ditu.

Bestalde, Senaturako hautagai Maribel Vaquerok adierazi du azaroaren 10ean jokoan dagoena dela euskal herritarren eta Euskal Agendaren defentsa, eta gogorarazi du Estatuko alderdien inkonpetentziak eta arduragabekeriak bultzatutako hauteskundeak direla honako hauek. Egoera horren aurrean haserre kolektiboa EAJ-PNVren aldeko erantzun aktibo bihurtzea eskatu du Vaquerok, konpromisoa hartzen duen boto aktiboa jeltzaleena delako. Horren harira hiru arrazoi aipatu ditu hautagai jeltzaleak. Alde batetik, ibilbide eta esperientzia politikoa duten pertsonez osatutako talde sendoa eta euskalduna dutela azpimarratu du. Eta beste alde batetik, euskal agendaren defentsa irmoa eta EAJk politika egiteko eta ulertzeko duen modua argudiatu ditu. Izan ere, Vaqueroren esanetan, alderdi jeltzaleak ez du politikaren ariketa intermitentea ulertzen. “Garai zailenetan ere konpromisoa hartzen dugu”, eta errespetuaren aldarria eginez amaitu du: “Errespetuz jokatuko dugu, eta errespetua exijituko dugu”.

Gure Legebiltzar Taldea