Prentsa Aretoa

2023/08/17

EAJ-PNVren bost ordezkariek diputatu izaera osoa eskuratu dute

Gorteak eratzeko saioan, legebiltzarkide jeltzaleek Konstituzioa 'lege-aginduz' beteko dutela hitzeman dute, eta, "egonkortasun instituzionalagatik", PSOEren eta Sumarren hautagaitzen alde bozkatu dute Kongresuaren Mahaia eratzeko

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVren bost ordezkariek diputatu izaera osoa eskuratu dute

ARGAZKIA JAITSI

Aitor Estebanek, Idoia Sagastizabalek, Maribel Vaquerok, Joseba Agirretxeak eta Mikel Legardak EAJ-PNVko diputatu izaera osoa eskuratu dute gaur.

Gorteak eratzeko saioan, Estebanek eta Sagastizabalek (Bizkaiko diputatuak), Vaquerok eta Agirretxeak (Gipuzkoakoak) eta Legardak (Arabakoak) XV. legegintzaldiko legebiltzarkide karguak hartu dituzte. Guztiek Konstituzioari men egiteko formularen alde egin dute, eta Maribel Vaquerok, Idoia Sagastizabalek eta Joseba Agirretxeak euskaraz ere egin dute.

Jeltzaleen bost ordezkariek, Kongresuko Mahaia eratzeko, PSOEren eta Sumarren hautagaitzen alde bozkatu dute, bai eta Francina Armengol presidentearen alde ere. Aitor Esteban bozeramaile jeltzaleak hala azaldu du: "egonkortasun instituzionalaren alde egiten dugulako, erakundeei bizia emateko berritzen diren bakoitzean".

Eratzeko saioaren amaieran hedabideei egindako adierazpenetan, Estebanek azpimarratu du EAJk, "hasiera-hasieratik, jarrera koherentea" izan duela, Vox zegoen ezein konbinaziotan parte hartzeari uko egin diolako. Nolanahi ere, bozeramaile jeltzaleak deitoratu duenaren arabera, Kongresuko Mahaiak “azkenean ez du islatzen Hemizikloko aniztasuna".

"Uste genuen, legegintzaldi honetan akordioak ehuntzeko orduan dagoen konplexutasuna ikusita, eta abertzaleen presentzia oso garrantzitsua izango dela ikusita, presentzia hori Mahaian ere islatu beharko litzatekeela, eta abertzaleen oreka eta presentzia hori EAJk eman zezakeela. Nolanahi ere, gure apustua argia zen: legegintzaldi honek etorkizuna izan dezala saiatzea, eta gaur emandako botoarekin frogatu da", laburbildu du Estebanek.

Azkenik, diputatu jeltzaleak esan duenez, EAJk "lan egingo du Estatuko herritarren baldintzak hobetzeko, eta Euskadi, bere interesak eta bertako herritarren interesak presente egon daitezen". "Oso konplexua" izan den legegintzaldi honetan, Estebanek "elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren" aldeko apustua egin du, "baikortasun bateratu batetik".

Gure Legebiltzar Taldea