Prentsa Aretoa
2023/04/19
Europan deszentralizazioan sakontzeaz gain, Estebanek Sánchezi erreklamatu dio Ardatz Atlantikoa sustatzea eta Estaturik gabeko nazioei parte hartzeko bide ematea
Gaur goizean egin den osoko bilkuran, Euskal Taldeko bozeramaileak aztertu ditu, EAJ-PNVren ustez, Espainiak Europako Kontseilua zuzentzen duen bitartean jorratu beharko liratekeen gai batzuk, eta kritikatu du “immigrazioa Marokotik bideratu dela sahararren eskubideen kaltetan”. Estebanek era berean iragarri du Espainiako Gobernuari interpelazio bat aurkeztuko zaiola migratzaileei asilo-eskubidea bermatzeko
Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak Europako Kontseiluaren azken goi-bilerako erabakiez hitz egiteko egin duen agerraldia baliatu du Aitor Esteban Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, EAJ-PNVren iritziz, Europako Kontseiluko txandakako presidentetzan jorratu beharko lituzkeen hainbat proposamen eta politika planteatzeko.
Lehenik eta behin, eta Europako Batasunaren izaera anitz, multikultural eta askotarikoa kontuan hartuta, Estebanek Sanchezi eskatu dio “karguak ematen dion boterea eta eragiteko gaitasuna” balia ditzala Europako zenbait politikatan atzematen den joera zentralistatik ihes egiteko eta “Estaturik gabeko nazioen eta berezko legegintza-gaitasunak eta botere politiko eta esklusiboa dituzten erkidegoen partaidetza-sistema hobetzeko”. Ildo horretan, bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri du `Bilboko Adierazpena´, martxoan Urkullu lehendakariaren lidergopean 15 erregiok izenpetu zutena. Adierazpen horren bidez, eskualde horien parte-hartze zuzena eskatzen da osasunaren edo ogasunaren arloko Europako erabakiak hartzeko orduan, gai horien eskumen osoa baitute. “Europa tresna garrantzitsua izan daiteke gai nazionalei dagokienez barne-egonkortasunari bide emateko”, ziurtatu du Estebanek, Sanchezi aurpegiratu ondoren legegintzaldi honetan ez duela ezer egin Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearekin 2019ko abenduan sinatu zen inbestidura-akordioaren 4. puntuan jasotzen den bezala Estatuan diren nortasun nazional ezberdinak aitortzeari dagokionez.
Ildo beretik, Sánchezi eskatu dio Europako Kontseilua ere anima dezala Europako Batzordeari agindu diezaion Makroeskualde Atlantiko bat eratzeko, beste batzuen artean EAEk eta NFKk aldarrikatzen dutena, eta malgutasunez aritzearen alde egin du, bai Europan, bai estatuan, arau fiskalei dagokienez. “Begi onez ikusten dugu Estatuan ibilbide bereizi bertikala ezartzea (arau fiskalena); ezin zaie gauza bera eskatu kaudimenduna denari eta kaudimenduna ez denari. Gainera, horretarako eskumena dugu eta hori agerian geratu egin behar da”, aldarrikatu du Estebanek.
Halaber, estatu kideen arteko konektibitatearen esparruan, eta Frantziako Estatuarekiko harremanak eta Bartzelonan sinatu berri den Adiskidetasun eta Lankidetza Ituna erreferentziatzat hartuta, Estebanek gogora ekarri du Espainiako Gobernuak 2030erako ezarri zuen eta Frantziako Gobernuak 2042ra arte atzeratu duen mugaren bi aldeetako abiadura handiaren konexioa egiteko dataren inguruko polemika. Ildo horretan, Sanchezi galdetu dio Frantziako lehen ministroari azalpenak eskatu ote dizkion, Espainiako Estatuan duen enbaxadoreak atzerapen hori berretsi duela ikusita. Edozein kasutan Estebanek baieztatu du “zorionez” Europako Parlamentuak aste honetan bertan konfirmatu duela konexio hori 2030ean burutzea aurreikusten duela.
Era berean, Kontseiluko txandakako presidente gisa bere agintaldian landu beharko duen Migrazio- eta Asilo-itunaren inguruan duen planteamenduaz galdetu dio presidenteari, hain zuzen ere, Frantziako Estatuak “Schengen aldatu nahi duela dirudienean”. “Europako herritarren mugikortasunari ezin zaio kalterik egin, eta une honetan mugaren bi aldeetan, Irunen, bizi diren pertsonei egiten ari zaie”, Behobian Frantziako poliziak egiten dituen kontrolek eragiten dituzten auto-ilarak direla eta.
Estebanek asilo-eskubidearekin lotutako iragarki bat egiteko ere erabili du bere hitzaldia, Espainiako Estatuak ukatu ezin duena. Bozeramaile jeltzalearen hitzetan, “dagokion Araudia garatu ez denez, jendeak ezin du asiloa eskatu, eta ezin badu, hesiaren gainetik egiten du eta gertatzen dena gertatzen da, Melillan bezala”. Hori dela eta, ostegun honetan Euskal Taldeak asilo eskubidearen errespetuari buruzko interpelazioa erregistratuko dio Espainiako Gobernuari, eta datorren asteazkenean eztabaidatuko du osoko bilkurak.
Espainiak Saharari dagokionez egin duen norabide aldaketari dagokionez Estebanek argi hitz egin du: “Marokotik immigrazioa geldiaraztea lortu du sahararren eskubideei kalte eginez. Baina, mesedez, ez zaitez harro agertu. Migratzaileak Italiara edo Greziara joatearekin, arazoa konpontzen al da, ala?”, galdetu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10