Prentsa Aretoa

2025/07/22

Sekretu ofizialen lege berria onetsi izana ospatu du Vaquerok: "Eskatzen dugunetik urrun dago, baina propositiboak izango gara desklasifikazio-epeak murrizteko"

Bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri duenez EAJk hamarkada bat darama Kongresuan dokumentu ofizialak desklasifikatzea eskatuz, eta ongietorria eman dio arau frankista hau aldatzeko proiektuari, oraindik nahikoa ez dela uste duen arren

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Espainiako gobernuaren Aurreproiektua aurkeztu eta hiru urte geroago eta Euskal Taldeak Kongresuan Sekretu Ofizialen 1968ko Legea erreformatzea lehen aldiz erreklamatu zuenetik bederatzi urte igaro direla, Pedro Sánchezen Gobernuak gaur onartu du azkenean Informazio Klasifikatuaren Lege Proiektua.

Euskal Taldeak ia hamarkada bat darama Sekretu Ofizialen Legea erreformatzea eskatuz, eta helburu horrekin lau ekimen aurkeztu izan ditu aldi honetan Beheko Ganberan, legegintzaldi bakoitzean bat, 2016. urtetik. Hala, EAJ-PNVk Madrilen lideratu du eskubide zibil eta demokratikoen defentsa, egia eta gardentasuna helburu, gai honetako Estatuko legeria inguruko herrialdeetako legeriara moldatzeko.

“Bazen garaia. Poztu egin gara gai honen inguruan aurkeztu genuen lehen ekimenetik ia frankista aldarazteko lege proposamena , hemendik aurrera parlamentuan bere bidea egin dezan. Ongi etorria ematen diogu, beraz, Koalizio gobernuari”, adierazi du Kongresuan bozeramaile jeltzale Maribel Vaquerok, ekimena onetsia izan ondoren.

“Gelditu gabe lanean aritu gara Lege honen erreforman. Gaur Espainiako Gobernuak lege proiektua onestea erabaki du Euskal Taldea ekinean aritu delako eta amore eman ez duelako, gure proposamena legealdiz legealdi aurkeztuz”, argitu du Vaquerok.

“Hala ere, berandu iritsi da eta badauka oraindik zer hobetu. Orain dagokigu lanean jarraitzea legea guk beti defendatu izan ditugun egia eta gardentasun helburuetara doitzeko. Zorrotzak izango gara horretan”, azaldu du.

2022ko abuztuan aurkeztu zen Aurreproiektuari behar bezalako bultzada ematen ez zitzaiola ikusita, Euskal Taldeak azken Lege Proposamena aurkeztu zuen 2024ko otsailean, eta Kongresuan eztabaidatu zen kontuan hartuko zen ala ez. Gobernuari babesa ematen dioten alderdiek eztabaidan aurrera ez egitea erabaki zuten, hurrengo bilkura aldian izapideak zerotik has zitezen. “Aldi honetan hainbatetan alferrik galdu izan da erreforma honetan parlamentuan sakontzeko aukera”, deitoratu du Euskal Taldeko bozeramaileak.

“Testua aztertu behar dugu, orain arte ezagutu ditugun terminoetan behitzat, gure proposamenetik urrun geratzen delako”, azaldu du Vaquerok. Ministroen Kontseilua amaitutakoan jakin ahal izan denez, legeak baldintzak jartzen ditu desklasifikazio automatikorako, eta desklasifikatzeko muga 45 urtetan ezartzen du, hau da, Euskal Taldeak hasiera batean jarri zuenaren bikoitza. “Behar besteko zuzenketak aurkeztuko ditugu eta negoziatu egingo dugu epe horiek murrizteko eta legea doitzeko gure ustetan Estatu demokratiko batek defendatu beharko lituzkeen oinarrietara. Guk ez dugu egia ezagutzeko beldurrik”

EAJren proposamena

Aitor Esteban EAJ-PNVren EBBko gaurko presidenteari Kongresuko bozeramaile gisa agur esateko saioan bertan Pedro Sánchezek hitzeman zuen lege hau oraingo legealdian onetsiko zela. Aurkeztu zen azken ekimenean, zeina Mikel Legardak defendatu baitzuen, Euskal Taldeak eskatzen zuen sekretu ofizialak desklasifikatzeko muga 25 urtetan ezartzea, salbuespenezko luzapenarekin, 10 urtekoa eta arrazoitua. Ezkutuko jotzen diren eta hala klasifikatuta dauden agirietarako, 10 urteren buruan desklasifikatzea eskatzen zuen.

Era berean, EAJ-PNVren proposamenak ezartzen zuen Legea indarrean sartzean ezarritako epeak beteak izango zituzten gai klasifikatuak automatikoki desklasifikatuta geratuko zirela.

Bere ekimenekin, EAJ-PNVren asmoa beti izan da eztabaida bat bultzatzea, sekretu ofizialei dagokienez iragan autoritariotik datozen jokabideak aldatzeko, zeinak sistema demokratiko batekin guztiz bateraezinak baitira.

Gure Legebiltzar Taldea