Prentsa Aretoa
2022/07/22
Aitor Esteban: “Tematuta jarraitzen dugu egonkortasuna emateko, baina Espainiako gobernuaren aldetik falta dira keinuak eta esparru legegilean adosteko borondatea”
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Euskal Taldearen bozeramaileak esan du “onartezina” dela Mutrikuko jaietan ertzain bati betoa jarri izana, eta esan du “esker abertzalearen aldetik jazarpen eta presio soziala eragiteko erabili ziren metodo onartezinen” ondorio dela
Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak, Espainiako gobernuarekin dituzten harremanen balantzea egin du aurreko astean politika orokorrari buruzko osoko bilkura egin ondoren. Egungo aldi politikoa ixtekotan daudela, Euskal Taldearen bozeramaileak berretsi du Exekutibo zentralak “nahasmena” eragiten duela, “ematen baitu hurrengo bihurguneari baino ez diola begiratzen, ibilbidean eta joan behar den errepidea nolakoa den pentsatu gabe”, baina edozein kasutan baieztatu du EAJ-PNVren “asmoa” dela “erakundeei egonkortasuna ematea, are gehiago egungoa moduko testuinguru ekonomikoarekin”, eta Pedro Sánchezen gobernuari erreklamatu dizkio “keinuak eta esparru legegilean adosteko borondatea”.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Estebanek, hain zuzen ere, gogora ekarri ditu Espainiako gobernuko presidenteak osokoan egin zituen iragarpenak,hauen artean argindar enpresen gaineko zergari buruzkoa, Euskal Taldeari ez baitzitzaizkion aurretiaz jakinarazi, berriro ere EAJ-PNVren EBBren presidente Andoni Ortuzarrek eta PSOEren idazkari nagusi Pedro Sánchezek 2019ko abenduan izenpetu zuten inbestidura akordioaren 1. puntua berriro ere urratuz. Edozein kasutan, bozeramaile jeltzaleak esan du ez dagoela zerga horren kontrako “oposizio gogorrik”. Alderantziz, Estebanek baieztatu du “egungoa moduko momentu batean, krisi handi baten erdian gaudela eta energiaren esparruko enpresek aparteko sarrerak dituztela, ulertzen dugu bide hori arakatu beharra dagoela”, baina eskatu du “gauzak ondo zehaztea eta ondo azaltzea, ondorio kaltegarririk ekar ez dezan”, besteak beste zergaren ondorioak hiritargoari egoztea edo enpresen balizko lekualdatzea.
PSOEk epe laburrerako Komite Federala deitu duela, Estebanek baieztatu du iragarritako aldaketek dakartela “Gobernuaren eta alderdiaren arteko mimetizazio osoa” eta xehetasunak ezagutzen ez dituela azaldu ondoren, esan du “dinamika elektorala” izan daitekeela. Edozein kasutan, Estebanek baieztatu du Espainiako gobernuarekiko harremanak “zuzenak” direla eta ez daudela Parlamentuko talde sozialistaren bozeramailetzaren edo PSOEren barne egituraren mende. Hain zuzen ere, Estebanek ongietorria eman dio Patxi Lopez lehendakari ohiari parlamentuko bozeramaile kargura eta eskatu dio “Euskadiren onbeharrez kolaboratzea”.
Euskadiko gaietara bueltatuz eta Ertzain bati Mutriku bere herriko jaietan parte hartzeko betoa jarri izanak eragin duen polemikaz galdetuta Estebanek esan du gertatutakoa “onartezina eta lotsagarria” dela eta esan du “esker abertzaleak presio eta jazarpen soziala egiteko sustatu zituen mekanismoen ondorio dela, guztiz onartezina den zerbait”. Ezker abertzalearen aldetik sektore batzuei jazarpen soziala egiteko eta baztertzeko egin dena “hurkoaren eskubideak zapalduz”, Estebanen aburuz da “ETAk gizarte honetan utzi duen arazo handienetako bat” eta “kostako da behin betiko desagerraraztea”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10