Prentsa Aretoa
2013/12/21
EAJ-PNVk argi utzi du energia erreforma hau ez dela berak planteatuko lukeena baina ez duela “tarifazoarekin” inolako zerikusirik
EAJ-PNVk argi utzi nahi izan du gaur iragan ostegunean Diputatuen Kongresuan onartu zen energia erreforma ez dela berak planteatuko lukeena, baina, era berean, “tarifazo” polemikoarekin ere zerikusirik ez duela argitu du gaur. Aitor Esteban Diputatuen Kongresuan EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak taldearen bozeramaileak, Pedro Azpiazu Kongresuko EAJ-PNVren diputatuak eta Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Sabin Etxean, eta bertan energia erreformaren artikuluekin ados ez daudela azaltzeaz gain argitu nahi izan dute lege honen onarpenak ez duela inolako zerikusirik iragan ostegunean ezagutzera ema zen % 11ko “tarifazoarekin”. Tarifa bidegabe honen aplikazioa bertan behera utzi du Merkatuen eta Lehiakortasunaren Batzorde Nazionalak ( CNMC).
Estebanek birpasa historikoa egin du EAJ-PNVk gai honetan izan duen parte hartzearen inguruan “ PP alderdiak planteatzen zuen energia erreformaren edukia ezagutu genuenetik, EAJk irmotasunez eta erabakimenez jardun izan du hiru alorretan erreforma honek euskal industria sektorean izango zituen-eta oraindik izango dituen- eragin kaltegarriak arindu gurean, eta legearen aplikazioak ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Eusko Jaurlaritzak Ministerioarekin lan egin izan du zentzu instituzionalago batean; eta, alor politikoagoan ere, Kongresuko eta Senatuko Euzko Abertzaleak taldeak Alderdi Popularrarekin negoziatu du. Azkenean, energia erreformari baietza esatea erabaki dugu (CiU-k ere arauari baietza eman dio) gustuko ez dugun arren, ahal izan dugun neurrian, euskal industrian izango duen eragina murriztea lortu izan dugulako. Hau ondo ulertua izan dadin, ezinbestekoa da guk Madrilen lan egiten dugun testuingurua azaltzea, hau da, PPk gehiengo osoa du Kongresuan eta Senatuan, eta ez du gehiengo hori noiznahi erabiltzeko arazorik” ezarri du Kongresuko EAJ-PNVren bozeramaileak.
Pedro Azpiazuk Estebanek eginiko kritikak azpimarratu ditu “Erreforma hau ez dugu gustuko, besteak beste adostasunaren fruitu izan ez delako, mundu osoari bizkarra emanda egin delako.Dena dela, negoziaketan lortu genuen PPrekin hiru akordio eta bost zuzenketa adostea. Akordio horien artean dago euskal industria sektoreak hurrengo urte biotan ordaindu beharko duen fakturan 50 milioi aurreztea; Teknaliako laborategiak behar zuen lotunea; eta Antzarra plataformarako konpromisoa segurtasun alorrean eta etorkizunerako inbertsioan. Zuzenketen artean, bi dira eskumen alorrekoak, bat da berrikuntza teknologikoa pizteko, eta bosgarrenak nabarmen erraztuko du tentsio maila aldatzea eskatzeko eta aldaketa hori aplikatzeko behar den tramitea”.
Antzera mintzatu da Arantza Tapia Sailburua “Honakoa ez da guk nahi dugun erreforma, politika industrial baten fruitua izan ez delako, baizik eta diru irizpideek sortua izan da, hau da, diru-bilketarako. Europak eginiko gomendioak ere ez ditu betetzen. Ondorioz, gure enpresek lehiakortasuna galduko dute hurbileko enpresekiko, besteak beste Frantzia eta Alemaniarekin alderatuta. Dena dela, EAJk Madrilen lortu duen akordioak gure enpresei oxigenoa ematen die, abuztuaren 1etik aurrera indarrean dauden tarifekin alderatuta egingo den % 50eko beherapen horrekin. Ezin dugu ahaztu euskal industria sarea enpresa txiki eta ertainek osatzen dutela,eta akordio honek onurak dakartza enpresa txiki hauen % 90entzat “ gaineratu du Tapiak.
Amaitzeko, Esteban, Azpiazu eta Tapiak bat egin dute eta argindarraren “tarifazoa” kritikatu dute, bai %11ko igoera bera baita tarifa bertan behera uzteko jarraitu den prozedura iluna ere. “Ezin dena da batzuen hutsegiteak hiritarrek ordaindu behar izatea. Ezin da onartu beti kontsumitzaileak ordaindu behar izatea” deitoratu du Estebanek. Era berean azpimarratu du Espainiaren ospea kaltetua izango dela nazioartean “ Espainia markari ematen zaion beste zartakoa da eta nazioarte mailan izango du oihartzuna. Erabateko anabasa da. Bata bestearen atzean datoz” ezarri du.
Abortuaren Legearen erreformaren kontra
Estebani galdetu diote Euzko Abertzaleak taldeak atzokoan Espainiako Gobernuak aurkeztu zuen Abortuaren Lege aurreproiektuaren aurrean mantenduko duen jarreraz “Euzko Alderdi Jeltzaleak debate bikaina egin zuen Legean azkenengoz egin zen erreforma garaian, eta orduan hainbat ondorio atera ziren. Azken urteotan ez da denbora nahikorik egon Abortuaren aurreko erreformaren ondorioak garrantzitsuak izan ote diren ikusteko. Gure jarrera da erreforma berri honen kontrakoa, aurreko denboretara itzultzea bilatzen delako, 1985 urtea baino lehenagoko denboretara, alegia.Beraz, zer esanik ez dago, ez dute EAJren babesa izango”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10