Prentsa Aretoa
2016/07/06
Aitor Estebanek Rajoyri adierazi dio EAJ-PNVk ‘ezetza‘ emango diola bere inbestidurari, eta “Euskadirekiko duen jarrera aldatzea” eskatu dio
Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeko bozeramailea ia ordu betez batzartu da Moncloan Espainiako funtzioko presidentearekin
“Rajoyri adierazi diot une honetan ‘ezetzean’ gaudela. Hitz egiten jarraituko dugula, EAJ beti hitz egiteko prest dagoelako, baina une honetan ‘ezetzean’ gaudela. Elkarrekiko jarrerak oso urrun egon dira lau urte eta erdian, eta orain gauzak horren denbora laburrean konpontzen saiatzea ia ezinezkoa da”. Hitz horiekin laburbildu du, Aitor Estebanek, Kongresuko Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeko bozeramaileak, Mariano Rajoy Espainiako funtzioko presidenteari, gaur goizean Moncloako Jauregian politikari biek egin duten bileran eman dion mezua. Bilera 55 minutuz luzatu da eta Rajoyk ekainaren 26ko hauteskundeetan hautagairik bozkatuena izan ondoren talde politiko guztiekin hitz egiteko egingo duen harreman errondaren barruan kokatzen da.
Estebanek argi eta garbi azaldu du gaurko bileran ez dela inolako negoziaketa prozesurik ireki eta Rajoyk eta Estebanek berak E-26az geroztik zabaldu den egoera politikaren inguruan duten ikuskera partekatu dutela. “Ez gara aurrekontu partidarik edo transferentzia akordiorik negoziatzera joan. Une honetan ez gaude horretarako. Ez dugu esan ‘nik hauxe emango dizut eta zuk hori emango didazu’. Ez. Hemen ez gaude partida zehatz bat negoziatzeko. Honek ezin du horrela funtzionatu”, baieztatu du ordezkari jeltzaleak EAJ-PNVren jarrera Alderdi Popularretik “oso urrun” egotearen arrazoiak azaldu baino lehen. “Lehenengo eta behin, gehiengo absolutuko lau urteetan Gobernuaren zapalgailua sufritu dugulako. Ikusi duguna izan da lege dekretuen bidez guretzat oso gauza garrantzitsuak eta EAEko eskumen asko aldarazten zirela. PPren legealdian ikusi dugu EAEko lege eta dekretuen kontrako errekurtso andana aurkeztu dela. Lan esparruko edo hezkuntza alorreko politikekin ere ez geunden ados, besteak beste LOMCE legearekin. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekiko urruntasun handia eman da, hirutan batzartu diren arren, Lehendakariak planteatutako gaiek ez dutelako sekula erantzunik jaso. Eta Euskadiko PPrekin dugun harremana ere desadostasunez beteta egon da denbora luzeegian”.
“Guk ikusi nahi duguna da”, azpimarratu du Estebanek, “ez da horrenbeste aurrekontu partida zehatz bat edo transferentzia bat. Guk ikusi nahiko genukeena da Rajoyren jarreraren aldaketa bat, bere Gobernuaren eta PPren jarrera aldaketa EAJrekin eta Euskadirekin harremanetan jartzeko orduan. Jarrera berria, elkarrizketa asmoarekin eta akordioetara iristeko borondatearekin, epaimahaietan errekurtsoen bidez jarrera bat inposatzeko ariketarik egin gabe. Eta aldaketa hori ezin da egun bitan edo hilabete bitan eman. Aldaketa hori politika emateko moduan eman behar da. Gauzak bestela egiten badira eta joko arauak eta euskal autogobernuaren arauak errespetatzen baldin badira, orduan bai”, zehaztu du jeltzaleen bozeramaileak. “Gauzak bestela egiteko borondatea dagoela ikusten badugu, orduan bai joango gara kontu eta gai zehatzetaz hitz egitera” esan du Estebanek begirada hurrengo lau urteotan jarrita. “Gutxiengoarekin gobernatutako legealdia legealdi irekia da eta gu hitz egiteko prest egongo gara. Gai batzuetan akordio batera iristeko moduan egongo gara eta beste gai batzuetan ez, eta elkarren kontra arituko gara”.
Estebanek amaitzeko esan du EAJ-PNVk ez dituela hirugarren hauteskundeak nahi eta esan du irudikatu ere ez dituela egiten, eta puntu horretan mezua bidali nahi izan die sozialistei: “ PSOEK zera esan zuen lehen egunetik: ‘Oposizioan gaude oposizioan gaudelako seinale argia bidali zaigulako’. Beraz, uko egin zaio ezkerreko alternatiba eratzeari, eta PSOErik gabe alternatiba hori ezinezkoa da. Beraz, bi aukera baino ez dira geratzen: PPren gobernua edo hauteskundeak hirugarrenez egitea. Ulertzen ez dudana da PSOE blokeoan tematzea eta, ustezko hurbiltasun politikoa adierazteko mezuak bidaliz, besteak izan daitezela egoera desblokeatuko dutenak.Hori oso jarrera interesatua da. Ezin dena da PSOE, bigarren indarra izanda, 85 eserlekurekin eta gobernua egoteko funtsezko elementua izanik, beste batzuei mugitzea eskatzea. Ez, PSOEk ispiluari begiratu beharko lioke lehenengo. Ezin da blokeoan tematu”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10