Prentsa Aretoa

2016/10/27

Aitor Esteban: "Adosteko jarreran erabateko aldaketa antzematen ez dugun bitartean EZETZA bozkatuko diegu Rajoyren hautagaitzari eta politikari”

Inbestidura eztabaidan jeltzaleen bozeramaileak PPri ohartarazi dionez "gure adostasuna nahi baduzue euskal autonomiarekiko eta euskal erakundeekiko harremanak erabat ezberdina beharko du izan, politika ez judizializatzetik hasita"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak Taldeko bozeramaileak Mariano Rajoyri gaur ohartarazi dionez "adosteko jarreran erabateko aldaketa antzematen ez dugun bitartean, EZETZA bozkatuko diegu zure hautagaitzari eta zure politikari”.

Gaurko inbestidura debatean hitz egiteko izan duen tartean, jeltzaleen bozeramaileak zera baieztatu dio hautagai popularrari “atzo eman zenuen diskurtsoa entzunda litekeena da zuk boto gehiago ez bilatzea" baina ildo beretik adierazi duenez "gure adostasuna nahi baduzue euskal autonomiarekiko eta euskal erakundeekiko harremanak bestelakoa beharko du izan, politika ez judizializatzetik hasita". "Hitz ederrek ez dute ezertarako balio egintzekin batera joan ezean" ezarri du.

Estebanek gogoratu duenez, iragan abuztuan huts egin zuen inbestidura debatetik hona "ez da ezer aldatu", besteak beste "Espainiaz duzuen ikusmolde intolerantea, Catalunyarentzat edo Euskadirentzat proiekturik ez duzuela erakusten duzuelako; egin diren lege eta dekretu ugariak, egintzen indarraren bidez autogobernua murrizteko eta indargabetzeko egin direnak; Ertzaintzarekin duzuen obsesio patologikoa, eraberritzea eta nazioarte mailako erakundeetan parte hartzea eta polizia judizial gisa duen egitekoa eragotziz; PPren Gobernuak tren bidezko garraioak eta aireportuak Euskaditik kudeatuak izateari eginiko oposizioa; osasun eskumenen kudeaketan eskua sartu izana; hezkuntza alorrean egin duzuen politika; Oroimen Historikoari buruzko legeari erakutsitako mesprezua; baketze eta bizikidetza alorrean lankidetzan aritzeari uko egin izana; abiadura handiko trenarekiko erakutsitako zekenkeria eta politika ekonomikoa eraikitzeko ezarri nahi dituzuen oinarriak".

Eta "gure begietara" guztiz alderantziz gertatu da, esan du Estebanek "desadostasun saihestezinak sortu dituen jardunbide berean jarraitu duzu". "Jarrera aldaketa eskatzen genizuen, zure estrategia politikoa beste norabide batean jartzea, inposaketaren gainetik elkarrizketa instituzionala nagusituko den estrategia, hain zuzen, baina jarrera aldaketa hori ez zarete ez ulertzen ezta praktikatzen ere”, baieztatu du jeltzaleen bozeramaileak, eta abuztutik hona horixe agerian uzten duten gertakari batzuk aipatu ditu. Hala ekarri du gogora Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeak aurkeztu zuen Legez besteko Proposamena, Euskal Y trenbidearen lanak amaitzeko eta azpiegitura martxan jartzeko egutegia egiteko. PPK, Podemosek eta EH Bilduk ezetza bozkatu zioten proposamenari. “Ez iezadazu berriro esan Euskal Y trenbidea 2019an martxan egongo dela" deitoratu dio Mariano Rajoyri. Era berean gogoratu du duela egun batzuk, ETAren indarkeriaren amaieraren bosgarren urteurrenaren kariaz, "aukera bikaina" eman zela testua indar politiko guztien artean adosteko “eta PP, ezker abertzalearen antzera, ez zen ezer adosteko gai izan azken bost urteetako jarrera berean zaudetelako, hau da, ETAren atentatuek amaierarik izan ez balute bezala. Zuk eta zure alderdiak Kolonbiako bake prozesuarekiko erakutsi duzuen gogoberotasunarekin alderatuta, ezerezean geratzen da zuzenean bai eragiten dizun indarkeria auzia behin betiko ixteko egiten duzuna" salatu du. Estebanek era berean kritikatu du Espainiako Gobernuak Hondarribiako aireportuarekiko erakutsi duen jarrera edo Madriletik hegaluze kuota aldi baterako ixteko hartu duen erabakia. "Begiratu gabe eta kontsultatu gabe jarduten duzue" esan du. Eta, berriz ere, Garoñako zentral nuklearra behin betiko ixtea exijitu ondoren kritikatu du herenegun PPk Euskadin bertan Gernikako Estatutuaren urteurrena ospatu izana Gobernu Zentralak euskal autogobernuaren kontrako beste bi errekurtso aurkezten zituen bitartean "bederatzigarrena eta hamargarrena funtzio egoeran daudenetik".

Aitor Estebanek,zentzu berean, oraingo legealdian Espainiako Konstituzioan egin daitekeen balizko aldarazpenaz hitz egin du eta ildo horretatik Rajoyri ohartarazi dionez "Konstituzioa aldatzeko orduan Espainiako alderdi handiei soilik begiratzen badiezu, zureak egin du; euskal edo catalunyar abertzaleen partehartzerik gabe, edozein irtenbide alferrikakoa izango da" baieztatu du. Zentzu berean azpimarratu duenez duenez "gutxieneko iraupena izan dezakeen soluziorako formula hauxe da: nazio aitortza, aldebikotasuna eta arbitro neutrala".

Amaitzeko, Estebanek Rajoyri leporatu dio "orain arte behintzat" ez dakiela "enpatizatzen edo hurkoaren lekuan jartzen" eta gaineratu duenez "ikusiko dugu ikastaro arina egiteko gai ote zaren". Hori bai, aitortu egin dio bidean "zirkinik egin gabe" jarraitu duela Parlamentuan eserleku kopuruan atzetik doazkion indar politikoak elkarri mokoka aritu diren bitartean ezdakizer erakusteko plantak egiten, hau da, Gobernu alternatiba direla erakusteko edo eta bitartekaririk onenaren edo kaleetako jauntxorik handienaren saria jasotzeko”.

Gure Legebiltzar Taldea