Prentsa Aretoa
2019/03/30
Madrilen Euskadiren defentsa bermatzeko proposatuko dituen 27 emakume eta gizonak aurkeztu ditu gaur EAJ-PNVk
“Euskal herritarren interesak defendatuko dituzte Euskal Taldetik: ez dira espainiar taldeetan disolbatuko ezta ‘fake‘ taldetan integratuko ere”, baieztatu du Ortuzarrek, eta Estebanek aldarrikatu ditu ordezkatzen duen taldearen eskarmentua eta prestakuntza “torero, general eta ‘reality‘ aioetako famatuen aurrean”.
Andoni Ortuzar
MINTZALDIA - 2019/03/30Aitor Esteban
MINTZALDIA - 2019/03/30EAJ-PNVk Kongresu eta Senaturako aurkeztuko dituen hautagaien zerrendak
HAUTAGAI ZERRENDA - 2019/03/30
“Duela hiru urte esan genuen Madrilen Euskadiko selekzioaren elastikoa jantziko genuela eta hala egin dugu eta oso nota onarekin, gainera. EAJ sekula ez da oraingo legealdian bezain eraginkorra izan. Eta berdin jarraitu behar du izaten: EAJ Madrilen eraginkorra denean, EAJk Madrilen indarra duenean, Euskadiri ondo doakio, legealdi honetan bezala. Horregatik da hain garrantzitsua Madrilen Euskal Talde indartsua eratzea, gainerako alderdiek uko egin dioten zerbait. Eta horregatik EAJk onenak jarri ditu Kongresurako eta Senaturako zerrendetan”. Hitz horiekin laburbildu du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVk A-28ko Hauteskunde Orokorretara eramango dituen zerrendak integratzen dituzten 27 emakume eta gizonen helburu nagusia. “Dream team” hitza erabili du Ortuzarrek taldea deskribatzeko, gaur goizean talde jeltzaleak Sabin Etxearen aurrean egin duen ekitaldian. Aurkezpen ekitaldi berean hitz egin du Aitor Estebanek Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak. “Estebanek aldarrikatu ditu EAJ-PNVk Kongresurako eta Senaturako aurkezten dituen emakume eta gizonen “esperientzia, prestakuntza eta gogoa” “torero, general eta `reality´ saioetako famatuen aurrean”
Ortuzarrek bi kontu balioetsi nahi izan ditu. Alde batetik, emakume eta gizon hauek guztiek Madrilera joateko orduan erakutsi duten konpromisoa, “kantxa zaila” da, bere esanetan, “Espainiako politikan instalatu den gatazka eta borroka giroa kontzentratzen duen hiria delako. Gaur egun ez da inolako pagotxa astero hooliganez betetako Madril horretara joatea, baina joan egin behar da, eta onenarekin joan behar da, gainera”. Beste alde batetik dago EAJ-PNV dela alderdi bakarra euskal hiritargoaren interesak soilik eta esklusiboki defendatzeko Taldea eratzeko asmoa duena. “Emakume eta gizon hauek ez dituzte inoren aginduak edo kontsignak jarraituko, euskal hiritargoarenak ez badira. Ez dira espainiar taldeetan disolbatuko. Ez dira bestelako ‘fake’ taldetan integratuko ez dakit zer alternatiba eraikitzeko. Guk argi baino argiago dugu zer nahi dugun eta zeri ekin behar diogun: euskal gaiak Madrilen defendatzeari, hurrengo lau urteotan datozkigun mehatxu eta hodei beltzei aurre egiteari. Horregatik da inoiz baino garrantzitsuagoa Euskal Taldea eratzea, soilik euskal ordezkariz osatua. Euskadi ez da lanaldi erdiko kontu bat!”, esan du jeltzaleen buruak. “Denek uko egin diote Kongresuan eta Senatuan talde propioa eratzeari, PSOEtik hasita , jarrera berbera dute Podemosekoek PPkoek eta EH Bildukoek. Gero kexatu egingo dira esaten dugunean gu garela Madrilen Euskal interesak ondoen defendatzen ditugunak. Baina egia da. EAJ eta Euskal Taldea gauza bera dira. Eta EAJ eta Euskal Taldea ere bada Madrilera Euskadi eramatea”.
Ortuzarrek aldarrikatu du jeltzaleen eraginak Rajoyren Gobernuari lehenengo eta Sánchezen Gobernuari geroago atera dizkien gaien zerrenda. Espainiako gobernua aldatuta ere, EAJk bere tokian jarraitu du Euskadi defendatzen. “Gauza txikiak eta gauza handiak. Diru-laguntzak kolektibo eta elkarteentzat eta euskal erretiratu guztien pentsioak hobetzea… eta Espainiakoena ere bai, jakina. Ba, hori dena eta askoz gehiago ez dute lortu ez Pedrok, ez Pablok, ez Albertek ere; baizik eta Aitorrek, Jokinek, Idoiak, Nereak, Mikelek, María Eugeniak, Josebak, Iñigok, Bitorianok, María Doloresek eta Cazalisek. Eta talde bikain honetara sartuko dira apirilaren 28tik aurrera Josune, Maribel, Almudena… eta ahal badugu besteren bat ere bai”. Amaitzeko, jeltzaleen buruak kanpainako goiburua ekarri du gogora, ‘Nos mueve Euskadi. Zurea, gurea’. “Batzuetan, asmo txarrez esaten digute EAJk bere interesak Madrilen defendatzen dituela. Horretan arrazoia emango diet nik: EAJk bere interesak defendatzen ditu… EAJk bere egiten dituelako euskal hiritargoaren interesak. Zurea, Gurea. Bai, arrazoia ematen diet, baina era berean erantzuten diet: azken legealdian EAJ indartsu, eraginkor eta erabakigarria egon izan ez balitz, inork pentsatzen du Rajoyk lehengo eta Sánchezek geroago Euskadiri guk atera diegun guztia emango ziotela? Inortxok pentsatzen du hori? Horregatik da hain garrantzitsua, gaur, Euskadin, EAJ bozkatzea, Hemen EAJ”.
Aitor Esteban Bizkaiko zerrendaburuak, bere aldetik, EAJ-PNVko ordezkarien “eskarmentua”, prestakuntza eta borondate ona ekarri ditu gogora “ torero, general eta ‘reality’ saioetako famatuen aurrean”. “Irrintzi bat botatzeko eta lau oihu egiteko ez da gehiegi behar , baina benetan zure programa aurrera atera nahi baduzu, aukerak baliatu nahi badituzu, eraginkor izan nahi baduzu eta aurrerapauso zehatzak eman nahi badituzu… horretarako bai, Madril ezagutu behar da, nola pentsatzen duten, Estatuko erakundeetan nola funtzionatzen duten”. Estebanek zentzu berean defendatu du Kongresuko euskal taldearen “estiloa”, “lan eta lan gehiago egitean” oinarrituta. Hautagai jeltzaleak, halaber, etorkizunera begira ezarri diren erronkak ekarri ditu gogora, besteak beste autogobernua eta Ekonomia Ituna defendatzea eta bultzatzea, eskubide eta askatasunetan emaniko aurrerapausoak, politika sozialak eta berdintasun politikak, pentsioak edo ekonomia. Estebanek adierazi bezala “Euskadiri begiratuaz, Euskadik mugiarazten gaituelako, baina politika egiteko dugun modu horretan, hau da, denon ongia bilatuaz. Uste dut hori erakutsi dugula azken legealdi honetan”.
“Euskadirentzat eragile politiko positibo izaten jarraitu nahi dugu”, gaineratu du Estebanek. “Ezberdin garela erakutsi nahi dugu. Erabakigarri izango gara Madrilen. Eta hurrengo legealdian politikaren norabidea aldatzeko eta estatu eredua aldatzeko aukera ematen bada, EAJk bertan izan behar du. Erronka bat da, baina baita aukera bat. Eta Euskadik ezin du aukera hori alferrik galdu”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10