Prentsa Aretoa

2019/04/15

"EAJk Madrilen ezer erabakitzen badu, eskuindarreko hiru horiek oposizioan jarraituko dute"

Ortuzarrek euskal hiritargoa deitu du apirilaren 28an EAJ-PNVren alde bozkatzera PP, Ciudadanos eta Vox “erabat geldiarazteko”, hauteskundeei begira dituzten helburuak lortzeko asteburu osoan Euskadi “kleenex” gisa erabili dutela ikusirik

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, mezu soil eta sendoa luzatu nahi izan dio gaur euskal hiritargo osoari. “Apirilaren 28az geroztik EAJk ezer erabakitzeko indarra badu, eskuindarreko hiru horiek orain arte bezala jarraituko dute, oposizioan”, baieztatu du jeltzaleen buruak gaur EAJ-PNVk Amorebieta-Etxanoko Herriko Plazan egin duen ekitaldi politikoan. “Modu bat dago Rivera, Casado eta Abascal, `derechonako´ horiek guztiak geldiarazteko: ezerezean gera daitezela. Euskadi baliatzen dute `kleenex´ bat izango bagina bezala: erabiltzen eta botatzen gaituzte. Baina euskal emakume eta gizonok zaplazteko ederra emango diegu apirilaren 28an. Herri honetan ez dira ezer eta are gutxiago izango dira hauteskundeetan, baina lortu behar duguna da Euskal Taldea Madrilen indartsua izatea, eraginkorra eta erabakigarria , hiru horiek hurrengo Gorte Nagusietan ere ezerezean gera daitezela”, baieztatu du Ortuzarrek. Aitor Estebanek eta Idoia Sagastizabalek, Diputatuen Kongresurako Bizkaiko lehen eta bigarrenak ere hitz egin dute gaur arratsaldeko mitinean. Bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri ditu “gardentasuna eta oroimen historikoari zor zaion errespetua”, “Madrilera euskal interesak defendatzera joateko arrazoi nagusiak” direla nabarmenduz .

Ortuzarrek gehien bat hitz egin du gaur “asteburuan Euskadira argazkia egitera etorri direnei buruz” , argi eta garbi utzi baitute “ez diegula bost axola”. “Horiek ez dira pintxo-potera etorri, gu zirikatzera etorri dira, haserrea eragitera, argazkian heroien antzera agertzeko. Gatazka bila etorri dira gatazka hori saltzen duelako Madrilgo prentsan. Ikusi besterik ez dago gaur hainbat egunkaritan atera dutena. “`Euskadiko indarkeriaren parke tematikora´ etorri dira. Horretara mugatu nahi gaituzte, iraganeko parke tematiko bihurtu nahi gaituzte. Bai doilorki erabiltzen dutela horrenbeste sufritu duen herria”, esan du haserre abertzaleen buruak eta era berean txarretsi ditu etxeko “ultrak” . “Txarrena da bertoko aktore sekundarioen laguntza jaso dutela, amarruan erori dira eta irudi tamalgarri eta bidegabea eskaini dute. Salatu nahi zuten hori egin dute: anti-demokrazia,hain zuzen”, esan du.

Ortuzarrek nabarmendu du EAJ-PNV osatzen duten emakume eta gizonentzat eta euskal gizartearen gehiengo handi batentzat “antifrankismoa da gure aurrekoek gure ADNan utzi ziguten ezaugarri nagusia. Horregatik, konbentzituta gaudelako eta gure gudariak errespetatzen ditugulako, EAJ izango da ultra-eskuindarrekoen kontra egiteko harresirik onena. EAJ bozkatzea da denboraren tunelean atzera egin arazi nahi diguten kontra bozkatzea, gure askatasunak murriztu nahi dituztenen kontra egitea”, baieztatu du. Eta amaitzeko ekarri du gogora EAJren alde ematen den botoaren “balio bikoitza”: “Balio du zentralismora itzultzea eragozteko eta `derechonakoak´ geldiarazteko. PSOE-Ciudadanos entente baten jakobinismoa neutralizatzeko ere balio du, zenbakiek aukera ematen badiete, tentaldian eroriko direlako”.

Aitor Estebanek, apirilaren 28ko hauteskundeetarako Bizkaiko zerrendaburuak baieztatu duenez “arrazoi asko ditugu Madrilera joateko euskal interesak defendatzera” eta horien artean aipatu ditu “gardentasuna eta oroimen historikoari zor zaion errespetua”. Bere hitzaldian Estebanek “sasiko erregimenetakoa” jo du Espainiako Gobernuak, EAJk aldaraztea proposatu zuen Sekretu Ofizialen lege frankistan oinarrituta agiri batzuk sekretutzat jotzea “Ministroen Batzordearen erabaki sekretua dela bide”. “Iluntasunik ilunena”, kritikatu du “eta praktika hori eraman dute PPko Gobernuek eta gobernu sozialistek”. Hautagai jeltzaleak erreklamatu du agiritegiak irekitzea eta historialariek lan egin ahal izatea. “Nahikoa da horrenbesteko kontakizun ofizialekin. Egin dadila argia eta bakoitzak bere ondorioak atera ditzala”, eskatu du. Ildo beretik, Estebanek Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea proposatu du “europar irizpide demokratiko eta modernoetan oinarritutako” legea onartzeko. Euskal Taldeak aurreko legealdian proposatu zuen baina ezin izan zuen onartu “PSOE dardarka hasi zelako”.”Zeren beldur dira?” galdetu du eta berretsi du EAJ-PNVk Madrilen egon behar duela “PSOE zentzu honetan mugiarazteko. Diktadorea omentzeko ekitaldiak debekatzeko, Oroimen Historikoaren Legea egokiro finantzatzeko eta gordeta dituzten Eusko Jaurlaritzaren agiriak eta gure burukideen agiriak behar bezala itzul diezazkiguten”.

Idoia Sagastizabalek, EAJ-PNVren zerrendako bigarrenak, PPk, Ciudadanosek edo Voxek Euskadiko interesen kontra egin dituzten adierazpenen aurreaan ohartarazi du , “baita beste alderdien aldetik entzun diren ` itsas- laminen kantuen´ kontra ere”. “Horientzat Euskadi ez da lehentasuna eta ez dituzte Euskadiren interesak mahai gainean jarriko”. Horregatik esan du “ezinbestekoa” dela Madrilen euskal talde indartsua egotea “esperientziadun pertsonek, prestatuek eta erakundeak ondo ezagutzen dituztenek osatua” eta politika egiten dakitenek “autogobernua eta forutasuna defendatzeko” eta “egonkortasuna ahalbidetzeko,hitz egiteko eta,aukerarik badago, adosteko esparruak sortzeko ere”. Hautagai jeltzaleak nabarmendu duenez “politikaren helburua da ezberdinen arteko akordioetara iristea, erronkak oso ugariak direlako”. Azkenik eta “inkestak inkesta baino ez direlako” apirilaren 28an parte hartzera deitu ondoren, Sagastizabalek azpimarratu du EAJ-PNV dela “ Euskadiren interesak eta euskal agenda defendatzeko aukera bakarra”.

Gure Legebiltzar Taldea